«Merezitako omenaldia»

Tolosaldeko Ataria 2016ko mai. 6a, 12:16

Hogei urtez alkate moduan egindako lana eskertu diote Martzelino Dorronsorori Baliarraingo herritarrek.

Aurtengo maiatzaren 1a ez du ahaztuko berehalakoan Martzelino Dorronsorok. Baliarraingo herritarren omenaldia jaso zuen, 20 urtez alkate moduan egin duen lanarengatik eskerrak emanez. Isilpean antolatu zuten dena eta Dorronsorok ezusteko handia hartu zuen, ez baitzuen horrelakorik espero. Omenaldia izan eta egun batzuetara egindako solasaldian, Dorronsoro berriro ere hunkitu egin da jasotakoa gogora ekartzerakoan: «Azkeneko unera arte ez nuen sinistu ere egiten. Banekin bideo bat zegoela, baina esan zidaten herri txikiei buruzkoa zela. Eta bideoa ikusterakoan sekulakoa iruditu zitzaidan. Bideoa zoragarria izan zen, eta ondorengokoa ere berdin. Hori ez da diruarekin ordaintzen».

Omenaldia Dorronsorori buruzko bideo batekin hasi zen. Txikitako argazkiak ikusi ziren, gaztarokoak, eta gero nola udalerako herri zerrenda osatzeko bozkatuena izan zen. Alkate izan zela egindako hainbat proiektu erakutsi ziren, eta hainbat pertsonek ere hitz egiten zuten bideoan, bere esker ona emanez. Bideo emanaldia egin ondoren, bere gustuko abesti bat eskaini zioten, eta opari moduan hiru esaldi zituen giltzatako bat oparitu zioten. Txikitasunetik handitasunera, ezerezetik osotasunera eta ametsetatik errealitatera dira esaldi horiek. Dorronsorok berak azaldu duenez, «ez dira nik bere horretan erabiltzen nituen esaldiak, baina nik eraman nuen bidearekin oso ondo lotutakoak dira. Niri behintzat oso polita iruditu zitzaidan».

Ondoren frontoian jarraitu zuen omenaldiak. Han trontzan eta aizkorako erakustaldiak egin ziren, aurreskua dantzatu eta txapela oparitu zitzaion. Bukatzeko argazkia atera zuten herritarrek berarekin.

«Erdiz erdi asmatu dute»

Solasaldia egin aurretik, berriro ere bideoa ikusten aritu zen Dorronsoro eta hunkituta hitz egin du: «Sartutako ordu guztien pisua gainetik joaten zaizu. Igandean jaso nuenarekin ikusten duzu egindako lan guztiak zerbait eman duela. Hori oso garrantzitsua da».

Jende asko elkartu zen omenaldirako. Bideo emanaldia bukatzerakoan, eta jende aurrean aurkitu zenean, Dorronsoro jendeari ez begiratzen saiatu zen: «Ni emozionatuta nengoen eta jendeari begira hasten banintzen, oraindik eta gehiago emozionatuko nintzen». Bideoa berak egindako lanaren ispilua izan dela dio: «Erdiz erdi asmatu dute eraman dudan bizi guztia». Gertukoen babesa ekarri du gogora: «Familiaren babesik gabe zaila izango zen egindako lan guztia egitea. Herriko helduen babesa ere jaso dut». Omenaldiaren egunean, emozio gutxi ez eta preso dagoen ilobak ere deitu egin zion.

Omenaldiari buruzko solasaldian ere parte hartu dute antolakuntzan aritu diren Olatz Iriarte, egun alkate dena, Ane Garmendia, egun zinegotzia dena, eta Aitziber Arteaga, Dorronsoro alkate zela zinegotzi izandakoak. Hirurek bat egiten dute Dorronsorori omenaldia barrura iritsi zitzaiola. «Ezustekoa izanik, gehiago iritsiko zitzaiola ikusten genuen eta lortu genuen. Ikusi zen iritsi zitzaiola egindakoa, eta hori sari bat izan zen antolatzen aritu ginenontzat», dio Arteagak. Iriartek azaldu zuenez, «omenaldia herri bezala eskerrak emateko modu bat izan da. 20 urte lanean egon ondoren, zer edo zer merezi zuela ikusten genuen. Argi genuen zerbait egin behar genuela, ez genekien zer egin edo nola, baina garbi genuen beretzako sorpresa izan behar zuela».

Talde lana izan dela nabarmendu dute. «Herritar batzuk elkartu ginen omenaldia antolatzeko. Ikusita herritar ugari elkartzen garela maiatzaren 1ean, txekor jatea egiten delako, pentsatu genuen egun hori aprobetxatzea omenaldia egiteko. Eta pixkana antolatzen hasi ginen eta bere fruitua eman du», esan du Garmendiak.

Omenaldia isilpean izateak bere lana eskatu zuen. «Bideo muntaiak lana suposatu du, eta denon artean egindakoa izan da», esan du Iriartek, eta Arteagak gaineratu: «Jendeak asko lagundu du, berehala erantzun du argazkiak eskatu zaizkionean».

Egun Dorronsorok lotura du udal taldearekin, baina garbi du ez duela presiorik egin nahi: «Nahiago du beraiek beren martxa eramatea. Presiorik ez egitea, eta zerbait behar izanez gero emango diet babesa. Ikusten dut nahiko seguru hasi direla. Ikusten da saiatzen ari direla, eta hori da garrantzitsua». Bere aldetik, Irirartek azaldu duenez, «badakigu Martzelino prest dagoela beti laguntzeko. Gu kokatzen ari gara, eta berarekin hitz egin dugu beharra izan denean».

Herriaren alde lan egitea izan duela buruan azaldu du Dorronsorok alkate izan denean: «Garrantzitsua da herritarren interesak albo batera utzi eta herriarenak jartzea. Denengan pentsatuta egitea, eta gero horrek ematen du fruitua». Eta horrekin batera Arteagak igandeko omenaldiaren arrazoia ekarri du gogora: «Berak eman duelako jaso du, eta guk hainbeste jaso dugulako eman dugu».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!