«Denda txiki bat jartzekotan gara»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 3a, 12:18

Baliarraingo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko partaidetzarako diru laguntza bati esker kontratatu ahal izan du herritarra den Alazne Garmendia Aurkia (Baliarrain, 1998). Bost hilabetez ariko da herrira begira lanean, eta pare bat hilabete daramatza. Baliarrain moduko herri txiki batentzat Garmendia moduko langilea izatea laguntza handia da.

Partaidetzako teknikari lanetan ari zara. Zer moduz?

Ondo. Nolabait esateko orain artean 22 urteak ikasten pasa ditut eta aurten izan dut lehen aldiz lan mundua ezagutzeko aukera. Baliarrainen bertan izatearekin ere oso gustura nago. Udal langileak eta ordezkariak ezagunak ditut, eta oso gustura. Animatuta eta gauza berriak ikasten.

Nola jaso zenuen herrian lanean hasteko proposamena?

Deialdi bat ireki zuten. Nik justu masterra egin nahi nuen eta ingeleseko titulurik ez neukalako, urtea beste era batera antolatzen ari nintzen. Udaletxetik partaidetzarako langilearen deialdia egitea suertatu zitzaidan, eta izena eman nuen. Ematen duenez beste inor ez zen apuntatu, eta zorteduna izan naiz. Bost hilabetez hementxe ariko naiz lanean.

Egin dituzun ikasketekin badu zerikusirik.

Ez dute lotura handirik. Bioteknologia gradua ikasi nuen Bilbon. Irakaskuntzarako masterra egiteko asmoa dut, baina hurrengo urtera begira izango da. Momentuz ingelesa ikasten ari naiz titulua lortzeko, eta ikasleei laguntza klaseak ematen, eta bitartean udaletxean ere lanean. Beste mota bateko lana da, baina gauza berriak probatzea ondo etortzen dela, eta bide berriak irekitzen badaezpada ere.

Zertan ari zara edo zer da egin behar duzuna udaletxean?

Gai ezberdinen inguruan ari gara. Hondakinak, garraio publikoa, herri ibilbide batzuk antolatzen, jendea elkarrizketatzen kartel ezberdinak jartzeko… Zeregin ezberdinekin ari naiz. Dendaren proiektu bat ere martxan jarri nahian gabiltza, eta harrera plana ere bai, herrira etortzen diren bizilagun berriei harrera egokia egin ahal izateko.

Udal taldearekin harreman zuzena izango duzu, noski.

Bai. Beraiek esan didate zein gai landu. Nire proposamenak lantzen ditut, eta tarteka elkartu egiten gara. Guztion artean hitz egin eta gai horien inguruan eztabaidatzen dugu. Pixkanaka aurrera eramaten ari gara lanak.

Nola bultzatzen duzue herritarren parte hartzea?

Oraindik ez ditugu kontu asko martxan jarri, baina asmoa bada Herrigintzako whatsApp taldean ere herritarrei gauzak jakinarazten joatekoa. Beste gai batzuen inguruan lanketa egiteko, esaterako, etxez etxe joan naiz. Denda martxan jarri behar dugun horrekin ere jende askorekin jarri beharko naiz harremanetan,…

Zer lortu nahi duzue?

Hondakinen kasuan Baliarrainen nahiko kezkatuta gaude. Herrian bizi garen kopuru gutxirako ikusten dugu errefusa behar baino gehiago sortzen dugula. Herritar guztiek ez dituzte hondakinak behar bezala birziklatzen edota badaude etxeak oraindik konpostagailurik ez dutenak. Horri bukaera bat eman nahi zaio, eta sentsibilizazio bideo bat prestatzen ari naiz, hondakinen kudeaketaren oinarria modu erakargarrian gogorarazteko. Etxean konposta egitera animatu nahi ditugu, eta esan udala laguntzeko eta aholkularitza lana egiteko prest dagoela.

Garraioa aipatu duzu.

Baliarrainen taxi-bus zerbitzua dugu, eta hemen denok kotxearekin ibiltzen gara gora eta behera. Garraio publikoa erabiltzera bultzatu nahi ditugu herritarrak. Autobus linea dugu, baina eskaripekoa da, eta eskaerarik egiten ez baduzu ez dago zerbitzurik. Herritarrei funtzionamendua nola den esplikatu nahi diegu, eta kartel batzuk ere prestatu ditugu ordutegiak ondo zehaztuta.

Herri ibilbideak proposatu dituzu.

Herrian barrena egiteko lau bat ibilbide dira, eta herria beheko eta goiko zatiarekin lotzeko; Ibiur eta San Juan Iturrirekin. Herritarrei aukera ezberdinak eskaintzeko, eta era berean, herriko turismoa bultzatzeko. Kanpotik etortzen direnei ere aukerak eskaintzeko.

Dendarekin zein asmo duzue?

Denda txiki bat jartzeko asmotan gabiltza. Bertako produktuak bultzatzeko asmoz, eta herriko eta inguruetako baserritarrek diru iturri zuzen bat eduki dezaten. Udaletxe azpian gela bat egokitzen ari gara, eta behin produktuekin osatu ostean herritarrek zein erantzun ematen duten ikusten joango gara. Hau da, zertarako dauden prest eta zer nahiko luketen, eta gutxi batzuetatik hasi eta ea handitzen joaten garen. Parte hartze prozesua praktikan jarriko dugu, gelako paretan bertan galderak egongo dira idatzita jendeak bere iritzia eman dezan.

Besterik baduzu esku artean?

San Juan Iturria txoko berezia da eta kuttuna dugu. Aurten bizi dugun pandemia garaia dela eta, inoiz baino jende gehiago ibili da San Juan aldean eta tarteka tokatu zaigu narraskeriak ikustea. Zabor poltsak lurrean edo hondakinak gaika gaizki sailkatuta. Beraz, horra begira ere hondakinei begira karteltxoren bat jartzea pentsatzen ari gara. Eta bertan garbitokia ere badugu, eta ematen duenez umeek jolasteko txoko gustukoa dute eta bertara harri eta makil asko botatzen dituzte. Inguruko baserrietakoak elkarrizketatu ditut informazioa jasotzeko, eta garbitoki hori zer den eta nola erabiltzen zuten azaltzeko panel bat jarriko dugu.

Baliarraindarrak parte hartzaileak dira?

Herri guztietan bezala denetarik dago. Ea zer erantzun jasotzen dugun. Iruditzen zait jendea animatuko dela, eta ea zerbait polita lortzen dugun. Modu ezberdinetara lortuko dugu herritarren parte hartzea. Esaterako, martxoaren 8ra begira ideia ezberdinak ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!