Eneko Garmendia futbol jokalariaren agurra

Asier Imaz 2017ko mai. 25a, 10:53

Ligako eta bere ibilbideko azken partidan, taldekide eta aurkariek, partida hasieran pasilloa egin zioten Intxurre KKE-ren kapitainari. PATXI RENOBALES

Intxurre KKE futbol taldean 23 urte pasa ondoren, 36 urterekin zapatilak zintzilikatu ditu baliarraindarrak.

Futbolean baino txapela gehiago irabaziko zituen lokotx biltze txapelketetan Eneko Garmendiak. Baina baloiari ostikoka aritze hori, barru-barruan darama. Kirol guztiak ditu gustuko baliarraindarrak, baina futbola, futbola da: «Dena eman dit. Koadrilatik aparte beste lagun batzuk, baita parrandako ere».

23 urteko ibilbidearen ondoren, zapatilak zintzilikatu eta futbol jokalari izateari utzi dio Garmendiak. Azken egunean prentsaren aurreko momentu hunkigarri horietakorik ez zen egon, baina berak kontatzen duen bezala, begiak lehor mantentzeko komeriak: «Denboraldiko azken partida zen, eta beroketa ariketak egin ondoren, mugimendu arraroak sumatu nituen. Urduritasun pixka bat sartzen zaizu horrelakoetan. Zelaira atera eta pasilloa egin zidaten; une horretan malkoak ez ziren urruti. Gauza asko etortzen zaizkizu burura, eta horietako bat, azkeneko partida zela. Partida bukatutakoan, besoetan hartu eta airera botaz ibili ninduten taldekideek. Gauen Intxurre elkartean afaria genuen, eta horrelaxe joan zen eguna».

Hala eta guztiz ere, oraindik zagiardoa geratzen da. Urtero bezala, Intxurre Kirol eta Kultur Elkarteko kideek denboraldiari agur zagiardoaren bueltan esaten diote. Hilaren 27an larunbatean izango da festa, Alegian, eta hor ere, ziur Eneko Garmendia gogoan izango dutela. Ez da alferrik urte gehien taldean pasa dituen jokalariak, infantiletatik seniorretara, maila guztietatik pasata. «13 urterekin hasi nintzen, infantiletan. Oraindik federatu gabeak ginen orduan. Gero mailaz maila joan naiz, eta esan behar dut, maila guztietan igoera bat behintzat ezagutu dudala; kadete, jubenil eta seniorretan. Azken maila horretan hainbeste urte pasa ditudanez, igogailu batean bezala ibili naiz, gora eta behera». Eta amaieran, arantzatxoarekin geratu da baliarraindarra: «Nik beti esaten nuen taldea hartu nuen lekuen utzi nahi nuela. Iaz igoera lortu genuen, eta noski, pena ematen zidan uzteak. Beste urtebete jarraitzea erabaki nuen, eta azkenean, mailaz jaitsi egin gara aurten. Arantza txiki horrekin noa».

Eneko Garmendiak bere burua ez du fisikoki lehen bezala ikusten, eta gustura ibili den arren, «bestela ez nuen horrenbeste denbora pasako», Xantos Irazustabarrena entrenatzaileari albistea emateko garaia iritsi zitzaion: «Infantiletan berarekin hasi nintzen, eta gero maila guztietan bera izan dut ondoan; denbora guzti honetan ez dut beste entrenatzailerik izan. Niretzat aita bat bezala izan da. Ezer esan gabe berak bazekien garaia iritsi zitzaidala; ikusten zen. Entrenamenduetara joan eta ezin entrenatu ez dakit non mina nuela eta abar ibili naiz azken denboran».

Momentu txarrak lesioekin lotzen ditu Garmendiak, pare bat gainera nahiko gogorrak izan zituen, «ahazteko horietakoak». Onen atalean golik ba ote dagoen galdetuta, umiltasunetik, bi etortzen zaizkio burura: «Azken igoera hau ez, aurrekoan, beste taldeko hirugarren sailkatuaren aurka jokatu genuen igoera fasean. Irabazten zuena igo egiten zen. Bai Donostian eta baita Alegian ere gola sartu nuen. Agian, horiek aipatuko nituzke».

AURRERA BEGIRA

Tokatu izan zaio, futbol zelaian, beste herri kirolari batekin topo egitea baliarraindarrari: lokotx biltzaile nafar batekin. Hain zuzen ere, etorkizunera begira jarrita, bi kirol horiekiko «zer?» da galdera. Ea, goazen golez-lokotx. Entrenatzaile titulua ere baduzunez, Intxurrera lotuta jarraituko al duzu? «Momentuan atsedenaldia hartu nahi dut. Baina futbola hain gustukoa dudanez, eta lagun guztiak hor dabiltzanez, alde batetik ez baldin bada, bestetik laguntzen ibiliko garela uste dut. Ezetz behintzat ezingo dugu esan». Hurrengoa: futbol zapatilak zintzilikatu dituzu; lokotxak saskiratzen jarraituko al duzu? «Ez dakit. Aurten agian bai, baina ez nago duela urte batzuk bezala. Ikusiko da aurten zer gertatzen den. Iaz txapela irabaztea lortu nuen. Aurten berriro saiatuko gara, baina ikusiko da zein baldintzetan gauden. Oraindik denbora geratzen zait, eta ea…».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!