Baliarraingo historiaren lanketa egiten ari zara. Nolatan?
Txiripaz. Albizturri buruzko liburua egin ostean, Bidaniara iritsi nintzen. Han, bada Iriarte jauregia, eta bertakoekin etxeari buruz hizketan, eskritura oso zahar bat, XVI. mendekoa, nola aurkitua nuen esan nien. Baliarraingo Martin Lopetedi nola ezkontzen zen bertako alabarekin aipatzen zuen.
Hor agertu zitzaizun, beraz, Baliarrain?
Ez, Baliarraingo Lopetedi baserriko Ziriako Arandia ezagutzen nuen, eta berarekin egin nuen topo egun batean. Baserriko idatzi oso polita nuela esan nion, eta erakutsi ostean, ea zerbait gehiago topatzeko modurik izango ote nuen galdetu zidan. Gauza asko topatu nizkion eta harrituta geratu zen, udaletxeko artxiboa erre egin zela uste baitzuen. Bai, XIX. mendean erre omen zen, eta ez dago ezer atzeragokorik, baina beste artxiboetan ere bilatu daitezke kopiak. Eta hori esatera udaletxera joan ginen. Alkate eta zinegotziekin egon ostean, bertan proposatu zidaten herriari buruzko liburu bat egitea; Lopetedi baserriarekin egiten ari nintzena herri osora zabaltzea, alegia. Etxearen izena, abizen askoren jatorria da, eta abizen askorekin gertatzen da. Berak bereziki bere etxekoa landu nahi du, baina egokia ikusi zuen lehenik eta behin herrikoa egitea. Beraz, Baliarrainek aukeratu nauela esan daiteke.
Zer lortu edo jaso nahi duzu azterketa honekin?
Etxe bakoitzaren gutxieneko informazioa jasoko da. Bertako familiak nortzuk izan diren, etxearen historia eta norbaitek egin nahi badu familiaren edo eraikuntzaren historia, honek abiapuntu edo errekurtso batzuk eskainiko dizkio.
Data bat jarri diozu herriari.
Bai, Albizturri bezala. Baliarrain 1568 da printzipioz liburuaren izenburua.
Zergatik?
Abiapuntua nire ustez herria ahalik eta ondoen deskribatzen duen idatzirik zaharrenarena izan behar du, eta aurkitu dudana ordukoa da. 1471ko beste batera eramaten nau. Eskritura da, baina paperez, ez da papera. Pergaminoa da. Liburuak eduki dezakeen ezberdintasun bakarra, udal artxiboa erre egin zenez, artxiboari tarte bat eskaini behar diola da. Artxiboan zer zegoen, zer erre zen,...
Ez da lan erraza izango hori.
Ez da lan erraza, baina estrategiak daude, eta horiek erre arte temosoa izan behar duzu. Bestela ez dago ezer.
Noizko aurreikusten duzu bukatzea lan hau?
Gauza bat da liburu baterako materiala osatzea, eta hori oso erraza da. Baina beste gauza bat da zerbait mamitsua edo interesgarria egitea. Printzipioz urtebeteko epea jarri genuen hitzaldia eman zen egunetik hasita, nik udaletxean idatziz aurkezteko. Urrirako izango zen, baina koronabirusaren aurreko historian gaude eta luzatu beharko da.
Hitzaldia eman zenuen hasteko. Zein harrera izan zuen herritarren aldetik?
Oso polita izan zen aurkezpena Lopetedi baserrian izan zelako. Areto oso polita du, eta harrera oso ona izan zuen. Bi helburu zituen liburuaren aurkezpena egitea edo egitasmoaren berri ematea, eta aldi berean jendea ezagutzea. Jendeak ni ezagutzea eta nik jendea ezagutzea. Honelako liburu bat ezin da egin jendearekin hitz egin gabe.
Zure lanaren parte da etxez etxe ibiltzea.
Dudarik gabe, bai noski. Etnografia puntu bat eduki behar du. Azalpena inportantea izan zen, baina geroko Zartagi jatetxeko mokadua garrantzitsuagoa izan zen. Bertan jendea ezagutzen hasi nintzen. Bakoitza nor zen eta zein etxetakoa zen. Batzuk aldez aurretik ezagutzen nituen, baina telefono batzuk hartu, eta jendearekin egunak zehazteko plana egiten hasi nintzen.
Bost mende atzera egitea lortu duzu.
Izugarrizko dokumentazioa daukagu gure artxiboetan. Denok gaude txundituta eskaintzen digutenarekin. Bai Tolosakoan, bai Oñatikoan eta baita udal artxiboetan ere.
Gehienontzat ezezagunak dira, ezta?
Guztiz ezezagunak esango nuke. Oso modan dago familiako arbola egitea, baina hamarretik bederatzik ez daki Donostiako seminarioan karpeta urdin bat duela herri bakoitzak. Bertan dago herri bakoitzaren katalogoa. Esaterako, demagun, 1880an jaio zen birramonaren historia jakin nahi duzula. Agian, bertan, herriaren deskribapen oso bat eduki dezakezu matrikula parrokiala dagoelako. Elizak egokitzapen ekonomiko bat egin behar zuenean herria nolakoa zen deskribatu behar izaten zuen zenbat sos jasoko zuen kalkulatzeko, eta diruaren arabera, hainbeste apaiz. Beraz, deskribapen osoa azaltzen zaizu etxez etxe, familiak...
Baliarrainek duena topatu duzu.
Baliarraingo kasuan, lehen mailan jokatu beharrean bigarrenean jokatzen dugu, lehen liburuak falta direlako. Historia normalean Trentorekin batera hasten da, 1550 urte inguruan. Hortik aurrera hasten dira elizako liburuak: ezkontzak, jaiotzak... Baliarrainen kasuan, beste herri askotan bezala, lehenengo liburuak falta dira. Hori kolpe handia familiak osatze aldera, gutxi gorabehera bi belaunaldi falta zaizkigulako. 1640-1660an hasten dira, eta esaterako, Albizturrekin konparatuz bi belaunaldi galtzen ditut. Aurkitu dudanari dagokionez, zortzi amona atzera egiteraino jo dut. Horrekin, etxeko familia katea atera dezakezu, hau da, ezkontza paperak edota testamentuak. Hor gauza interesgarriak topa daitezke gure herria nolakoa izan den ulertzeko.
«1568ko eskrituran garbi azaltzen da Baliarraingo errota zergatik zegoen Orendainen»
Nolako Baliarrain zen?
Osoa, 1568rako Baliarrain osoa zen. Zergatik sortzen duten Erbeta errotaren eskritura? Errotaren premia zuen herriak. Eta hor dagoeneko 22 etxe agertzen dira. 22-30 artean ibili da. Honelako lan bat egiteko oso garrantzitsua da abiapuntua izango den eskritura hori izatea; herritar gehien biltzen dituen eskritura izatea. Erbeta errotarenak 1471n eginiko eskritura zaharrari egiten dio erreferentzia, eta jada bazeuden hainbat etxe.Hau beharrezkoa da gaur arteko bidea egiteko.
Baliarraingo errota Orendainen zegoen.
Bai, eta estimatu dute azalpena. Zergatik zegoen Orendainen? Beraientzat beti izan da Baliarraingo errota. Eskritura hauek garbi azaltzen dute zergatia. Orduko jabeak hitzez hitz garbi esaten du Baliarraingo errota Baliarrainen dagoela. Erreka bat dago, eta errekaren eskuin aldera dago, Baliarraingo lur sailean. Baina, ondoren esaten du, ur jauziari altuera gehiago eman nahi diotela, eta obra egiten dute berea zuen lur sailean, baina, kasu honetan, Orendaingo lurretan egiten dute. Errota mugan dago, eta bi herrietan zituen lur sailak. XVI. mendean bertan, errotak hobeto lan egin zezan, altuera gehiago eman zioten, eta une horretan pasatzen da herri batetik bestera. Azalpen hori topatu izana estimatu egin didate herritarrek.
Eskritura zaharrek, beraz, badute garrantzia.
Bai. Maiz, ganbaretan edo kutxa zaharretan egoten dira gordeta. Jendeak ez ditu aintzakotzat hartzen, eta askotan puskatuta daudelako bota egiten dituzte. Hitzaldira, nahita, hautsitako eskritura zahar batzuk eraman nituen, nahiz eta puskatuta egon, beraien kopia aurkitu dezakedalako; egon daiteke Tolosan edo Oñatin. Hori azaldu egin nuen, eta ondoren, gertatu da. Oso garrantzitua den etxe bateko eskritura, 1840 ingurukoa, hautsita zegoen eta zati handi bat falta zen, eta aurkitu egin dut. Hori oso sentsazio ona da ikertzaile batentzat.
Nola hartu zaituzte baliarraindarrek?
Oso ondo. Oso atsegina da bertakoekin hitz egitea, galdetzea, jakin nahiak konpartitzea,...
Jakin nahiak badituzte?
Etxe guztietan dauzkazu jakin nahiak. Lehenengo hizketaldian elkar ezagutu behar da, eta behin konfiantza hartzean, denok izaten ditugu galderak.
Informazio baliagarria eskuratu duzu?
Etxe bakoitzaren argazki bat joan behar du, eta bertako familia garrantzitsuenak nortzuk izan diren azaldu. Alde horretatik jaso dut. Beste kontu bat da, monografikoak ere landuko ditudala etxeak ematen didan aukeraren arabera. Lopetedi aipatu dut aldez aurretik, Lopetedi edo Lopetegi. Baliarrainen dago erantzuna: Lopetedi. Momentu jakin batean apaizak aldatu egin zuen. Hor dena nahasten da eta dantza bat hasten da.
Zer gehiago?
Jendea harritu egiten da esaten dudanean baserria edo etxea enpresa zela. Nekazari edo abeltzainak dira, eta hortik bizi dira. Beraz, esaterako, semea ezkontzean izugarrizko kontratua egiten da. Norekin bazkalduko duzun, nola tratatuko zaituzten... eta maiz jasotzen da seme-alabarik ez badago zer egingo den. Altzari zahar batzuk ere aurkitu ditut, eta 100 urte baino gehiagokoak izan daitezke eta politena eskrituretan aipatua izatea izaten da.
Emakumeek bazuten indarrik?
Emakumeak baziren maiorazko, Lopetedi baserria kasu. Zergatik ezkutatu diguten errealitate hori? Luze joko luke. Artxiboan begiratzean ikusten da, amona izanda, alabari ere uzten ziotela etxea. Eta ez Lopetedi bakarrik, beste etxe batzuetan ere gertatzen da. Artxiboan dabilen edonor ohituta dago hori topatzera. Orain, hori kendu egin digute burutik. Nire amonak, beti esan izan zuen, maiorazkoa beti gizonezkoa eta zaharrena zela. Beti bezala, eta hori ez da egia. 1840 baino lehenago, hori ez zen horrela izan, baina gure aurrekoek horrela sinetsi dute edo horrela sinestarazi diete.