«Udala aurrera ateratzeko erabaki genuen zerrenda osatzea»

Imanol Garcia Landa 2015ko aza. 19a, 11:19
Jokin Garmendia, Olatz Iriarte, Ane Garmendia, Mikel Telleria eta Luis Lopez, Baliarraingo udaletxean.

Herritarrak izenarekin aurkeztu da Baliarrainen herritarrek osatutako zerrenda abenduaren 20an egingo diren udal hauteskundeetarako. Olatz Iriarte, Ane Garmendia, Luis Lopez, Mikel Telleria eta Jokin Garmendia dira zerrendako kideak.


Zerrendan parte hartzea nola erabaki zuten azaldu dute: «Ikusita herria udalik gabe geratzen zela, herritar talde batek prozesu bat irekiko zela erabaki zuen, eta lehenengo bi bilerak egin zirenean, eskatu zen barne hausnarketa bat egitea. Etxera joan, bakoitza pentsatzen hasi, eta udala aurrera atera behar zela ikusita, pausoa ematea erabaki genuen».

Prozesuaren hirugarren bileran, jendearen lasaitasunari begira, kideetako batek komentatu zuen bazegoela jendea prest zerrenda osatzeko, eta irekia zegoela nahi zuenak parte hartzeko. Maiatzeko hauteskundeak gogora ekarriz, «herritar guztiek bezala» espero zuten, orain arte gertatu moduan, norbait aurkeztuko zela, baina azkenean ez zen zerrendarik osatu eta ez ziren hauteskundeak egin. «Orain eman den barne hausnarketa horrekin, hasi da bakoitza kontzientziatzen zer egin dezakeen udalari begira», esan dute, eta zerrenda hortik sortu dela gaineratu. «Hogei urte alkate aritu ondoren inork lekukoa hartzen ez zuela ikusita, Martzelino Dorronsorok hartutako pena izan zen gehien sentitu genuena».

Udal hauteskundeetarako ez da beste zerrendarik aurkeztu, beraz ez dute lehiakiderik izango. Abenduaren 20a bitarte ez dute asmorik ezer egiteko, eta hauteskunde eguna «patxadaz» hartuko dutela esan dute. «Botoak zenbatzeko garaian azalduko gara eta hurrengo egunean lanean hasiko gara».

Oraindik ez dute erabaki zerrendako bost kideetatik alkate moduan zein ariko den, eta nola banatuko dituzten beste karguak. Jokin Garmendia da aurretik zinegotzi aritu dena, beste laurentzako esperientzia berria izango da udal taldean izatea. «Hauteskundeak pasa ondoren, lehenengo gauza informazioa jasotzea izango da, bostetik lau berriak izango baikara, eta udalaren funtzionamendua ezagutu beharko dugu».

Herritarren parte hartzeari dagokionez, aurreko legealdian zeuden Kultura eta Hirigintza batzordeak mantentzeko asmoa dute. «Prozesuan egindako galdetegian erantzundakoa ere kontuan hartuko da. Jendea badago lanerako prest, eta ikusten dugunean zein den lan banaketa, orduan ikusiko dugu zer laguntza behar den. Herritarren parte hartzeari zabalik gaude eta bultzatuko dugu. Prozesuan entzun da atzeko lan asko egiteko prest dagoela jendea eta horri bidea eman nahi diogu».

Proiektuei dagokionez, aurreko legealdian bukatu gabe geratu zirenei heltzea da helburua. Esaterako, Ibiur urtegiaren pista perimetrala txukundu eta zaintzea, herrirako bidea zabaltzea, saneamendu sistema hobetzea eta plan orokorra. Hortik aurrera, herrian sortzen joaten diren beharrei ahal den neurrian erantzutea da asmoa.

Udal talde bezala legealdi honi begira daudela esan dute. «Ea hurrengorako jende gehiago dagoen prest zerrenda osatzeko». Ahal duten ondoen egingo dutela gaineratu dute. Zerrenda osatzeko jendea prest zegoela jakitean, herrian lasaitasuna zabaldu zela diote: «Zoriondu egin gaituzte, eta laguntzeko prest daudela ere esan digute. Ea guztion artean Baliarrain aurrera ateratzen dugun».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!