«Antropologia eta fikzioa uztartzen dituen ipuina da»

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko aza. 5a, 19:59

Haurrei zuzendutako 'Gau beltza' ipuina argitaratu du Ozaita antropologoak Txalaparta argitaletxearekin; gau beltzaren eta hemengo ohituren inguruko informazioa haurrei gerturatu nahi die.

Josu Ozaita Azpiroz (Ibarra, 1980) antropologoa da, eta gustuko du antropologian egindako ikerketa lan horiek baliatuz, liburuak idatzi eta egindako lan horiek zabaltzea. Oraingoan, ordea, haurrei begira jarri da, eta Gau beltza ipuina idatzi du. Iaz idatzi bazuen ere, orain ikusi du argia, eta Txalaparta argitaletxearekin argitaratu du.

Haurrei begirako 'Gau beltza' ipuina idatzi duzu. Nolatan?

Duela bi urte Jaime Altuna eta biok ikerketa bat egin genuen Itzalitako kalabazen berpiztea, gau beltzaren eta halloweenen inguruan. Ikerketa horretan haur eta gaztetxoek parte hartu zuten, eta nolabait beraiei itzuli nahi nien ikerketa. Horretarako interesgarria iruditzen zitzaidan fikzioa eta literatura erabiltzea.

Ikerketa horretan jasotakoa da orain haurrei erakutsi nahi diezuna?

Ikerketa da oinarria, baina erregistroa guztiz ezberdina da. Fikzioa eta antropologia uztartzen dira, baina ipuin bat da. Beste formatu batean, bilketa lan hori eta jendearen iritziak ipuin honetara ekartzen saiatu naiz.

Zer lortu nahiko zenuke ipuinarekin?

Batetik ikerketako informazioa transmititzea litzateke. Gero, gau beltzaren eta hemengo ohituren inguruko informazioa haurrei gerturatu nahiko nieke. Azken finean, beraiek telebistaren eta beste iturri batzuen bidez kanpoko ohiturak, hau da, halloween jasotzen dute. Euskarri hauen bitartez, bestelako festak transmititu nahiko nituzke.

Eta zer da kontatzen duzuna?

Anari da protagonista, eta halloween festa bat antolatu nahi du. Gurasoek ez diote uzten atzerriko festa bat delako eta kontsumismorako balioak dituelako. Orduan haserretu egiten da. Egun batzuetarako aitona etxera joaten da, eta aitona kontatzen hasten zaio haurra zenean nola ibiltzen zen kalabazekin. Baratzetik kalabaza edo kuiak hartu, hustu, aurpegi itxura eman eta kandelekin jartzen zituztela bide ertzetan jendea beldurtzeko. Orduan Anari oso pozik jartzen da, eta gehiago ikertzen hasten da. Lagunekin eta herriko beste gazte batzuekin gau beltza antolatzen dute beraien herrian. Kalabazen kontakizuna lantzen da, baina zeharka bada ere, beste gai batzuk jorratzen dira. Heriotza, harremanak, gurasotasuna... horien inguruko hausnarketak daude.

Esaterako?

Aitonaren gaur egungo rola. Agian seme-alabekin zaintzan ez zuten hainbeste parte hartu, baina orain bilobekin beste mundu bat ari dira deskubritzen. Gurasoen ardurak, haurren ekintzarako gaitasun eta irudimena... beraz, gau beltzaren inguruko oinarri ezberdinak biltzen ditu.

Erraza egin zaizu haurrei begirako ipuina idaztea?

Saiatu naiz beraien paperean jartzen. Herriko haurren hizkerara gerturatu, eta erabiltzen dituzten hitzen eta beraien erregistroetara hurbiltzen ahalegindu naiz. Beraien lekuan jartzen saiatu naiz, beraiek gustura irakurriko luketen liburu bat edo istorio bat kontatzeko.

Nori zuzendutako liburua da?

Nik uste dut zortzi, bederatzi, hamar eta haimaka urte inguruko haurrentzako dela gehienbat. Antza guraso asko ari dira irakurtzen, eta gustura ari direla irakurtzen esan didate.

Nolako esperientzia izan da zuretzat liburu hau idaztearena?

Oso polita egia esan. Askotan antropologian unibertsitate inguruko hizkuntz akademikoan aritzen gara artikuluetan-eta, beste era bateko idazketa da. Ni asko erakartzen nau gizarteari gure lana beste modu batean zabaltzeak. Eta haur literatura horretarako ere erakargarria edo aproposa da.

Ilustrazioak Joseba Larratxearenak dira. Nolakoa izan da elkarlana?

Txalapartak argitaratu du, eta orduan Txalaparta bera izan da hori bideratu duena eta bitartekari lanak egin dituena. Niri azkeneko emaitza erakutsi zidaten, eta oso polita da. Oso gustura nago. Kontakizunak asko irabazten du ilustrazio horiekin.

Txalaparta aipatu duzu. Nola lortu duzu beraiek zure ipuina argitaratzea?

Argitaletxe ezberdinetara bidali nuen ipuina, eta batzuetatik kalabazak jaso nituen. Txalapartari aldiz gustatu egin zitzaion ideia, eta beraiek animatu dira argitaratzera.

Irakurri duenik gerturatu zaizu dagoeneko?

Guraso batzuk gerturatu zaizkit esanez irakurtzen ari direla, eta egunero irakurtzen dutela pixka bat eta... Egia esan gustura nago jendea irakurtzen ari delako. Jendeak irakurtzen duela jakitea polita da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!