Udal Hauteskundeak 2019. Alkateei elkarrizketak

"Auzolanari garrantzia ematen jarrai dezagula"

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko urr. 2a, 19:57

Josu Ozaita, Jaione Olano, Juan Mari Iturrioz, Maribi Garmendia eta Andoni Olanok osatzen dute Auzolanean Bizirik taldea.

Baliarrainen inork ez zuen alkate izan nahi, eta azkenean, lau urtean bost alkate izango dira.

Agintaldia hasi berritan gaude. Zer moduz?

Orain hasten ari gara; ilusioz eta gogotsu; pixkana ikasten ari gara.

Nolakoa da alkate izatea?

Nahiko ondo. Talde bat gara eta taldean gauzak errazago egiten dira, eta idazkariarekin elkarlanean, nik uste dut nahiko lan polita dela.

Bost zinegotzi zarete eta era berean, bost alkate izango zarete. Esplikatzerik bai?

Duela lau urte ez zen udal talderik osatu eta sei hilabetez udal gobernurik gabe egon ginen. Gero, talde bat osatu zen, eta lau urte pasata, berriz ere, arrisku bera zegoen. Zerbait egiteko beharra ikusten genuen batzuk, eta elkartu egin ginen, baina inork ez zuen alkatearen ardura hartu nahi. Bostok elkartu ginen, eta orduan erabaki genuen bostok izatea alkate eta pisu hori bosten artean banatzea.

Beraz, lau urte eta bost alkate.

Hori da. Bakoitzak 10 hilabete egingo ditugu alkate karguan, eta gero zinegotzi izaten jarraituko dugu.

Lanak banatuta izango dituzue.

Bai, lau urte hauetan bakoitzak bere ardurak izango ditu; bere gustuko edo lanaren araberako gaien inguruko ardurak.

Gaur zer gai daukazue esku artean?

Udalera sartu bezain pronto herriko gazteek lokal bat eskatu ziguten. 12 eta 20 urte bitartekoentzat izango litzateke gutxi gorabehera. Bilera pare baten ostean, adostu dugu eta erabaki dugu zein lokal utziko diegun. Guretzat garrantzitsua da. Herrian geratzen dira, eta ez doaz beste herri batera beraien aisian. Eta era berean polita da, belaunaldi ezberdinak elkartuko direlako, eta eragile ere bilakatu daitezkeelako.

Beste gairik baduzue?

Ez. Aurkeztu ginenean herritarrekin nahi genuela gobernatu esan genuen, eta orduan, orain, udazkenean, parte hartze prozesu bat egingo dugu iritzi ezberdinak eta ideiak biltzeko. Hori jaso ostean egingo dugu herri programa hurrengo lau urteetarako. Hala ere, bi puntu garrantzitsu baditugu. Bat, hirigintzan agortuta dagoen plan orokorrari heltzea izango da, eta bestea, kultur ekitaldiak antolatzea. Kulturak herri giroa sortu eta harremanak bultzatzen ditu, eta horri garrantzia eman nahi diogu.

Etxebizitzei heldu nahi diozue?

Aspaldiko urteetan trabatuta dagoen gaia da, eta landu egin nahi da. 140 biztanleko herria gara, eta 40 bat gazte ditugu. Horiek hemendik urte batzuetara agian hemen bizitzen jarraitu nahiko dute, eta oso geldo jotzen duten lanak dira eta pixkana lantzen hasi beharreko gaia da.

Nolakoak dira herritarrak.

Harremana oso gertukoa da. Auzolanerako kultura dago eta gauzak antolatzean lana egiteko ohitura sustraituta dago. Eta zerbait antolatzen denean jendeak erantzun egiten du.

Zerbait eskatuko zenieke?

Horrela jarraitzeko auzolanari garrantzia ematen. Eta udalarekiko enpatia izateko, eta beraiek ere gure lekuan jartzeko. Horrela beste era batera ikusten dira gauzak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!