Baliarraingo Andramari jaiak 2018

«Bertan bizi garenon nahia, bertakoek ahalik eta ondoen pasatzea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 13a, 10:29

Leire Zubeldia, Baliarraingo festa batzordeko kidea, herria atzean duela.

Bihar goizean hasiko dira Baliarraingo Andre Mari jaiak, eta ostegunera bitarte iraungo dute. Bai herria, baita festak ere, bereziak direla aitortzen du Leire Zubeldiak. Azken urteetan jende desberdina igaro da festen antolakuntzatik, eta aurten, berari egokitu zaio ardura hori.

Hiru egun izango dira, baina hiru egun horiek askotarako eman dezakete. Hala ere, 72 orduk, gutxi diruditen arren, horietako bakoitza goitik behera antolatzea ez da gauza samurra. Hori dela eta, Leire Zubeldiak (Baliarrain, 1976), beste herritar askorekin batera, festak antolatzeko batzordea osatu du aurten. Datorren Ama Birjin eguneko egitarauan sartu dituzten bi berrikuntza nagusiri buruz aritu da.

'Zoaz pake santuan' antzerki obra nobedadeetako bat izango da.

Hala da. Ama Birjin egunean izango da gainera. Baziren urteak antzerkirik egiten ez zela, baina bazegoen gogoa horrelako zerbait ikusteko. Herriko festetan egin nahi zen zerbait zenez, adin guztietako jendearentzat prestatutako zerbait eskaini nahi genuen. Horrela, aukera ezberdinak jarri ondoren, guk hori aukeratu genuen.

Zer ikusi ahal izango da bertan?

Elkarrekin ezkonduta urte asko daramaten bikotea dira Mikel Laskurain eta Ane Gabarain. Hala ere, andrea aspertuta dago senarrarekin, eta bere helburua hura pozoitzea izango da, nahiz eta erraza ez izan.

Zer dela eta kokatu duzue herriko egun nagusian?

Urtero, Ama Birjin egunean, ekitaldi berezi bat egin izan da gauean. Ofizialki Donostiako Aste Nagusian inauguratuko bada ere, lehenago Baliarrainen eskainiko dute emanaldia. Beraz, jaietan zerbait berria izateaz gain, kultur mailan ere estreinakoa izango da.

Zer da Ama Birjin eguna baliarraindar batentzat?

Egun oso berezia izaten da, herritarrek euren lagunekin eta familiekin egoteko aprobetxatzen dutena. Kanpoan bizi diren baliarraindarrek ere hona gerturatzeko joera izaten dute. Guztiek, gainera, elkarrekin afaltzeko ohitura izaten dugu; hortaz, afal ostean jendea berriro plazan biltzeko aitzakia ona da antzerkiarena. Ama Birjin egunaz aparte, Baliarraingo festak, orokorrean, xumeak bezain herrikoiak dira. Bertan bizitzen geratu garen herritarron nahia, bertakoek ahalik eta ondoen pasatzea da.

Bestalde, zer da Ibiur Harria?

Ibiur harria, iaz, Baliarraingo urtegian aurkitu zuten harri bat da. Pasa den urteko festetan, plazara eraman zuten harria, eta bertaratu zirenek aukera izan zuten zenbat pisatzen zuen asmatzeko, porra baten bitartez.

Txapelketa bat ere jokatuko da. Nondik sortu zen ideia?

Harri-jasotzaileekin eta federazioarekin hitz egin ondoren, baiezkoa jaso genuen. 7 harri-jasotzaile izango dira, eta 7 minuturen barruan, ahalik eta altxaldi gehien eman beharko dizkio kirolari bakoitzak. 158,4 kilo pisatzen dituen harriak forma berezia du, eta esaten dutenez, ez da oso erraza altxatzea.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!