Herri bezala irauteko prozesu bat antolatu dute Baliarrainen

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 27a, 21:00
Maiatzean egin ziren udal hauteskundeetan, soilik foru aldundirako hautestontzia izan zen Baliarrainen. I.G.L.

Udal hauteskundeetarako herrian zerrenda osatzea da prozesuaren bultzatzailea den herritar taldearen helburua. Abenduaren 20an izango dira udal hauteskundeak, Espainiako hauteskunde orokorrekin batera.


Bigarren aldiz egingo dira udal hauteskundeak herrian, maiatzean ez baitzen zerrendarik aurkeztu, eta beraz, egun udal gobernua funtziotan dago. Herritar talde batek prozesua abiatu du, herrian udal zerrenda osatzeko helburuz. Ezin gordinagoa jarri diote izena prozesuari: Baliarrain bidegurutzean, bizi ala hil herri bezala.

Maiatzean, herrian zerrendarik osatu ez zenean, Baliarrainen «herri lotsa» zabaldu zela diote: «Lotsa kolektiboa, ez baita zure, nire edo haren ardura soilik; 18 urtetik gorako guztiona baizik». Zerrendak aurkezteko epe zehatza oraindik ez du azaldu hauteskunde batzordeak, baina azaroaren 16tik 20rako bitartean izango da. Herritar taldeak azaldu duenez, «ez badugu zerrendarik osatzen herrian, Baliarraingo kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren esku geratuko da. Gainera, ostera, auzo bilakatzeko aukera dago beste herri baten itzalpean. Hau da gure herriko errealitate gordina».

Irtenbidea herrigintzan auzolana egitea dela esan du herritar taldeak. «Hiruerrietatik banatzeko egin zen lan guztiarekin, ez dugu jakin jarraipena ematen: krisia etorri da eta krisia dugu. Baina zorionez soluzioa ez dago aldundia, Eusko Jaurlaritza edota Bruselaren esku. Irtenbidea hemen dago, gure artean».

Herrigintzan auzolana eginez, «bost pertsonen arduratik, zerbait kolektiboagoa izatea» proposatzen dute. Bide horretan, «bestearengandik baino norberetik hastea» esan dute, «hobe delako bakoitzak pausoak ematea, herri bezala aurrera egiteko. Honetarako beharrezkoa da herritar bakoitzaren egoera, gogo eta denborara egokituriko tresnak sortzea». Herrigintzak «bizi-poza, satisfazio, garapen pertsonal, harremanen txoko edo plazer izateko» ere balio duela diote, eta horretarako «baliabideak eta neurriak» jarri behar direla gaineratu dute.

Baliarrainen bizi den egoerarekin kezkaturik dagoela dio herritar taldeak, eta horregatik antolatu dutela hausnarketa prozesua azaldu dute. «Guztion artean egiteko da. Etxe bakoitzetik bana, ez, etxe guztietatik denak etortzea beharrezkoa ikusten dugularik egoeraren larritasuna kontuan izanda».

Lehenengo pausoa ostiral honetan izango da. Baliarraingo esperientziak jasotzeko, mahai ingurua antolatu dute, Hiruerrieta utziz, Baliarrain herria izenburuarekin. Hiruerrieta Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain herriek osatu zuten zenbait urtez, gero bakoitzak bere bideari ekiteko. Mahai inguruan, Hiruerrietan Baliarrain ordezkatuz zinegotzi izan zirenak, eta Baliarrain berriro herri izaera izan zuenean zinegotziak izan zirenek parte hartuko dute.

Bigarren pausoa herri batzarra egitea izango da. Bertan herritar guztien parte hartzea garrantzitsua dela nabarmendu dute, eta erraztasunak izateko, haurtzaindegi zerbitzua ere jarriko dela azaldu dute. Dinamikaren aldetik, parte hartzaileak lau edo bost taldetan banatzea aurreikusten dute, eta talde bakoitzak lau gairen inguruan hausnartzea. Batetik, zerrendak zein profil izan beharko lukeen. Bestetik, udalean zein alor edo ardura egoten diren, eta horri proposamenak gehitu. Hirugarren gaia, marroi izatetik gozatu eta satisfaziora nola pasa daitekeen ikustea. Azkenik, herria nola antolatu daitekeen ikustea, hau da, zenbat batzar egitea urtean eta zenbat batzorde osatzea, esaterako. Herri batzarra amaitzeko, taldeetan sortutako ondorioak eta balantzea egitea aurreikusten da. Luntxa izango da ondoren, Zartagi tabernan, udalaren eskutik.

Prozesuaren hirugarren pausoa hausnarketa pertsonala egitea izango da. Norberaren konpromisoa zehazteko galdetegi/gutuna pasako da etxeetara eta egun batzuen ondoren, herritarrek bere erantzuna zehaztuko dute. Hurrengo pausoa, konpromisoa adierazten dutenen artean bilera egitea izango da, ikusteko zerrenda osatzeko aukera dagoen. Azkenik, bilera horren ondorioz zerrenda osatzen bada, horren aurkezpena egitea izango da.

Egitaraua

Urriak 30, ostirala
19:00-21:00. Mahai ingurua, Hiruerrieta utziz, Baliarrain herria izenburuarekin. Parte-hartzaileak: Joxe Ramon Zubeldia, Juan Ramon Dorronsoro, Juan Ramon Nazabal, Alfontso Jauregi, Juan Olaizola, Koldo Jauregi eta Martzelino Dorronsoro. Moderatzailea: Xabier Olano (idazkari ohia). Ondoren, luntxa Zartagi tabernan udalaren eskutik.

Azaroak 6, ostirala
19:00-21:30. Herri batzarra egingo dute. Ondoren, luntxa Zartagi tabernan udalaren eskutik.

Azaroaren 9tik 12ra
Hausnarketa pertsonala: herriarekin ardura edo ez. Azaroaren 9an, astelehenean, norberaren konpromisoa zehazteko galdetegi/gutunak banatuko dira eta ostegunean jaso, 21:00etan.

Azaroak 14/15
Bilera konpromisoa izan dutenen artean. Hurrengo pausoa, zerrendaren aurkezpena edo foru aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren esku uztea zer gertatuko den herriarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!