Amabirjin eguneko erlijio ospakizunen ondoren jarria zuten hitzordua, txirrindulari gazte zein helduek, Baliarraingo kaskorainoko aldapa lagun arteko lehian igotzeko. Gaur LVII. igoera izan dute herrian, eta hitzorduak hartu ditu goiz-eguerdiak.
Halako jai egunetan erlojuak bere esanahia galdu, eta gozamenari begira jarri ohi dira zentzumenak. Hala gertatu da Baliarrainen, eta amabirjin jaiek ez dute gutxiago merezi. Festetako egun handian, ohi baino jendetsuago atondu da plaza, meza ondorenak, hamaiketakoak eta txirrindulari probak eraginda, eta pedalkadak emanez nahiz haiei begira aritu dira herrira bertaratutako guztiak.
Behetik suziriaren seinalea eman bezain pronto hartu dituzte, ikusleek, hesi eta petriletako lekurik onenak, eta txirrindulari gaztetxoenak animatu dituzte, lehenik. Haien ondotik heldu da helduenen txanda, eta denetik izan da igoeran: azkar baina nekatuta igo direnak; uste baino airosoago bukatu dutenak; edo, irribarre zabalez, arnasestu guztiak ezkutatu dituztenak.
Bazkalondoan kirol gehiago izango dute Baliarrainen, pilota partidekin, eta iluntze-gauak musikak eta magiak beteko dizkie.