Alkate karguaren pisua banatuz, Baliarrainek, bost alkate izango ditu

Eneritz Maiz Etxarri 2019ko eka. 20a, 11:59

Talde moduan lana egiteko modurik onena delakoan, Auzolanean Bizirik taldeko kide guztiek hartuko dute aginte makila; bederatzi hilabetero aldatu egingo da alkatea.

Maiatzeko udal hauteskundeetarako taldea osatu zuten Baliarrainen, baina ez zuten zehaztu zein izango zen alkatea. Programarik ere ez zuten idatzi. Josu Ozaita, Jaione Olano, Juan Mari Iturrioz, Maribi Garmendia eta Andoni Olanok osatzen dute Auzolanean Bizirik taldea, eta hurrenez hurren, bederatzi hilabetetik behin, alkate makila esku batetik bestera pasako da.

«Ilusioz eta gogoz» hasi dira lanean bost kideak, eta lau urteko pisua, bosten artean banatuz, probatu egin nahi dute: «Alkatearen figura administratiboa edo burokratikoa izango da, eta herritarrek ez dute aldaketarik antzemango».

Baliarrainen 91 herritar daude 18 urtetik gorakoak, eta onartu dute ez dela erraza izan taldea osatzearena: «Duela lau urteko bera gertatzera zihoan. Aurreko legealdikoek erabakita zuten ez zutela jarraituko. Bi-hiru asteren faltan ez zegoen herrian mugimendurik. Elkarrekin hitz egiten hasi ginen herrian zerbait egin beharra zegoela eta. Ezin zen utzi duela lau urtekoa errepikatzen», argitu du Ozaitak. «Inork ez genuen egoera pertsonal onik ikusten baina, esfortzu bat egin behar izan dugu», eta Iturriozek gaineratu du: «Beste batzuek egin dute gure aurretik, eta orain guri tokatzen zaigu».

Taldean lan eginez, alkate figura horri garrantzia kendu nahi diote: «Talde bat izango gara, eta auzolanean egin behar dugu lana. Eta edozein erabaki gatazkatsuren aurrean herriari galdetuko diogu», azaldu du Iturriozek. Azpimarra jarri du Jaione Olanok: «Talde bat gara, eta herritarren babesa behar dugu, eta garrantzitsuena beraiek ere parte hartzea izango da. Gu gara korporazioa, baina beraien ispilu izango gara, eta herritarrek parte hartu dezaten saiatuko gara». «Auzolana hori da, herriak herriarentzat gauzak egitea», dio Ozaitak.

Dagoeneko lan ardurak banatu dituzte gai edo arloka, baina Andoni Olanok ildo beretik nabarmendu du «nahiz eta batek eraman, gai potoloren bat bada, denon artean hitz egin beharko dugu eta adostasunera iritsi beharko gara».

Helburuen artean, Maribi Garmendiak dio jendearengana hurbildu nahi dutela, «eta esaterako, plazatik gora jendea bizi da, eta horiengana iritsi nahiko genuke. Zein behar dituzten galdetu, eta erantzun bat ematen saiatu».

Herritarrek hitza izan dezaten, eta beraien iritziak plazaratzeko aukerak izan ditzaten, herri batzarrak, batzar informatiboak eta erreferendumak deituko dituzte. Baliarraindarrak, orain artean ere ohituta daudela esan dute horretara, baina erreferendumei garrantzia eman diete: «Gai potoloak daudenean, denen artean erabaki beharko dira. Aurretik, informazioa zabaldu eta eztabaida bat eman beharko da, eta bozka bidez erabaki. Eta herriak esaten duena aurrera eramaten saiatuko gara», adierazi dute.

HERRI PROGRAMA OSATZERA

Lan ildoak zehaztuta, orain, hurrengo lau urteei begira herri programa osatzen hasi nahi dute. Lehenik eta behin, herriko elkarteekin elkartuko dira, eta gero norbanako edo kuadrillen iritziak jasoko dituzte, beharrak eta iritziak jasotzeko.

Hasteko, ordea, udalean guztiak berriak izanik ikasi egin beharko dutela diote, eta kokatu egin nahi dute. Ondoren, euren egunerokoan, udaleko lanei tartea egiteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!