Naturarekin askatasunean

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko abe. 7a, 08:58

Baliarraingo Haurreskolako haurrek aire garbia arnasten dute. Gaur egun sei haur daude, eta izugarrizko jolastokia izateaz gain, egunero herritik barrena egiten dute itzulia animaliak ikusiz.

Xuhar, Intza, Oihan, Danel, Xuban eta Peruk elkarrekin jolasten dute. Adin ezberdinetako baliarraindarrak dira. 0-3 urte artean herrian dute haur eskola zerbitzua. Mirari Amundarain eta Idoia Dorronsoro dira hezitzaileak. Landa eremuan bizi dira, eta landa eremuko haur eskolek bi berezitasun behintzat badituzte: alde batetik, haur gutxiagorekin egiten dute lana, eta bestetik, naturarekin kontaktu zuzena dute.

Baliarrain oso herri egokitzat dute, beste herri txiki batzuekin alderatuta: «Agian herri txiki batean eta landa eremuan zaude, baina ez dauzkazu hemen bezain gertu animalia ezberdinak», adierazi du Dorronsorok. Egunero bisita egiteko gertu dituzte txerriak, ahuntzak, txakurrak, katuak, oiloak, astoak...

Haur eskola bere horretan ez da handia, baina izugarrizko jolaslekua du. «Kanpo eta barru, guztia da haur eskola». Ateak zabalik izaten dituzte, eta eguraldi onarekin, jolas lekua eta belardia esku-eskura dituzte, eta euria eginez gero baita aterpea ere. «Ez da haur eskolan gaude, eta orain kanpora goaz» dio Amundarainek. Sartu-irtenean ibiltzen dira haurrak, «irten eta segituan atari handi-handi bat dugu, eta jolaslekua ere haur eskola da», azaltzen du.

Hiri edo herri handiekin aldea badute: «Ez du zerikusirik. Hemen gurasoekin egunero gaude. Herri txikietan, normalean, gurasoak etortzen dira haurra ekartzera eta jasotzera, eta hirietan gehienean ez da horrela izaten». Gurasoak asko inplikatzen direla diote, eta luxu bat dela haur eskola txiki batean lan egitea: «Lana gustura eta ondo egin dezakezu. Kaka egin badu segituan aldatzen diozu, eta konfliktoren bat badago ere gainean zaude».

Haur kopuruak lan kargan ere eragiten du, eta sei haur soilik izateak lana pertsonalizatuago egitea ahalbidetzen die, eta gurasoekin hitz egiteko ere denbora gehiago dute. «Askoz errazago eramaten da, eta orain, esaterako, COVID-19a dela-eta, 10 minutuko aldearekin hartzen ditugu haurrak eta bakoitzari behar duen arreta eskaintzeko aukera dugu». Amundarainek nabarmentzen du: «Harremana oso estua da gurasoekin. Egunerokoa da eta oso pertsonalizatua da».

Sei ume eta bi hezitzaile daude. Aldi berean, umeen interesak oso ezberdinak direla adierazi du Dorronsorok: «Oso leku gutxitan ematen da 0 eta 3 arteko haurrak egotea. Normalean bi urte arte daude. Umeen interesak oso-oso ezberdinak izatea ematen da: «Espazio berdinean sei hilabete dituen haur txiki bat, eta ia hiru urte betetzear dagoen bat eduki ditzakezu». Horrek lan gehiago sortzen die, denbora, espazioa eta materiala antolatzen: «Gehiago pentsatu behar duzu zein material atera. Gauza bat bai, edo bestea ez, zeren arriskutsua izan daiteke... materialaren antolamendua landuagoa izatea eskatzen du, gero haurrekin ondo egoteko. Hori zaindu beharrekoa da», argitzen du Dorronsorok.

Ez da, ordea, gaur egungo kasua. Guztiak dabiltza oinez.

Haur bakoitzaren erritmoak errespetatuz

Emmi Piklerren pedagogia jarraitzen dute. Haurrarekiko errespetuan dute oinarria, eta umeen iniziatibak errespetatzen dituzte, «beren jarduera librea da, eta bakoitzaren erritmoak errespetatzen ditugu», argitzen dute. Bazkal ordua ere ez dute arautua, haurrari galdetu eta gogoa dutenean bazkaltzen dute. «Normalean binaka», diote. Bi helduenek, jatekoa konpartitzen dute. «Aste batean batek ekartzen du jatekoa, eta hurrengo astean besteak». Honela, zapore eta janari ezberdinak probatzen dituzte.

«COVID-19a dela-eta, orain ez gara joaten, baina ostiralero-ostiralero Gorostarzu baserriraino joateko ohitura dugu», kontatzen du Amundarainek, «Hezkuntza proiektuan sartuta dugu, eta baserri batera joaten gara, eta ukuiluan behiak-eta ikusten ditugu eta baserrira sartzen gara. Bertako amonak egiten digu harrera, eta gailetak edo txokolatea ematen dizkigu, eta oso-oso polita izaten da». «Hau guztia bukatzean bueltatuko gara», baieztatzen du Amundarainek.

Nahiz eta izugarrizko jolaslekua izan, herrian barrena ateratzea denei ondo etortzen zaiela aitortu du Amundarainek. Kantatu egiten dute, karakolak bildu, eta txikienek deskantsatu ere egiten dute. Lasai-lasai ematen diote herriari itzulia, eta «ia herri osoa guretzako daukagu», esanez amaitzen du Mirari Amundarainek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!