«Asko eskertzen dugu herritarrek eman diguten babesa». Olatz Iriarte, Herritarrak zerrendako buruak esandako hitzak dira, bozkalekua itxi ondoren. 98 lagunek zuten igandean botoa emateko eskubidea udal hauteskundeetan eta 75 gerturatu ziren udaletxean kokatutako bozkalekura. «Aurreko urteetan baino jende gehiago gerturatu da eta hori eskertzekoa da», nabarmendu zuen Martzelino Dorronsoro orain arteko Baliarraingo alkateak.
20 urte eman ditu udaletxen Dorronsorok, baina azkeneko sei hilabeteak egin zaizkio luzeenak: «tentsio horrekin gaizki pasa dut, tristea izango litzateke kanpoko batzorde kudeatzaile baten esku uztea». Horregatik eskertu du udal talde berriak egin duen ahalegina, «pausoa eman dute eta hartu duten konpromisoa babestu dute gaur baliarraindarrek».
Olatz Iriarte, Ane Garmendia, L uis Lopez, Mikel Telleria eta Jokin Garmendiak osatuko dute udalbatza berria. Udal hauteskundeak ospatu eta 15 egunetara egin ohi da kargu hartzeko batzarra udaletxean, «jai egunak tarteko direla, ez dakigu zehatz noiz ospatuko dugun, baina urtarrila hasieran izango dela pentsatzen dugu», dio Dorronsorok.
Hiruerrieta udalerri gisa 1988an desegin zen eta ordudanik da Baliarrain burujabe. Hala ere, Ikaztegieta eta Orendaindik banandu zenean ez zuten bertatik aginte makilik ekarri. «Ez da inon azaldu eta falta dugu. Ezingo diot makila Olatzi eman, erreleboa egiteko», aitortu du Dorronsorok umorez.
Udal talde berria lanerako prest
Tolosaldeko gainerako herrietan ez bezala hiru hautetsontzi izan ziren atzo Baliarrainen. Espainiako kongresurako eta senaturako hauteskundeekin batera, udal hauteskundeak izan dituzte bertan. Maiatzaren 24ean zerrendarik ez zen aurkeztu herrian eta sei hilabete hauetan herritarren arteko mugimenduak izan dira. Baliarrain bidegurutzean, bizi ala hil herri bezala izenarekin prozesua abiatu zuten azaroa hasieran udal hauteskundeetarako zerrenda osatzeko helburuarekin. Sei laguneko taldea agertu da prest udalean ardurak hartzeko.
Olatz Iriarte da Herritarrak hautagaitzako zerrendaburua eta alkate lanak egingo dituena aurrerantzean. «Familia, lanagatik eta daramagun bizimoduagatik ez genuen geure burua udaletxean ikusten, baina bestalde, pausoa eman behar genuela ikusi genuen».
Udal talde gaztea da, oro har, urtarriletik aurrera lanean arituko dena. «Taldean badugu zinegotzi bezala esperientzia duen lagun bat eta seguru gaude Martzelinok ere lagunduko digula», dio Iriartek. Aurpegia berak emango duen arren, erabakiak taldean hartzeko borondatea adierazi du.
Herritarrak taldeak70 baliarraindarren babesa du lanerako. Bostek zurian eman dute botoa eta 23 geratu dira etxean.