Errepidearen zabaltzea eta saneamendu lanak, hastear

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 24a, 08:55
Bidasola baserriaren paretik hasi eta herriguneraino zabalduko da errepidea.

Baliarrainera doan errepidea zabaldu eta herrian saneamendu lanak egiteko obrak aurki hasiko dira. Olatz Iriarte alkateak zehaztu du egingo dena: «Proiektu handi honetan batetik Bidasola baserritik gorako bide guztia zabalduko da. Ondoren, San Juanetik hasi eta beherako baserri eta etxe guztietan saneamendu sistema bera jarriko da».

Errepidearen zabalera gaur egun Ibiur urtegira iristeko dagoenaren antzekoa izango da. Hain justu, urtegia egin zenean bidea bertaraino bakarrik zabaldu zen. Orain, Bidasola baserritik gora zabalduko denez, errepidearen tarte bat oraindik zabaldu gabe geratuko da. «Tarte horren zabaltzea beste proiektu batean sartuta dago, baina horren dirua jaso ez dugunez, oraingoz tarte hori zabaldu gabe geratuko da», azaldu du Iriartek.

Proiektu honi hasiera aurreko alkatea izan zen Martzelino Dorronsorok eman zion, beraz, aspalditik datorren eskaria da Baliarrainen aldetik. «Aldundia saneamendu lanak herri txiki guztietan egiten ari denez, Baliarrainen egin behar zen proiektu hori aprobetxatzea erabaki zen errepidea ere zabaltzeko», esan du Iriartek. Aldundia da proiektuaren promotore lanak egiten ari dena.

Obren esleipena egina dago, eta hil honen bukaeran hastekoak ziren berez lanekin, baina oraindik ez diote data zehatzik jakinarazi udalari. «Uste dugu abenduan dagoeneko hasiko direla», esan du alkateak. «Lehen lana Bidasolako baserritik gora errepidea zabaltzen hastea izango litzateke. Urtebete inguruko lana suposatuko du proiektu osoak».

Bidea zabaltzearena herritarrentzako proiektu «garrantzitsua» dela esan du Iriartek. «Errepidea estua da, eta bi auto batera pasatzeak bere zailtasunak ditu. Haurrentzako autobusak etortzen direnean nahiko egoera kaskarrean dago errepidea».

«Pazientziarekin hartu beharko»

Lanek urtebete iraungo dutenez, eragozpenak izango direla azaldu du Iriartek. «Ez dago Baliarrainera igotzeko beste biderik, eta, beraz, semaforo bidez antolatuko da trafikoa obrek irauten duten bitartean errepidetik igarotzeko. Pazientziarekin hartu beharko dugu».

Saneamendu lanei dagokionez, herriguneko etxe berriak saneamendu bateratua dute, baina gorago dauden baserrietakoek hoditeri zaharra dute. Beraz, San Juanetik hasita dauden etxeen saneamendua herriguneko etxebizitzek dutenarekin lotuko dute.

Aldundiak ordainduko ditu obrak, baina xehetasun batzuk ari dira negoziatzen, ur horniduraren inguruan. Halere, aldundia «erraztasunak» ematen ari dela esan du Iriartek. «Ur hornidura sare orokorrean sartu gabe daude etxe batzuk, eta orain aprobetxatu ahalko da horretan sartzeko. Etxebizitza batzuek menditik datorren ura, edo bakoitzak duen ur biltegia erabiltzen dute. Beraz, orain, nahi duenarentzat aukera izango da ur sarean sartzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!