Baliarrainek ere badu bere harri baldarra

Asier Imaz 2018ko api. 18a, 12:59

Jokin Garmendiaren etxean Ibiur Harria ikusi eta probatu ondoren, hainbat harri-jasotzailek txapelketa egiteko modukoa dela erabaki dute.

Amezketak Albisuri Handia duen bezala, Baliarrainek Ibiur Harria dauka. Harri-jasotzaileek badute, beraz, beste harri baldar bat eta beste txapelketa bat. Abuztuaren 15ean, Baliarraingo festen barruan jokatuko da, 18:00etan.

Jokin Garmendiaren harrikada izan da dena. Finago esanda, burutazioa. «Beti entzun izan dut beheko baserri batean Ibiur izeneko harria bazela. Gero, urtegiak tapatu zuen». Baliarraindarrak, bere buruari, Ibiur Urtegitik harriren bat atera beharra zuela esaten zion. Eta nonbait, iazko festetarako lanak eginak zituen Garmendiak: «Urdaiazpiko bat jarri nahi zuten festetan, bere pisua asmatuz gero saritan emateko. Nik etxean harri bat banuela esan nien, eta haren pisua asmatuz gero, saritan urdaiazpikoa emateko. Ideia gustatu zitzaien eta horrela egin genuen». 400 euro bat bildu ziren, eta pisu zehatza bi jokalarik asmatu zuten: 158 kilo t'erdi.

Erabilera horren bidea agortuta, beste burutazio bat izan zuen Jokin Garmendiak: «Herriko plazan jarri aurretik ez nuen pisatu harria, eta hainbeste kilo zituenik ez nuen uste. Lagunekin hitz egiten, txapelketa bat egiteko modukoa zela ikusi genuen, jende pixka bat ekarriko zuelako festetara». Uxarbe eta Jose Anjel Sarasola harri-jasotzaile ohiekin hitz egin zuen Garmendiak. Izan ere, baliarraindarra herri kirol munduan ez da arrotza; besteak beste, trontzan ibilia baita. «Hasierako momentutik laguntzeko prest azaldu ziren biak», dio Garmendiak. Sarasolak eta Uxarbek hainbat harri-jasotzaileri deitu zieten, harria ikustera eta probatzera joateko esanaz. Martxoaren 10ean gerturatu ziren guztiak Baliarrainera, eta «nahiko animatuta» geratu zirela dio Jokin Garmendiak.

ERABAKIA HARTZEKO UNEA

Harria ikusten zuten lehen aldia zen. Garmendiaren garajean burua sartu zutenean, denei hitz batek alde egin zuen: «Luzea». Agian luzeegia eta guzti. Juan Jose Unanue Goenatxo II.a bere mutilekin joan zen ikustera, eta hasiera batean txapelketarena ez zuen argi ikusten: «Luze samarra da, eta harri baldarra izateko astun samarra. Helduleku onak dauzka, baina hala ere oso luzea geratzen da». Harri-jasotzaile ohiak erabakia mutilen esku utzi zuen, eta hauek beroketa lanak egiten hasi ziren. «Zaldibian ere bada harri luze samar bat, eta han ez dute txapelketarik antolatzen. Erakustaldi moduan antolatzen dute jaialdia, bi harri-jasotzaile eramanda. Ezagutzera emateko aukera bat izan daiteke, eta gero, urte batzuetara antolatu txapelketa», gaineratu zuen Goenatxo II.a-k.

Xabier Aranburu Guzta izan zen Ibiur Harria jaso zuen lehen harri-jasotzailea. «Historiarako geratuko duk hori», esan zioten aldamenetik. «Harri zeharo aldrebesa iruditu zait lehen momentutik. Lehen jasoaldian oso eroso heldu diot, baina handik aurrera ez nion nahi bezalako erosotasunik aurkitzen», esan zuen berak. Gauza batekin harrituta gelditu zela ere onartu zuen Guzta-k: «Den astunerako oso estua ikusten dut. Gero, buru aldea dezentekoa dauka, eta gerri aldean sartzeko oso deserosoa da guretzat». Gerrialde erosoko harri-jasotzaileentzat lanak ateratzerako garaian izan ziren. Gorka Etxeberriak, aldiz, kilotan dezente gutxiagoko harri-jasotzaileak, elegante ateratzen zuen harria lurretik. Hortik aurrera, ordea, besteak errazago moldatzen ziren. «Behin ateraz gero moldatzen gara, bai kolpe batzuk ematen eta baita goian sartzen ere», zioen Guzta-k.

Iban Ugartemendia ere Baliarrainen izan zen: «Ikusi dudanean oso luzea zela etorri zait burura. Helduleku ona dauka, ordea, eta horrek salbatzen du, bestela ezinezkoa izango litzateke ateratzea». Hernialdeko harri-jasotzaileak bi jasoaldi dotore eman zizkion Ibiur Harriari: «Gaur dena ondo joaten zaizu eta hemendik 15 egunera lurretik ezin atera geratzen zara. Harri baldar hauek berezitasun eta zailtasun hori izaten dute». Ikusi eta probatutakoarekin nahiko gustura geratu zen Ugartemendia, eta «txapelketa polit bat» egin zitekeela pentsatzen zuen. 

Aimar Galarragak ere garbi hitz egin zuen: «Txapelketa egin daitekeela uste dut». Oriotarrak, itxuraz, erraz dominatzen zuen Ibiur Harria, altuera, beso luze eta indar paregabeari esker. «Luzea izanagatik niretzat ez da hain txarra. Egia esan nahiko gustura ibili naiz. Harri baldarretan bigarren astunena izango litzateke, Amezketakoa eta gero. Pisu pixka bat bada, baina moldatuko gara». Galarragak esan bezala, Albisuri Handik 166 kilo t'erdi pisatzen ditu.

Jokin Eizmendi, Joseba Ostolaza eta Kortaberri ere aritu ziren harriarekin borrokan. Guztien artean hitz egin ondoren, txapelketa egiteko moduko harria zela erabaki zuten, eta gehienak Baliarrainen izango zirela abuztuaren 15ean. Zenbat txanda eta txanda bakoitzaren iraupena aurrerago erabakitzeko geratu ziren, plazara atera aurretik beste entrenamendu saio bat egitea komeni zela esanaz. Bertan erabakiko dituzte harri-jasotzaileek zein baldintzatan ariko diren I. Ibiur Harriaren Txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!