«Supermerkatuek ere apustu egin beharko lukete bertako baserriengatik»

Erabiltzailearen aurpegia Josu Ozaita 2015ko abe. 30a, 10:35

Jon Garmendia, familiaren Irabi baserrian aritzen da lanean, Baliarrainen

Kuoten libratzetik denbora igarota, nola dago esnegintzako panorama?
Ez da aldaketa handirik sumatu. Batzuentzat aukera izan daiteke, baina Gipuzkoan dugun eremu aldapatsuagatik, beste herri batzuentzako aproposagoa izango dela lege hau iruditzen zait. Guk, nahita ere, ezingo genuke behi gehiago jarri.

Arto berdea ere lantzen duzu. Zer eragin du honek?
Etxeko jan gehiago erabiltzea lortu dugu, eta honen bidez, guk gehiago kontrolatzea prozesua. Gainera, esnearen kalitatean eragina ere badu. Hala ere, nahiz eta ekonomikoki eragina baduen, gastuak badaude: makinen alokairua, eskulan gehiagoren beharra…

Zer egin dezake Tolosaldeko herritar batek zuen ekina laguntzeko? Zein produktu erosi beharko luke?
Kaikuko bazkide izanik eta esnea bertan saltzen dugularik, bertako produktuak kontsumitzeak eragiten digu. Nik, Kaikuko produktuak edota abeltzain txikiek eraldaturiko produktuak kontsumitzea gonbidatuko nuke jendea. Inguruko baserrietan honek eragiten du azken finean.

Nekazaritzan, otarren aukera, animoa jaso eta baserritarren ekonomia hobetzeko bide izan da. Zerbait egin al daiteke esnegintzan?
Esnegintzan makinen bidez salmenta zuzenaren saiakera egin zen. Leku batzuetan funtzionatu du, baina besteetan ez. Nik gustura salduko nuke makinan, ziurtaturik izango banu eguneroko kantitate finko bat. Baina honetarako, herritarren kontzientziazioa eta konpromisoa ezinbestekoa da.

Munduko merkatuaren araberako sektorea dela dirudi esnegintzak…
Bai, bai… eta hala da. Nahiko harrapatuta gaude. Industriak ezartzen digu prezioa, baina honi ere, merkatuak eragiten dio, konpetentziak. Esan beharra daukagu, Kaiku eta Iparlatekin nahiko baldintza onak ditugula beste lurraldeetako esne produktoreekin alderatuta. Baina, hemen ere, garai hobeak bizi izan ditugu.

Eta nola ikusten duzu esnegintzaren etorkizuna?
Ez dago etorkizun argirik. Ukuilu asko itxi dira, eta berririk ez da irekiko. Errentagarritasuna lortu behar da ilusioa mantentzeko. Guk, kalitatea jaisten segi behar dugu. Txukuntasun, garbitasun eta kalitate kontrol aldetik, lehen mailan gaudela esan dezakegu. Nire ustez, supermerkatu handiek dute gure biziraupenaren giltza hein handi batean. Gutxieneko prezio batzuk akordatu beharko lirateke eremu horretan, prezioaren ikuspegitik aparte, ikuspegi soziala ere kontuan izan beharko luketelarik. Gure garrantzia baloratu behar da paisaiaren mantenuan, produktuaren kalitatean edota herri txikietan lanpostuak sortzean. Eta hemen, bertako supermerkatuek ere, apustu egin beharko lukete bertako baserriengatik. Ikuspegi ekonomiko eta prezioetatik haratagoko ikuspegia izan behar da, bestelako aldagaiak ere kontuan hartuaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!