Herritarren beharrak identifikatu dituzte Baliarrainen

Eneritz Maiz Etxarri 2020ko eka. 2a, 19:30

Legegintzaldi hasieran esan zuten moduan, Josu Ozaita zinegotzi izatera pasa da, eta Jaione Olanok hartu du alkate kargua.

Urtebete pasa da udal hauteskundeak izan zirenetik, eta Baliarraingo zerrendako kideek asmo berriekin hartu zuten ardura. Bost pertsonako zerrenda, eta bostak pasako dira alkate kargutik, eta baita zinegotzi izatetik ere. Josu Ozaitak bete du bere jarduna alkate moduan, eta orain, Jaione Olanok hartu dio erreleboa. «Egia esan, balorazio ona egiten dugu, urte polita izan da. Hasieran, kanpoko bileren olatua izan genuen, eta ez zigun uzten gure dinamika sortzen», adierazi dute taldetik. Baina, «azken hilabeteetan lasaitu da, eta herrian zentratzeko aukera izan dugu».

Taldea direla azpimarratu dute, eta lau urterako konpromisoa hartua dutela. Hala ere, «alkateak pisu handiagoa hartzen du, bai administratiboki eta baita sinbolikoki ere». «Hamar hilabete erraz egiten dira ordea, eta hartzen duenak ilusioarekin hartzen du; bere onena emateko», dio Ozaitak.

Hasieratik Jaione Olanok bazekien ardura hartzea egokituko zitzaiola, eta urtebete honetan egin duten moduan taldean lan eginez gero, «erraz» pasatuko duelakoan dago.

Udalean sartzeko konpromisoaz gain, hauteskundeetara aurkeztean herri programa herritarrekin egingo zutela argi utzi zuten. Lehen urteko lan garrantzitsuena horixe izan dute Baliarrainen: parte hartze prozesua eta herri batzarra.

IDEIAK BILTZEA

Udalean sartu eta sei hilabetera herri batzarra egin zuten herritarrekin, hilabete horietan egindako lanaren berri izan zezaten: «Horri garrantzia ematen diogu, herritarrekin bidea egiteari. Gainera, egindakoa ikusarazteko aukera ematen du». Lehen harremana izan zuten, eta «oso gustura» geratu ziren erantzunarekin.

Herri batzarraz gain, parte hartze prozesu bat ere egin zuten hiru hilabetez herritarrekin: «Parte hartze hau norabide horretan burutu dugu, Egia aholkularitzak dinamizatuta. Ideia mordoa bildu ditugu, eta gehiengoak bat egiten duten puntuak identifikatu».

Denetariko gaiak jaso dituzte. Azpimarragarrienetan, San Juanetik Altzagaraterako bidea txukuntzea zulo handiak eta lokatz asko dago; aterpetxea berritzea; nekazaritza eta abeltzaintza bultzatzea; energia alternatiboak sortzea; zero zabor bilakatzea; eta gazteentzako etxebizitza aukeretan pentsatzen hastea leudeke. «Behar handikoak eta lan potoloak dira, baina pixkana, gelditu gabe, jorratu beharreko gaiak», diote udaletik.

GAZTEEK HERRIAN BIZI NAHI DUTE

Parte hartzetik eta batzarretik jasotako datuekin, Baliarraingo Udalak datozen urteetarako bide orria gauzatu du. «Gazteek bertan bizi nahi badute, irtenbideak ematea eta aukerak eskuragarri jartzea», izango dute lanetako bat. Bestetik, «beharrezkoa» ikusten dute energiaren gaia lantzea». «Horrez gain, gure nahia, herritarrekin konpartituz, etorkizuneko Baliarrain irudikatu eta horren barruan pausoak ematea dago». Horretan pasa dutela azken urtea nabarmendu dute. «Parte hartze prozesuarekin eta gure arteko bilera askorekin, herri programa edo plan bat garatu dugu, datozen urteetarako lan mapa izango dena». Hogeita zortzi orriko txostena osatu dute, eta ondorengo egunetan banatuko diete herritar guztiei. Iruzkinak edo iritziak jasotzeko irekita egongo da.

KULTURA, EZINBESTEKOTZAT

Kulturari garrantzi berezia eman diote, «herri bizia izaten laguntzen du, harremanak saretzen dira, eta hausnarketarako bidea da». Udazken kulturala oso aberasgarria izan zela ekarri dute gogora, eta urtean zehar ere dinamika horri eustea pentsatua zuten. Txikia bai, baina eskasa ez lelopean, udaberri eta udarako programazio «polita» zuten herrian osatuta, baina guztia bertan behera geratu zaie. «Udan, Gure Zirkua zetorren edo dator. Honek ilusio berezia sortu zuen herrian, eta ez dakigu zer gertatuko den», diote.

Kontrara, ekimen berriak sortu dituzte. «Bertso saio herrikoia egin genuen, eta 53 herritar bertsotan jarri, mugikorraren bitartez». Bestalde, Egunean behin lehiaketa herrikoia egiten ari dira, 34 parte hartzailerekin, eta leihotik bi erromeria izan dituzte Amets eta Josu trikitilariekin. 

AZTERGAI, BERTAKO PRODUKTUAK EROSTEKO AUKERA

Koronabirusa dela eta, Baliarrainen inguruko baserritar eta produktoreekin jarri ziren harremanetan. Batetik, herritarrei etxerainoko zerbitzua eman eta Covid-19 kutsadura arriskuak murrizteko, eta bestetik, baserritarrei laguntzeko, euren produktuak saltzeko bide berriak eskainiz. Erantzun oso ona izan du ekimenak, eta bi aldeetatik jaso dituztela «eskerrak», esan dute udaletik.

«Polita litzateke herrian lokal bat izatea, astean bi ordu edo, irekitzeko; herritarrei herriko, eskualdeko eta Euskal Herriko produktuak eskuragarri jartzeko», gaineratu dute.

«Hori da bidea; produktuen kalitateagatik, baserriak duintasunez bizitzeko, paisaia zaintzeko, zaborra murrizteko… azken finean, jasangarriena da», diote udaletik. Baina, era berean, ez dela erraza aitortu dute: «Herritik sortu behar du, eta herritarra izan proiektuak ondo funtzionatu dezan. Aukerak badaude, formula egokia bilatzean dago gakoa». Ahalegin guztia egingo dutela diote, beti ere, « herritarrek horren beharra ikusten badute eta proiektuan sinesten badute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!