Bi asteburuko ekitaldi sorta Baliarrainen

Tolosaldeko Ataria 2018ko aza. 15a, 11:39

Larunbat honetan hasiko dira jarduerak, haurrentzako merienda eta buztin tailerrarekin.

Azaroa iristearekin batera hainbat ekitaldi antolatu dituzte Baliarrainen. Bi asteburutan zehar banatu dituzte ekitaldiak, asteburu honetan eta hurrengoan, hurrenez hurren. Lehenengo egunean, larunbat honetan, haurrei zuzendutako jarduerak antolatu dituzte: Merienda eta ondoren buztin tailerra izango dituzte herriko txikienek.

Igandean protagonismoa gastronomiak izango du. Arkaitz elkarteak antolatu du bazkaria, nahi duen orori irekia, eta bertara joaten diren erretirodunei udalak ordainduko die.

Bigarren asteburuan, larunbatean, buztin tailerrak jarraipena izango du, eta oraingoan margotu egingo dituzte aurretik egindako piezak. Egun horretan talo jatea izango dute Arkaitz elkartean. Lehenengo haurren txanda izango da eta helduena ondoren. Parte hartu nahi dutenek aurretik txartelak eskatu behar dituzte, eta horretarako udaletxean galdetu dezakete. Azken eguna txartelak eskuratzeko datorren asteartea, azaroak 20, izango da.

Bukatzeko, ekitaldien azken egunean, azaroaren 25ean, meza izango dute, eta horren ondoren, hamaiketakoa dastatzeko aukera izango da Zartagi tabernan.

ZARTAGI BERRIRO IREKITA

Baliarraingo Udalak esleitu berri du Zartagi taberna eta jatetxearen zerbitzua. Bi proiektu aurkeztu ziren eta Ixiar eta Amaia Urtasun ahizpenak jaso zituen puntu gehien. Berriz ere zabalik izango da, beraz, Zartagi taberna eta jatetxea. Hain justu, etzi, larunbat goizean zabalduko dituzte ateak arduradun berriek.


EGITARAUA

Azaroak 17, etzi

16:00. Umeentzako merienda.

17:00. Buztin tailerra.

Azaroak 18, igandea

14:00. Bazkaria, Arkaitz elkarteak antolatuta. Erretirodunei udalak gonbidatzen die.

Azaroak 24, larunbata

16:00. Buztinez egindako lanak margotzea, erabilera anitzeko gelan.

19:30. Talo jatea haurrentzat, Arkaitz elkartean.

20:30. Talo jatea helduentzat, Arkaitz elkartean.

Azaroak 25, igandea

12:30. Meza. Ondoren, hamaiketakoa Zartagin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!