Herriko zerrenda ez ezik, bestelako zerrendarik ere ez da aurkeztu Baliarrainen, eta sei hilabetetara berriro errepikatuko dira udal hauteskundeak. Ordurako, Dorronsorok espero du herrian jendea mugituko dela.
Zure aldetik, ez aurkezteko erabakia hartzerakoan, nahikoa dela esateko modu bat izan da?
Nik uste dut momentua iritsi dela, jarraitu dut urte askotan, baina gauza guztiek bere bukaera behar izaten dute, eta garaia da besteek ardura hauek hartzeko, jakiteko udala zer den eta udal kontuak nola egiten diren barrutik ikusita. Udala oso ezberdina delako barrutik eta kanpotik. Jendeak pasa behar du hemendik jakiteko zer den udal bat.
Gogoan duzu nola hartu zenuen erabakia orain 20 urte alkate moduan aurkezteko?
Lehen Joxe Ramon Zubeldia zegoen, eta berak planteatu zidan. Ikusten zuen alkatetzarako pertsona egokia nintzela. Niri ez zitzaidan horrelakorik ere burutik pasa, beste gehiagok bezalaxe ardura izugarria zela ikusten nuelako. Gero herrian egin zen bozketa eta boto gehien jaso nuenez, pentsatu nuen ezin nuela atzera egin, eta horrelaxe jarri nintzen.
Nola deskribatuko zenuke herri txiki bateko alkatearen jarduna?
Beti pentsatu dut, eta hau gehiagotan komentatu dut, etxe bateko lana bezalakoa dela. Lan astun bat, egunero egin behar dena, eta egunero jarraitu behar dena bestela pilatzen joaten delako.
20 urte hauetan une txarrak eta onak izango zenituen. Zeintzu izan dira unerik txarrenak?
Hasi nintzen garaian, berria izateaz gain, orduan genuen urtegiaren kontua, desjabetzeak martxan jarrita. Eta horrekin izugarrizko egun txarrak pasatu genituen eta borroka izugarri batzuk egin genituen. Alde batetik urtegia, eta, bestetik, herria husten ari zen eta horri buelta eman behar genion. Hor bai asko sufritu genuela; beste herri batzuekin elkartu eta erakundeei adierazten herri txikiak husten ari zirela eta horri buelta eman behar zitzaiola. Hortik hasi ginen, eta unerik txarrenetako batzuk horiek izan ziren.
Eta une onak?
Beti dituzu. Herria proiektu bezala hartu behar duzu, eta zuk zure ideia batzuk izan behar dituzu. Ideia horiek lortzen ari zaren heinean, momentu onak ikusten dituzu, zuk buruan duzun hori aurrera doala, asmatzen ari zarela eta proiektu horiek uztartzen direla. Herri baten gauzarik politena da buruan duzun proiektu hori aurrera ateratzea. Ni alde horretatik nahiko gustura nago; buruan neuzkan gauzak behintzat, lehen imajinatzen ez genituenak ere, lortu ditugu. Horrek ematen dizu poza.
Proiektu horien artetik zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Herriari buelta ematea izan da garrantzitsuena. Bestela, herria goitik behera zihoan, eta orduan buelta eman ez bazitzaion, ez dakit gaur non egongo ginen. Gainera erakundeetatik esaten ziguten herri txikiak karga bat zirela bai aldundiarentzako eta bai besteentzako ere, eta orduan horri buelta ematea garrantzitsua izan da. Gero, proiektuei dagokionez, pixkanaka joan gara eta zaila da pixkanaka zoazenean proiektu guztiak ondo uztartzea, baina nahiko modu ordenatuan joan dira eta herriak behar zuen unean lotzen joan gara.
Azken urteotan herriko plaza oinezkoentzat jarri da, eta udaletxe azpian ere lokalak egokitu dira.
Proiektu bat hasten duzun garaian, gauza batek bestea eskatzen du. Oso beharrezkoa zen herriko plaza lasai ibiltzeko leku bat izatea, bai haurrentzako eta baita denentzako ere. Saihesbidea egitea izan zen lehendabiziko gauza ona. Orain ikusten da lasaitasuna dagoela, umeak eta beste edonor ibiltzeko. Gainontzekoak osagarriak izan dira, esaterako, pilotalekua, egin ditugun lokal berrietan ile-apaindegia eta abar jartzea... Azkenean denek proiektu bat osatzen dute. Garrantzitsuena hori da, herri txiki batean behintzat, ez dakizulako diru laguntzak nondik aterako diren. Eta, gauza bat pentsatuta edukiagatik, agian beste gauza bat eramaten duzu aurrera diru laguntzak horrekin lotura duelako. Zain egon behar duzu eta ahalegindu behar duzu proiektuak ahalik eta bateratuenak izaten.
Eta proiekturen bat egin gabe geratu dena eta bereziki pena ematen dizuna?
Dudarik gabe dugula. Bat, behintzat, oso garrantzitsua dena, herrirako bidea zabaltzearena. Hain estua dugu... eta aspaldiko proiektu bat da, urtegiarekin lotuta zegoena. Baina gauza bat eta bestea dela-eta erakunde ezberdinek elkarrekin bat egiten ez dutelako, egin gabe dago. Herrirako bidea eta urtegiko pista perimetrala, saneamendua ere horrekin doa, eta horiek bai geratu zaizkigula egin gabe. Hor ere lotuta zegoen San Juan iturrirako bidea hobetzea ere, eta horiek denak zintzilik geratu dira.
Diru laguntzen mende bizi da Baliarrain, ezta?
Hemen ez dugu industriarik, eta nekazaritzatik jasotzen dugu diru sarreretako bat, edo aldundiak ematen duen foru fondotik jasotzen duguna ere bada. Gainontzean zergetatik beste zerbait jasotzen dugu. Horregatik zenbait proiektu ezin izan ditugu aurrera eraman, %50eko diru laguntzarekin ezin gara hasi edozein proiektu egiten. Beti itxaron behar izan dugu urte batzuk, egiten diren proiektuak %80 edo %90eko diru laguntzarekin egiteko. Diru laguntzarik gabe ezin da herri txiki hauetan ezer egin.
Udalean ere hainbat herritarrekin aritu zara lanean urte guzti hauetan. Gero horietako inor ez da alkatetzarako aurkeztu?
Jende dezente pasatu da, eta dudarik gabe talde izugarri onak osatu ditugu. Herri txikietan talde bat behar duzu, bestela ezin duzu alkatetzan aurrera jarraitu. Pertsona batzuek urte asko eman dituzte, beste batzuek gutxiago. Ez dakit orain zergatik ez duten jarraitu nahi. Udala ezagutzen duen jendea badago, baina hortik alkate izatera saltoa ikusten dute. Bi zinegotzi aurkeztu dira, baina bost behar dira, eta horregatik ez da talderik osatu.
Beste herri txikietan ere zailtasunak izaten dira zerrendak osatzeko?
Bai, azken batean ikusten da ardura hori hartzeko beste gauza batzuk baztertu egin behar direla, edo esfortzu pixka bat egin behar dela. Nik ikusten dut herriaren etorkizuna jokoan dagoen garaian, errespetua zor zaiola herriari eta herritarrei. Nik hogei urte egin baditut, lau urte egiteko konpromiso hori hartu dezake jendeak. Konpromiso hori eramateko beste gauza batzuk baztertu egin behar dira, baina nik uste dut herri batek merezi duela lau urtez behintzat gauzak egiteko borondatea izatea.
Ze ezaugarri behar ditu herri txiki bateko alkate on batek?
Galdera oso ona. Ezaugarri oso gutxi behar ditu, lana egiteko borondatea. Lanerako borondatea baduzu, beti bilatzen duzu norbait zuk ez dakizun gauzak azalduko dizkizuna. Borondatea behar da, gauzak ondo egiteko eta proiektuak aurrera eramateko. Eta proiektu bat buruan izan behar da nolako herria nahi duzuna azalduko duena. Oso garrantzitsua da hori, baita ingurukoek zer esaten duten entzutea. Hortik aurrera gaur egun ez dago arazorik. Herria ezagutu behar da, nola funtzionatzen duen, nolako herria izan den, eta lehengoko gauza batzuk ere mantendu egin behar dira. Gaur egun ez da perfil berezirik behar herri bateko alkatea izateko, lanerako borondatea izatea.
Baliarrainen ez da aurten zerrendarik aurkeztu. Ez herrikorik, ezta alderdiren bati lotutakorik ere. Zergatik?
Nik uste dut alderdi batek badakiela, aurkeztu arren ere, ez dela aurrera aterako. Bestalde, Baliarrainen ez zen espero zerrendarik ez zela aterako.
Berriz hauteskundeak errepikatuko dira sei hilabete barru. Zerrendarik osatuko da?
Une honetan jendea isilik dago eta ez dut batere mugimendurik ikusten. Baina jendeak ardurarik badu, ondorengo sei hilabeteotan gauzak hobeto pentsatu beharko ditu. Herria nahi baldin badugu, zerbait egin beharko da, mugitu beharko da. Sei hilabete hauetan mugituko ez balitz, oraindik eta dezepzio handiagoa hartuko nuke, herri honek ez duelako hori merezi. Iruditzen zait sei hilabete horietan zerbait egin beharko dela eta herritarrek talde bat aurkeztu beharko dutela egoera horretara ez iristeko. Tristea da Baliarrain bezalako herri bat inor aurkeztu gabe geratzea.
Sei hilabete horietan jarraituko duzu edo dimisioa aurkeztuko duzu?
Niri dimisioa ez zait burutik pasa. Une txarrak pasa beharko dituzu, oso gaizki egongo zara, baina dimisioa pertsona batek dezakeenazkeneko gauza da. Gauzak konpontzen jarraitu behar du, eta ez dimisioa eman, eta horrelako herri txiki batean are gutxiago. Beste sei hilabete jarraituko dugu, funtziotan beti ere, eta horrek nik uste dut jendeari zer pentsatua eman behar diola. Herritarrik aurkezten ez bada herria zer egoeratan geratzen den ikus dezatela.
Zerrendarik ez bada aurkezten, aldundiatik orain zaudetenoi galdetuko dizue ziurrenik jarraitu nahi duzuen. Zer egingo duzu orduan?
Nik garbi dut ez dudala jarraituko. Udalean gaudenoi galdetzea, azaldu dugunean ez dugula jarraituko... Ez dut besteekin gehiegi hitz egin, baina nik uste dut besteek ere berdin pentsatzen dutela eta ez dutela jarraituko. Beste gauza bat da aldundiatik kudeaketa batzorde bat izendatzea eta beraiek zehaztea ze jendek jarraitu behar duen. Baina nik ez dut jarraituko.
Aldundiak ezin badu kudeaketa batzorde bat osatu, aldundiatik bertatik kudeatuko da udala. Zer suposatuko luke horrek zuretzako?
Kudeaketa batzordea osatuko ez balitz, ez dut imajinatu egin nahi ere. Aldundiatik Baliarrain eramatea aldundiari Baliarrain entregatzea izango litzateke. Hainbeste urtetan borrokan aritu ondoren... Pentsa, orain 400 urte saiatu ginen Tolosatik banatzen, eta garai hartakoek ordaindu behar izan zuten, gainera... Eta gaur egun herri bat ez mantentzaeagatik aldundiaren esku uztea... Hori izugarrizko arduragabekeria eta errespetu falta izango litzateke.