Igande honetan izango da lehena, Gipuzkoako Sega Txapelketan Aizarnan, eta parte hartuko duten zortzi lagunetatik, lau pasako dira uztailaren 10ean burutuko den final handira. Sega pikatzen ari dela harrapatu, eta tertulian aritu gara segaz eta txapelketaz. 2008. urtean jantzi zuen Euskal Herriko Sega Txapelketako txapela baliarraindarrak; urte zailak pasa ostean, berriz itzuliko da sega hartu, eta belardietako lehiara.
Segaren arra zirikatzen izan al duzu?
Bai, iaz hasi zitzaidan zirikatzen. Azpeitian Europako Nazioarteko Sega Txapelketarako entrenatzen aritu nintzen, gustua hartu eta entrenatzen segi dut. Azkenean, Gipuzkoako txapelketan izena ematen amaitu dut.
2008an eman zenuen ezustekoa Euskal Herriko txapela jantziaz.
Bai, inork ez zuen espero, ezta nik ere. Batzuetan horrela gertatzen dira gauzak, eta horrelako sorpresentzat beti atea irekita dut nik. Oso momentu onean aurkitzen nintzen orduan, indartsu eta gogoz. Puntu onean nengoen, baina ez kasualitatez, asko saiatuta.
Nola oroitzen duzu final hura?
Sailetan ez nindoan lehena, Andoni Goikoetxea zebilen aurretik. Ni ere, nahiko ondo nindoan, belarra ondo eta txukun moztuz. Bukatuta gero ere, ez nuen espero irabazterik, baina kiloen balantzak nire aldera jo zuen. Hurrengo urteetan etorri ziren komeriak…
Zer pasa zen gero ba?
Gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala atera, eta eskas ibili nintzen. Anemia sortu, eta segan ez gozatzera igarota, nazkatuta amaitu nuen.
Orduan, arra zirika bai, baina arantza ateratzeko ere bada itzulera hau.
Bai, hori. Sega, lana izango balitz bezala sentitzera iritsi nintzen, entrenamenduak behartuta. Lanean 10 ordu egin, segan aritzera gero, jada ez ninduen asebetetzen, eta orain, horri buelta eman nahi diot: sega mundura gozatzera itzuli naiz.
Nongoak izango dituzu kontrario?
Orain badabiltza gazteak Urnieta, Hernani eta Astigarraga inguruetan. Azken herri honetakoa da iazko txapelduna, Gabirondo. Hala ere, Legorretako Esnaola ikusten dut nik faborito. Bere eguna badu, txapela gertu izango du.
Orduan 23 urte, gaur 31. Orduan arduraz libre, gaur bi ume. Entrenatzeko eta, nola zabiltza?
Lehen baino hobeto! Orain bi ume ditut, baino bestelako lana ere bai. Garai haietan obran aritzen nintzen, 10 orduko lan saioan. Gaur fabrikan nabil, bi erreleboetara, eta horrek haurrekin egon eta entrenatzeko aukera ere eskaintzen dit.
Nolakoak dira entrenamenduak?
Astean bitan soilik aritzen naiz segan. Gero, korrika eta bizikletan ibili, eta gustukoa dut astean behin kiroldegian luzaketak egitea. Luzatu batzuk eman gorputzari eta…
Orain izango da belazea entrenatzen aritzeko…
Bai, belardi nahikoa daude, baino hor ere badago kontua. Orain baserri txiki gutxi dago, eta handiak aritzen dira batik bat, granja modukoak. Eguraldi onarekin, di-da egiten dituzte belazeetako lanak traktore handiekin. Orduan, ez pentsa, belazeak bilatzeko lanik ez dagoenik. Orain gainera, jendeak terrenoak gutxiago zaindu eta sator-zuloak eta izaten dira. Pixa zabaltzean ere, belarra bakandu eta belar zakar eta handiagoa dago. Baina Asteasu, Orendain eta Amezketan uzten dizkidate mozteko sail politak.
Zu animatzea erraza izango da, baina ondoren, futbolean bezala, beste 10 lagun bilatu behar. Ez da lan gozoa izango hori ere…
Hamarreko taldea egitea erraza da, txapelketa egunetan laguntzen ibiltzeko. Zailena, egunerokotasunerako entrenamenduetan laguntzea da. Lehiaketa hiru edo lau egun dira urtean, entrenamenduak auskalo. Hala ere, ezin kexatu, badut inguruan jendea: Ianire emaztearen babesa beharrezkoa dut, eta segan, Baliarraingo Garmendia, Ikaztegietako Iraola… eta baita aita ere, orain erretiratuta zesuma dago eta. Usurbilen ere bada beste erretiratu bat, Joxe Antonio, zorrozten eta asko laguntzen didana.
Zorrozten?
Bai, segan zorrozketa eta pikatzea oso garrantzitsuak dira, ia artisau lanak. Ni orain ari naiz ikasten, eta badu berea. Oso gazte gutxik jakingo dute lan hau…
Eta hamarreko taldea nongo kideekin egin duzu?
Ingurukoak izatea gustatzen zait, gertukoak. Baliarraingo herritarrak eta Ikaztegietako kuadrillakoak…
Azken emaitzan eragiten al du taldeak?
Ez luke behar. Belarra biltzeko ez da arazorik izaten orain, ondo moztera behartuta zaude eta. Lehen, lan gehiago izaten zen belar biltzen, ez zegoen txukun mozteko obligaziorik.
Nolatan hasi zinen segaren munduan?
Baliarraingo jaietan herrikoen artean herri kirolak egiten genituen festa jartzeko, eta hartarako hasi nintzen segan ikasten. Handik, taldekako lehiaketa bat irabazi genuen Baliarraingoek Tolosan, eta gustua hartu eta jarraitu genion. Baina hori aspaldi, 2005 urteaz ari naiz.
Zer behar du segalari onak?
Gauza asko! Batetik, fisikoa, iraupena ziurtatzeko. Teknika, ezinbestekoa. Eta azkenik, indarra belar zakarra mozteko. Orduan, hauspoa, teknika eta indarra.
Baserriko lana, jada kirol hutsa bilakatu da.
Bai, aitona batzuk kenduta, ez da inor segan ibiltzen. Herri kirol guztiei gertatu zaie hori, eguneroko lana izatetik kirol izatera igaro dira.
Poliki-poliki baina irauten ari dira…
Bai, eta segak beti iraungo duela iruditzen zait. Polita da sega, teknika menperatzera iristen bazara.
Bai baina, korrika egiteko zapatila batzuk soilik behar dira, segan aritzeko beste faktore batzuk sartzen dira…
Zaila da kirol hau edozein hasteko. Demagun, Tolosako gazte batek honetan hasi nahi duela, eta nola? Nondik? Zeinengana joan behar du? Honetarako harreman sarea behar duzu: entrenatzeko, lur-sailak bilatzeko, sega pikatzeko, biltzeko… Baina bideak jarri beharko lirateke kirol hauek irautea nahi badugu. Hemen, Gazteluko Joxe Gabirondok egindako lana miresten dut. Gazteentzako aukera ireki zuen iaz: erremintak utzi, belardiak bilatu eta entrenatuz. Baina izugarrizko lanak dira horiek…
Nolatan hasi zinen segan eta ez beste kirol baten?
Aizkoran aritzeko txiki xamarra naiz. Herri kiroletan hau probatu, eta gustua hartu nion. Tira! nik ere probatu ditut pilota, futbola eta halakoak, baina han ez genuen balio. Orain bizikletan ere ibiltzen naiz: duela bi urte Quebrantahuesos proba egin behar nuela, txirrindua erosi eta egurra. Hori ere polita bai, baina gogorra.
Olasagastik dio, herri kirolak bizirik badaude, apustuari esker izan dela. Eta, egia esan, txapelketak baino arreta gehiago pizten dute halakoek. Segan aspaldi ez da apusturik jokatu…
Bai, azkenekoa iaz izan zen Astondoa eta Etxaburuaren artean: aizkora eta sega. Eta aurrekoa egin zela, jada urte batzuk igaro dira: Urki eta Alkortak jokatu zutena, korrika eta segan. Gutxituta dago erabat apustu kontua…
Inork apustua zuri botata, eutsiko al zenioke?
Nik, nire bizitzan apustu bat gutxienez gustura egingo nuke. Apustua egin eta jendea mugitzeko, erakargarritasuna izan behar du, morboa. Apustuak fina eta zentzu komunekoa izan beharko luke.
MOTZEAN
Tolosaldeko paisaia: Txindoki.
Tolosaldeko jaia: Baliarraingo festak.
Musika taldea: Hesian.
Pelikula: El zorro.
Pertsonaia bat: Tyson.