130 pertsonatik gora elkartuko dira txekor jatean

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 30a, 12:23

Ohi bezala, maiatzaren 1ean Baliarraingo frontoia bete egingo da herritar eta lagunekin. Ainara Mendizabalek eman du ekitaldiaren berri.

Giro berezia izaten da Baliarrainen maiatzaren 1ean. Txekor jatea egiten dute frontoian eta jendez gainezka izaten da. Bihar ere halaxe izango da, antolakuntzako kide den Ainara Mendizabalek azaldu duenez: «Arrakasta handia duen ekitaldia da. Gutxi gorabehera 130 eta 150 pertsona bitarte elkartzen gara. Aurten 130 pertsona inguru daude izena emanda, eta gero azkeneko unean izango dira azaltzen direnak, beraz, 150 pertsona inguru izango garela uste dut».

Esanguratsua da Baliarrainek dituen biztanle kopurua baino gehiago elkartzen direla txekor jatean, eta horrek erakusten du ekitaldiaren arrakasta. «Herriko den-denak ez gara elkartzen txekor jatean, gehienak bai, baina inguruko herrietatik lagunak eta familiakoak ere etortzen dira. Txekorra ondo prestatzen dute, eskua oso ondo hartua dute. Ekitaldi polita da denak elkartzeko eta ondo pasatzeko», azaldu du Mendizabalek.

Txekorra frontoian bertan prestatzen dute. Gaur gauean hasten dira, txekorra lotuz, eta gero txandaka aritzen dira gauean zehar txekorra erretzeko, ikatza kontrolatuz. Gaur arratsaldean entsalada ere prestatzen dute eta bihar jarriko dituzte mahaiak eta aulkiak.

Bazkaria 14:00etan hasten bada ere, 10:00etarako ere mugimendua izaten da. Izan ere, lore saltzaileek postuak jartzen dituzte, eta eguerdian ere jendea frontoi aldera gerturatzen da, txekorraren prestaketa nola doan ikusteko. Beste urteetan bestelako ekitaldiak ere antolatu izan dira, baina aurtengorako ez dute ezer pentsatuta.

Mendizabalek dioenez, «oso ondo» pasatzen dute ekitaldiarekin: «Hasi erosketak egitearekin, gero txekorra prestatzea dela, gero egunean zehar kontutan, ikusten ez duzun jendearekin egoten zara... Azkenean herritarren artean elkartzeko balio izaten du».

Egitaraua

Maiatzak 1, ostirala

10:00. Lore saltzaileek euren postuak jarriko dituzte.

14:00. Bazkaria, frontoian

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!