Baliarraingo Andramari jaiak 2018

Harri baldarra, txapelketa aparta

Imanol Garcia Landa 2018ko abu. 15a, 22:45

Aimar Galarragak irabazi du Baliarrainen jokatu den I. Ibiur Harria Txapelketa, 10 jasoaldi eginez. Ikusmina sortu du festen barruan herriko harri baldarrarekin egindako lehen txapelketak, jende ugari elkartuz plazan.

Galarraga oriotarraren atzetik Xabier Peñagarikano Peña sailkatu da, bederatzi jasoaldirekin; beste bat baliogabetu egin dio epaileak. Hirugarren Imanol Illarramendi Kortaberri aiarra izan da, zortzi jasoaldirekin. Iban Ugartemendia hernialdearra izan da laugarren, zazpi jasoaldirekin. Bosgarren Gorka Etxeberria ortzaitarra izan da, bost jasoaldirekin. Jasoaldi berdinak egin ditu Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarrak, baina Etxeberriak baino gehiago pisatzen duenez, seigarren postuan geratu da. Zazpigarrena Josu Urbieta aiarra izan da, lau jasoaldirekin.

Galarragak espero zuen txapelketan ondo ariko zela: "Harria probatzera etorri ginenean gustura ibili nuen". Seigarren aritu da txapelduna, eta besteek egiten zituzten jasoaldi kopuruen erreferentzia izan du. "Halere, gero gaitasuna izan behar da besteen lana hobetzeko. Peñak bederatzi jaso ditu, eta nik hamar jaso behar nituen, gehien pisatzen zuena ni bainintzen, eta horretara joan naiz".

Iban Ugartemendia izan da eskualdeko harri-jasotzaile bakarra txapelketan. "Ondo aritu gara", esan du, baina "akats" bat izan duela arroparekin: "Goma ez dugu ekarri petatxoan harria ez irristatzeko eta behera joaten zitzaidan oso, eta hor indar asko galdu dut". Lehenengoa izan da parte hartzen, beraz, Ibiur Harria plazan altxatu duen lehenengoa izan da Ugartemendia.

Jokin Garmendia baliarraindarra izan da txapelketaren bultzatzailea eta oso gustura azaldu da: "Jende asko etorri da, uste baino gehiago. Eta uste baino altxaldi gehiago egin dituzte. Gainera emozioa ere izan da, nahiko parean ibili direlako harri-jasotzaile batzuk". Aurrerago ere berriro txapelketa antolatzeko asmoa dute, baina ziurrenik bi urtez behin egingo dutela azaldu du Garmendiak.

Ibiur Harria Txapelketaren ondoren erromeria izan da, eta festa giroak jarraitu du Baliarrainen.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!