Baliarraingo Andramari jaiak 2018

Beldurtzeko moduko hasiera

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 14a, 12:55

Gaur goizean eman diete hasiera Baliarraingo Andre Mari jaiei. Horretarako, traka bat piztu dute, bakarren bat edo beste ikaratzeraino. Ondoren, gozokiak banatu dituzte haurrentzat, eta frontoi txikiko txapelketako finalak ere ospatu dira.

Baliarrainen ez dute suziri edo txapligurik behar, jaiei hasiera eman ahal izateko. Ingurukoek ondo entzun dezaten, traka zaratatsu bat pizten dute. Aurten, herriko guraso elkarteko amek irakurri dute pregoia, haurrak nabarmenduz. "Haiek baitira herriari bizia ematen dietenak", esanez amaitu dute mezua. Ondoren ere, haurrak izan dira plazaren jabe, globo zein gozokien jabe egin nahian ibili baitira.

Jarraian, berriz, frontoi txikiko pilota partiden txanda izan da. Herritar ugari bildu da inguruan txapelketako finalak ikustera. Haurren mailan, Aitorrek, indar erakustaldi handia eskainiz, erraz irabazi dio Aratzi. Nabarmentzekoa izan da biek erakutsitako maila, baina azkenean, 22-7, gorria garaile. Gaztetxoen mailan, berriz, Julen eta Unaxek partida berdindua jokatu dute, nahiz eta bigarren zatian, gorriz jantzita zioan Julenek, aldea handitzea lortu, eta 22 eta 15eko markagailuarekin irabazi. Hala ere, amaieran, guztiek jaso dituzte opariak.

Bihar, Ama Birjin egunez, egitarau ederra osatu badute ere, gaurkoan, bada zertaz gozatu Baliarrainen: paella jatea, mus txapelketa, haur jolasak, herri afaria...

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!