Maiatzaren 1ean txekor jatea egingo dute Baliarrainen

Ataria 2019ko apirilaren 17a

Ohitura onak ez omen dira inoiz galdu behar. Horretan dihardute Baliarrainen.

Urteak daramatzate txekor jatea antolatzen, eta aurten ere finkatu dute horretarako data: maiatzaren 1ean egingo dute, Atarisoro pilotalekuan. Jai eguna aprobetxatuz, herritar gehienak biltzea da asmoa.

Bazkarirako txartelak salgai daude dagoeneko Zartagi jatetxean; 25 euroren truke eskuratu ahalko dira apirilaren 26a baino lehen. Antolatzaileek azaldu dutenez, «txartelak erosteko data errespetatzea nahiko genuke, antolaketarako garrantzitsua izaten baita».

Iaz, beste urteetan baino jende gutxiago animatu zela adierazi dute: «Aurten, jende gehiago animatzea espero dugu, giro ederra egongo da». Bildutako dirua, urte guztiko ekintzetarako erabiltzen dutela gaineratu dute, «baita gimnasioa mantentzeko ere».

ARGAZKI ERAKUSKETA

Baliarraindarrek, aurtengorako, berrikuntza bat prestatu dute. Maiatzaren 1ean, egun guztian zehar, herriko argazkiekin osatutako argazki erakusketa jarriko dute, herritarrek bisitatu dezaten. Erabilera anitzeko eraikinaren sarreran jarriko dute erakusketa.

Horrez gain, urteroko tradizioari jarraituz, goizean zehar, lorezainak postua jarriko du, eta lore eta landareak erosteko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!