Inguruko herrietatik joandako txirrindulari ugari bildu dira, gaur, goizeko 11:00ak aldera, Baliarraingo plazan, dortsalak jasotzeko. Ondoren, guztiak jaitsi dira Ederlan enpresaren ondoan dagoen zubira. Bertan, probari hasiera eman, eta Ibiur urtegiaren parean jarritako tarteko helmugatik igaro ondoren heldu dira herrira. Guztira, hogeita hemeretzi txirrindularik hartu dute parte, hogeita hamar helduk eta bederatzi haurrek. Bien bitartean, giro bikaina izan da plazan, eguraldiak lagunduta.
Haurretan azkarrena, Iker Iribar izan da, eta nagusietan, Iban Eskisabel eta Ane Albisu izan dira garaile. Lehen biak Tolosako txirrindulariak dira, eta Ane, berriz, Donostiakoa. Gazteak, 8 minutu eta 51 segundo behar izan ditu ibilbidea osatzeko. Gizonezkoak, berriz, 6 minutu eta 43 segundotan amaitu ditu lanak, eta emakumezkoak, erlojuak 11 minutu eta 21 segundo markatzen zituenean gurutzatu du helmuga.
Gainontzean, lehen herritarrek nahiz txirrindulari beteranoenak eta gazteenak ere jaso dituzte sariak. Herri beretik joandako lasterkarien nahiz ezagunen arteko lehia estuak, eta herrira sartu baino lehenagoko bihurgunean bildutako jendetzaren animoak izan dira lasterketari buruz aipatzeko puntuak. Ondorioz, Baliarrainen ere heldu dira festen azken orduetara, eta arratsaldeko herri kirol saioaren ondoren, Obaneuke taldeak izango du agur esateko ardura. Hemen duzue Ama Birjin eguneko egitaraua.
LV. txirrindulari igoerako sailkapenak:
Haurrak:
1. Iker Iribar (Tolosa): 8 minutu eta 51 segundo.
2. Unax Marotias (Tolosa): 8 minutu eta 56 segundo.
3. Aitor Elola (Villabona): 9 minutu eta 13 segundo.
Lehenengo herritarra: 4. Unax Iztueta (Baliarrain): 9 minutu eta 23 segundo.
Gizonezkoak:
1. Iban Eskisabel (Tolosa): 6 minutu eta 43 segundo.
2. Antton Labaka (Villabona): 7 minutu eta 3 segundo.
3. Iñigo Jauregi (Ordizia): 7 minutu eta 19 segundo.
Emakumezkoak:
1. Ane Albisu (Donostia): 11 minutu eta 21 segundo.
2. Maider Unanue (Arama): 13 minutu eta 10 segundo.
Lehenengo herritarra: 4. Arkaitz Arteaga (Baliarrain): 7 minutu eta 23 segundo.
Gainerako sarituak:
Gazteena: Ioritz Saizar (Berastegi, 6 urte): 16 minutu eta 18 segundo.
Helduena: Jesus Ibarbia (Bidania, 71 urte): 11 minutu eta 57 segundo.