«Gelan sartzean gurasoak umea bilatu behar du, eta berarengan zentratu»

Josu Ozaita 2018ko ira. 13a, 07:56

«Bokazioa ala lan baldintzen erakarpena». Mamu hori erabiltzen da irakasleen inguruan. Mitoa baino errealitate omen da profesional askoren esanetan. Batzuk oporren zain ikasturtea igarotzen duten bitartean, beste batzuk pasioz bizitzen dute momentuko une bakoitza. Azken hauetakoa da Jessi Gurrutxaga Murua (Legorreta, 1984), ilusioz gainezka bizi duena ofizioa, hezitzaile bada ere ikasteaz geratzen ez dena.

«Donostiako haur eskola pribatu batean aritzen nintzen, kide batek eta biok, ezbaian genuen etengabe eredu hura, umeari gogor egitean eta zigor ereduan oinarritua. Nora goaz?». Oinarriak sakontzea helburu, Emmi Pickler hungariarraren teoria desestali zuen hezkuntza eredu berri baten bila. Egun, Baliarraingo Haurreskolan aritzen da lanean. Hilabete konplikatua da iraila hainbatentzat, batez ere haur eta gurasoentzat. Zilborrestearen bigarren mozketa. Egokitzapenaren inguruan ere aritu da berriketan Jessi Gurrutxagarekin TOLOSALDEKO ATARIA.

Iraila, ikasturteko lehen egunak. Urteko momentu zailenak ziurrenik. Gomendiorik?

Gako garrantzitsua aurretikako lana da, ikasturtea hasiko duten guraso eta haur berri horiekin lanketa burutzea. Normala den bezala, guraso askoren jarrera itxitasuna da, ezezagun bati haurra uzterakoan nahi gabeko erresistentzia. Horregatik uste dugu aurretik landu behar dela: familia osoari instalakuntzak erakutsi, beraiekin egon, jator jokatu, umearekin nola lan egingo dugun azaldu, laguntasuna eskaini... Elkarrizketak egiten dizkiegu haurren errutinak hobeto ezagutzeko: nola jan, nola lo, zein ohitura dituen...

Hori da abiapuntua, hor dago gako bat.



Ederki. Eta lehen eguna iristen da...

Lehen egunean ordu erdiz egongo dira, elkarrekin. Erreferentziazko kideak, gurasoak hobe; biak bikain. Haurra lasai egoten da. Bigarren egunean berdina egingo dugu, baina oraingoan erlojuko 5 minutu kanpora aterako da gurasoa. Bost minutu omen da denbora egokia, haurrarengan ezinegona sortzen delako, sufrimendura iritsi gabe ordea. Hirugarrenean 10 minutu egin dezakegu, eta pixkanaka luzatzen joan denborak.

Familiak ere sufritu egiten du.

Gurasoentzat ere egokitzapena da orduan...

Hala da. Lasaitasuna izan behar du gurasoak, urduritasuna baztertuz. Profesionalarengan konfiantza izan, prestaturiko jendea delako. Eta hori, seme-alabek ere sentituko dute, gure ispilu direlako.

Lasaitasuna, baina presioa ere izaten da lantokira joateko.

Balio horiek dituen gizartean bizi gara, tristea da baino. Enpresentzat fardela da egokitzapena, traba bezala ikusten dute askok. Ez gara konturatzen gizartearentzat inbertsioa dela, eta ez gastu. Guraso batzuk oporrak gordetzen dituzte egokitzapena egiteko, hori ondo dago, baino ez luke bidea izan behar. Ondorioak etorkizunean pairatuko ditugu. Pilak jarri beharra dauzkagu, errepideei lehentasuna eman ordez, gizarte osasuntsu bat lehentasun bezala jarriaz. Etorriko da... Etorriko al da? Borrokatu egin beharko dugu...

Irakurle asko, hiru urterekin hasiko ziren eskolan, lehen arrunta hori zelako. Orain aldiz lau hilabeterekin. Adin honekin haur eskolara umetxoa eramatea, ona al da?

Nik, urtebete izan arte, ez nuke gomendatuko haurtzaindegira eramatea. Lehen urtean guraso horiekin egon behar du, berdin zait bi aita, bi ama edo zein diren. Ondoren hasiko da sozializazio beharretan. Garrantzia eman behar diegu umearen lehen hiru urte hauei, gizarte bezala asko hobetuko dugulako. Haur eskolak nahiko berriak dira, behar sozial berriak sortu zirelako, eta egokitzen ari gara denok. Sindikatuak lan asko egiten ari dira sistema hau hobetzeko. Nahiz eta inguruko zonaldeetako ratio hoberenak eduki zenbat irakasle haur bakoitzeko, badaude hobetzeko gauzak, kostua esaterako.

400, 500 edo 1000 euroko laguntzak ematen ditu Eusko Jaurlaritzak haurrak izateagatik, baina gero 200 eurotik gora ordaindu behar hilabetero haur eskola.

Hor dago kontraesan bat. Ikuspegia aldatu beharra dago, bai edo bai. Denontzako hobe izango da.

Zure ustez, ez zaio garrantzirik ematen haurren garai honi honenbestez.

Hungaria gu baino pobreagoa da baliabide ekonomikoei dagokionez, baina aberatsagoa da haurren hezkuntzaren prisma jarrita. Han urtebete edo urte eta erdirekin hasten dira, horretarako erraztasunak emanda. Hainbat tokitan Haur Hezkuntzako profesionalak dira balio gehien eta prestigioa dutenak, 0-3 etapa bizitzan garrantzitsua dela sentitzen dutelako, hemen ez bezala. Partzuergoan ez ditugu soldata baldintza txarrak, baina edozein ikastola edo eskola pribatutan haur eskoletakoek dituzte baldintza kaxkarrenak.

«Pixoihalak soilik aldatzea da» esango dute batzuk.

Askok. Hor dago arazoa. Balioa eman behar zaio horri. Haur batek behar garrantzitsuak ditu garai horretan: jan, pixoihalak aldatu eta lokartu. Ez al da inportantea hori? Hori nola egin egokien ikasten dugu. Janaria nola aurkeztu, lasai lokartzeko nola egin, pixoihalaren momentua nola kudeatu. Heldu arora iristean, haur garaiko momentuez oroitzean, otordu une horietaz edo lotarako ipuin kontaketaz gogoratzen gara, edo baita lotarako beldurrez. Behar garrantzitsuena hori da. Gero, giro atsegina sortzea: besarkadak behar dituztenean ematea, irribarreak eskaintzea, elkarbizitza sortu eta egoerak bideratzea, beraiek behatu eta horren arabera jokatu eta proposamenak egitea... beti ere, haurrak agente bezala ikusiz eta ez objektu pasibo moduan.

Beste ikuspegi bat, beste ondorio batzuekin?

Bai. Robotak izan baino, pertsona independenteagoak izateko. Autoritario eredua ezagutu nuen, eta orain Pickler filosofian barneratu eta emaitzak ikusita, ez dut zalantzarik.

Hilabeteak igaro, eta haurra negarrez gurasoa badoanean. Nola kudeatu?

Halako momentuak ere izaten dira hurrengo hilabeteetan. Negar desberdinak daude, testuinguru desberdinak. Zergatik dago horrela? Agian gau txarra, agian nekatuta dago, haurra oraindik ohitu gabe dago... Garrantzitsuena lasaitasuna ematea da. Eta askotan, gurasoa urduri jartzen da eta zer egin ez jakitea okerragoa da. Guztiok dakigu umea negarrez uztea, dagoen gauzarik gogorrenetarikoa dela. Haur eskolara joan, eta errutinak hartu. Aproposa da hiru minutu bertan geratzea, eta negar unea iristen bada, azaldu joan egingo zarela 10 segundoko besarkadaren ostean. Esan eta egin, ez luzatu, bestela ezegonkortasuna sortzen dugu, haurrak ez daki benetan bazoazen edo ez. Sufrimendu guztiarekin, alde egitea da hoberena.

Joan, lan egin eta gero bila. Nolakoa da momentu hau?

Ikasteko dugu denok hor. Oso fase inportantea da, eta agian ez diogu behar adineko garrantzirik ematen. Askotan, gurasoak eta hezitzaileak berriketan hasten gara, eguna nola joan den eta abar. Utzi hori gerorako. Gelan sartzean, gurasoak begiradarekin umea bilatu behar du eta berarengan zentratu. Gozatu momentu hori, fusioa gertatzen delako. Begiradak, ukituen bidez komunikatzen dira, elkarri informazioa emanez, hitzik ez bada ere. Minutu batzuk horrela izan beharko luke, egunero, eta gero hitz egin gurekin.

Bi momentu klabe azaldu dituzu: eraman eta jasotzea. Baina nolakoa da egun arrunt bat, hemen, Baliarraingo Haurreskolan?

Goizean bakoitza bere martxan etortzen da, batzuk gosalduta eta beste batzuk hemen gosaltzen dute. Norberak ekartzen du gosaria, nahiz eta izaten ditugun esne, fruta... Eta gero...

Barkatu moztea, non da aproposagoa gosaltzea, etxean edo eskolan?

Denborarekin gosaltzen den tokia da hoberena. Etxean presaka eta zarata betean egiteko, hobe eskolan. Etxean elkarrekin eta patxadan, bikain.

Ondo.

Gero, guztiok elkartu eta ipuintxoa kontatu edo abestiren bat abesteko unea izaten da. Jolas librea, hamaiketakoa fruta, flauta edo tortaren bat, eta eguneroko paseotxoa ondoren. Bazkaldu eta siesta momentua.

Zer da jolas librea?

Areto berri bat dugu jolasteko, harea edo hondar gunearekin, eskalatu eta igotzeko elementuak, gurpil handiak, eta deskantsurako zonaldea. Udalak apustua egin du hau posible izateko, eta benetan eskertuta gaude, asko irabazi duelako haur eskolak.

Eguneroko paseotxoa?

Momentu honi ere garrantzia ematen diogu, eta berdin du uda, negu, bero, edo euria egin, eguneroko ohitura da. Herriari itzulia ematen diogu garuna oxigenatzen, baina oso interesgarria da haurrentzat eta asko eskertzen dute.



Paseo arrunt bat da hala ere.

Ez hain arrunta. Harri bat, zuloa, putzutxoa... esperimentatzeko gune bilakatzen dira. Tximeleta, txoriak... ezagutzen dituzte. Ikasten ari dira. Txerriei janaria eman, herritarrekin berriketan egon...

Ez da hain arrunta, ez.

Ostiralero Gorostartzu baserrira joaten gara bisitan. Animaliak ikusten ditugu (behi, oilo, txerri...) eta gero bertako amonarekin hamaiketakoa egiten dugu: gailetak eta txokolatea. Haurrak zain egoten dira ostirala iristeko, baina baita bertako amona ere. Haur izatea horrelako herri batean oparia da, eta zer esanik ez hezitzaile batentzat.

Desberdinak dira herri handi edo herri txikietako haur eskolak?

Oso! Erabat! Min hartzen badu, besarkada eman diezaiokezu. 25 haur izanda, eta lau negarrez badaude, zaila da. Ezin guztiengana iritsi. Behin, haur hezkuntza moduluko irakasle bat etorri zen praktikaldian zegoen ikaslea ikustera. 'Berriro haurrak izango banitu, ez nuke bi aldiz pentsatuko. Ikusi nuen nola egon ziren nire umeak... Hemengo haurren irribarreak desberdinak dira'. Sei haur ditugu, eta bi hezitzaile gaude.

Bazkaria eta siesta aipatu dituzu.

Hemen 12:00etan bazkaltzen dugu. Saiatzen gara bazkari kolektiboa izan dadin, hau da, gurasoek astero txandaka prestatzea guztientzat bazkaria. Hala, denek berdina jaten dute. Momentu polita da mahai txiki horren bueltan jaten ikustea. Eta gero, siesta garaia.

Zer ematen dio, edo zer balio du haur eskola batek halako herri txiki batean?

Zerbitzua eskaini eta bertakoen bizi baldintzak ziurtatzeaz gain, bestelako balorea ere badu. Herri giroa sortzen dugu goizero, herrian ibiltzen garelako. Bizitza ematen diogu. Bestetik, garrantzitsua den zerbait gertatzen ari da momentu horietan: haurrak herri identitatea sentitzen hasten dira, bertako izatea, eta haurtzaroko oroitzapenekin lotuko dute. Herritartasuna lantzen da, eta bertako bizitzan parte aktibo bilakatzen dira.

Behor hura, behor huts izango litzateke. Baina hemengoentzat Pilar zaldia da, beste balio bat du. Edo Irabi baserriko esnea, kroketa goxoekin lotuko dute, bertatik esnea hartu eta kroketak egin izan ditugulako. Lotarako herri ez izateko, haur eskolak ezinbesteko dira herri txikietan, eta herritarrek zaintzen dute hori.

Buruan izango duzu agian haurrik gabeko aldiak izango direla.

Bai, hala da. Baina ikasi dut beste modu batera bizitzen. Lehen antsietatearekin bizi nuen, orain egunerokotasunaz gozatzen ikasi dut, eta duguna apreziatzen.

Halako harremanak sortuta haurrekin, banaketarako momentua iritsiko da. Nolakoa da egokitzapena?

[Barreak] Guretzat ere ez da erraza izaten, ez pentsa. Nahiz eta urte osoan zehar esan azken urtea izango dela, iristen da eta ez zaude prestatuta. Pena sentitzen da baina horrelakoa da bizitza.

Azken urteotan aldaketa asko ikusten ari gara hezkuntza munduan. Lehen teoria soilak ziren, orain baita praktika ere.

Badakizu zergatik dauden mugimenduak?

Bota...

Ikusten dugulako ez goazela ondo, eta emaitzak ez direlako onak. Aldaketak dira bidea ondorioz. Haurra bere osotasunean hartu behar dugu, ardatz bezala, baldintzarik gabe. Pertsonak dira, ez gauzak. Eta badatoz aldaketa interesgarriak ere...

Adibidez?

Bizitu gabe ezin dela ikasi. Ikasteko gorputza izan behar da, gorputzarekin sentitu. Praktika oinarri hartuta, gehiago ikasiko dugu; hobeto. Egitean barneratzen da, eta ez hainbeste kontatzen digutenaren arabera. Adibidea: sagar bat. Nik esango nizuke 'fruitu honen zaporea ura eta gatzaren arteko nahasketa modukoa da'. Hobe eskuetan sentitu, hozka egitearen sentsazio bizi, eta zaporea dastatzea. Hor ikasiko dugu. Bizipenean oinarrituriko ikasketa dator.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!