Txikia bai, baina eskasa ez dela argi dute, Baliarrainen

Tolosaldeko Ataria 2020ko mar. 4a, 11:58

Uda bitarteko kultur eskaintza prestatu dute, eta amaitzeko Gure Zirkuaren bisita jasoko dute.

Badakite herri txikia direla baliarraindarrek, baina «harro» daude. Uda bitarteko kultur eskaintza prestatu dute Txikia bai, baina exkaxa ez lelopean.

Tere Irastorzaren poemekin eman zioten hasiera pasa den astean, eta hurrengo hitzordua emakumeek izango dute, igandean. Hileko azken ostiralean, bertso afaria egingo dute Zartagi jatetxean, Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariekin. Afarirako txartelak Zartagin bertan erosi daitezke. Apirilaren 24an, berriz, Jose Migel Barandiaranen bizitzaren inguruko hitzaldia izango da.

TXEKOR JATEA, ALDATUTA

Egunez aldatu dute Baliarrainen klasikoa den txekor jatea. Apirilaren 26an izango da aurten. Aurretik, antzerkia ikusteko aukera izango dute. Horrez gain, Sexijentziak antzerkia, San Isidro eguneko bazkaria edota San Joan sua egingo dituzte.

Bi bisita jasoko dituzte, Nomad Studio eta Gure Zirkuarenak: erretratuak ateratzeko aukera eskainiko diete herritarrei, eta zirkuaren magiak hartuko du herria hamabi egunez.

'TXIKIA BAI, BAINA EXKAXA EZ' EGITARAUA

Martxoak 8, igandea

14:00.Herriko emakumeen bazkaria Zartagi jatetxean.

Martxoak 27, ostirala

Oihana Iguaran eta Andoni Egaña bertsolariekin afaria, Zartagi jatetxean (txartelak Zartagin).

Apirilak 24, ostirala

19:00.Jose Migel Barandiaranen bizitzaren inguruko hitzaldia, eta baita, Baliarrain herriarekin izan zuen harremanaren inguruan, Jon Aizpurua ataundarrari esker. Balioanitz gelan.

Apirilak 26, igandea

12:00.Antzerkia Jentilbaratz elkartearen eskutik. Belaunaldiz belaunaldi aiton-amonek sutondoan kontatzen zituzten ipuinak.

14:00. Txekor jatea.

Maiatzak 15, ostirala

19:00.Pituxa artistarekin Sexijentziakantzezlana herritar guztientzat, Balioanitz gelan.

Maiatzak 16, larunbata

14:00.San Isidroko bazkaria, Zartagi jatetxean (sarrerak Zartagin).

Ekainak 6-8

Nomad Studio. Bisitariak izango dira herrian erretratuak ateratzeko (doan). Argazkiak herriko artxiboan jasoko dira.

Ekainak 23, asteartea

San Joan sua. Urtero bezala, festa komisioak antolatuta.

Uztailak 22 - abuztuak 2

Gure Zirkuak denboraldi berriko egonaldia egingo du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!