Baliarraingo jaiak 2019

Lore artean hasi dituzte Baliarraingo festak

Ataria 2019ko abuztuaren 14a

Abiatu dira jaiak Baliarrainen eta festak hasteko suziria Jesi Gurrutxaga haur eskolako hezitzaileak bota du. Herritarren esker ona jaso du.

Beste hainbat hezitzaile bidelagun izanda, Jesi Gurrutxaga legorretarrak azken hamaika urteak eman ditu Baliarraingo haur eskolan hezitzaile gisa. 22 ume pasa dira bere eskutatik eta haien eskutik gaur loreak jaso ditu Gurrutxagak, hunkituta.

"Jaten gozatzen irakatsi diezu, jolas librea eskura jartzen, lagunartea osatzen, herriko kaleak animatu dituzue, baserriak erakutsi dizkiezu, ingurunearekin elkarbizitzen zarete...", aipatu dute festak hasteko pregoian. "Baliarraingo historian txokoa duzu Jesi, espero dugu etorkizuna ere izatea".

Azken ikasturtean 0 eta 3 urte arteko 7 ume aritu dira Baliarraingo haur eskolan eta hiru umerekin abiatuko dute kurtso berria oporretatik bueltan."Laster bost izango dira, ordea", esan du Gurrutxagak berak. Ilusioz lanean jarraitzeko asmoa agertu du.

Behin jaiei hasiera emateko suziria piztu ondoren, herri mailako pilota partiden finalak jokatu dituzte frontoi txikian.

Ostirala arte jarraituko du jaiak Baliarrainen. Ikusi hemen egitaraua.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!