Eneko Garmendiak zazpigarren aldiz jantzi du txapela

Asier Imaz 2016ko mai. 9a, 16:00

Eneko Garmendia baliarraindarrak irabazi du Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa; ‘Boli’ bigarren izan da

Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa zazpi bider irabazi du Eneko Garmendiak. Azkena, igandean Legorretan. Baliarraindarrak honela kontatu zuen bere proba: «Hasieran Bolik dezente estutu nau. Gainera, lokotx bat kanpora bota dut, eta atzetik harrapatzea tokatu zait. Bukaeran nahiko seguru ibili naiz, eta nahiko ondo».

Garmendiak esan bezala, Jon Goikoetxea Bolik beste behin ere artista dela erakutsi zuen. Ibartarra lehiakorra da, eta berari irabazi nahi dionak izerdia gogotik bota behar izaten du. Gauzak zail jarri zizkion Legorretan Bolik Garmendiari. Hala eta guztiz ere, txapelduna lokotx biltzen historia handiko herri kirolaria da, eta egoerari buelta ematea lortu zuen, beste behin ere Gipuzkoako txapela janzteko. Amaieran, 32 segundo atera zizkion Boliri. «Aurkaria aurretik ikustean eta hutsegite bat egitean tentsio puntu bat izan dut, baina gero nahiko ondo kontrolatu dut egoera; saskia oso handi ikusten nuen, eta gustura egindako lanarekin», onartzen zuen Garmendiak.

Gipuzkoako Txapelketako lehen biek Euskal Herriko Txapelketarako sailkapena lortu zuten. Ondorioz, eskualdeko bi ordezkariak Euskal Herrikoan egongo dira. Data, oraindik ez du jarri federazioak. Horrez gain, txapeldunak Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketa jokatzeko txartela lortzen zuen. Irailaren 3an Donostian izango da. Eneko Garmendiak ordezkatuko du, beraz, Gipuzkoa lokotx biltze proban. Bere esanetan, «orain lokotxak pixka bat ahaztu eta urte guztian bezala korrika ibiliko gara, uda amaieran berriro lokotxekin hasteko».

SAILKAPENA

1. Eneko Garmendia	 6:47
2. Jon Goikoetxea ‘Boli’  7:19
3. Arkaitz Astiazaran  8:16

Argazkiak: Eneritz Maiz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!