"Zure kantak jakitea da musikari batentzat ohorerik handiena"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko aza. 7a, 19:58

Baliarraingo Lopetedi baserrian Mikel Gorosabel bakarlariak kontzertu akustikoa eskainiko du; sarrerak salgai daude 8 euroan. 

Mikel Gorosabelek bakarkako kontzertu akustikoa emango du, larunbatean, hilak 9, Baliarraingo Lopetedi baserrian. EH Sukarra, Lorelei eta Norton Klub taldeetako kidea izan da, eta 19:00etan ekingo dio abesteari.

Zein motatako kontzertua izango da larunbatekoa?

Bakarkako kontzertua da, eta nire ibilbidean sortu ditudan kantuak eskaintzen ditut. Modu akustikoan ariko naiz.

Ibilbidea diozunean bakarlari moduan egindakoaz ari zara?

Ibilbide guztian sortu ditudan kantak, akustiko moduan bihurtuta joko ditut. EH Sukarrarenak, eta Loreleiko sorta ederra ere eskainiko dut. Norton Klubeko kantaren bat ere bai, eta bukatzeko nire azken laneko kanta batzuk eskainiko ditut.

Bete-beteko kontzertu izango da bertaratzen denarentzat.

Bai, espero horrela izatea. Aukeratutako kantuak dira eta nik uste dut momentu polita pasako dugula Baliarrainen.

Bakarlari moduan hasi zinela bi urte egitera doa. Eszenatokian bakarrik.

Bai, Barne basoan barna bakarkako lan horren ostean eskaintza batzuk egin zizkidaten emanaldi batzuetarako. Aukera ona ikusi nuen, eta esan dudan moduan nire ibilbidean sortu ditudan abestiak sartzeko aprobetxatu dut, nolabait, emanaldi horiek borobiltzeko.

Musikaren ibilbidean aldaketa eman duzu.

Bakarlaria beti lasaiagoa da. Eserita jotzen dut, eta beste erritmo bat da. Ez da rockaren erritmoa. Horrekin ere jarraitzen dut, EH Sukarrarekin kontzertuak ematen, baina beste kontu bat da. Adinak ere laguntzen du mota honetako kontzertuetara, eta urteekin ez dakit, zahartzen edo lasaitzen joaten garen. Uste dut momentu ona dela horrelako kontzertuak egiteko.

Denbora pasatze horretan, entzulea norberaren ispilu izan daiteke?

[Barreak] Ez dakit norberak bere burua ikusten duen. Nik beti esker ona zor diot publikoari. Nabaritzen da jarraitu egin zaituztela, eta zure kantak dakizkitela, eta musikari batentzat hori da ohorerik handiena; norberaren lanagatik esker on hori nabaritzea. Pentsa, EH Sukarraren nostalgiko handienak, 40 urte ingurukoak dira. Nik baditut gehiago, baina horiek, ume moko batzuk ziren, eta beraien bizitzetan eta emozioetan oso garrantzitsuak izan gara. Oroimen oso intentsuak dituzte.

Errealitatea erakusteko tresna izan daiteke musika, eta baita zure azken lana ere.

Azken lan honetan, pixka bat, aske sentitu nintzen. Nire sormenak eskatu zidan eta aurrera egin nuen. Era eta estilo ezberdinetako kantuak daude. Oso lan naturala izan da. Barne basoan barna espontaneoa izan dela esango nuke. Kutxa batean gorde beharrean kantuak kaleratzeko erabakia hartu nuen. Asier Serranoren laguntza izan dut, eta bere ideia izan da. Gaia beldurra da, eta hamaika idazlek letra jarri behar izan zien, zozketa bidez tokatutako kantuari.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!