Baliarraingo Andramariak 2017

Egun batez luzatu dituzte andramariak

Ataria 2017ko abu. 10a, 09:51

Abuztuaren 12tik 15era, ekitaldi ugari antolatu dituzte Baliarrainen, eta jai giroan murgilduko dira herritarrak. Egitaraua ikusi besterik ez dago, geroz eta beteagoa baita.

Gehiegi itxaron gabe, bertsolariekin poteoa izango dute Baliarraingo herritarrek, txupinazoa jaurti eta berehala, festa giroan sartzeko. Gauean, herritar guztiek batera afalduko dute, eta ohera joan aurretik DJ Momomok musika jarriko du.

Ajeari aurre egiteko, hurrengo egunean, meza izango dute, haurren pilota partiden aurretik. Tartean, zalgurdian ibiltzeko aukera izango da haurrentzat, sabela paellaz bete aurretik. Arratsaldean, haurrek puzgarrietan jolastu ahal izango dute, gainerakoek txapelak jaurtitzen dituzten bitartean. Jose Manuel Iriartek ere bere tartea izango du, zaldi doma erakustaldiarekin. Xabier Solanoren kantu emanaldiaren aurretik, sagardo dastaketa egingo dute.

Hirugarren eguna, astelehena, beteena izango da. Erretirodunen hamaiketakoarekin hasi, eta herri mailako maratoiarekin eta toka txapelketarekin jarraituko dute, arratsaldeko umeen jolasen aurretik. Ondoren, Ibiri ganadutegikoek zezen txikiak eta poney-ak kaleratuko dituzte. Arratsaldean, sagardoarekin eta zahagi ardoarekin gozatu bitartean, eta gauean, Tio Teronen Semeak taldearen ikuskizunaren ondoren, Elizagoien ahizpekin, erromerian dantza egiteko aukera izango da. Azken egunean ere, izango da zer ospatu. Meza nagusia eta gero, LV. Txirrindulari Igoerari ekingo diote. Herri kirolen txanda izango da arratsaldean, eta gauean, Obaneuke trikitilariek emango diete amaiera aurtengo jaiei.

Ikusi hemen egitaraua.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!