Txakolinaren upeletik dator dema

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 15a, 10:35

Baliarrain eta Akarregi Txiki txakolindegiaren artean, herri kirol norgehiagoka izango da apirilaren 25ean. Jokin Garmendia, Eneko Garmendia eta Unai Iraolak eman dute apustuaren berri.

Euskaldunak apustuzaleak direla diotenek, badute bere ustearen enegarren heldulekua. Oraingoan Baliarraingo herritarrak dira protagonistak, batetik, eta Getariako Akarregi Txiki txakolindegiko jabea, bestetik.

Baliarrainen ohitura dute urtean behin txakolina dastatzeko irteera antolatzekoa. Iaz ere egin zuten eta ia 40 pertsona elkartu ziren Akarregi Txiki txakolindegian. Dema nondik sortu zen azaldu du Jokin Garmendia trontzalari baliarraindarrak: «Nagusiarekin ari ginen hitz egiten mahaiaren inguruan, eta ez dakit nondik atera zen kontua, baina jakin genuen bere koinatua aizkoran aritzen zela eta hari apustua jokatuko geniola hasi ginen». Aurretik, Garmendia berak, eta berarekin trontzan aritzen den Unai Iraola ikaztegietarrak, Ordizian jokatuta zuten Azurmendiren aurka, hau da, aizkolaria trontzalarien aurka.

Handik hasi zen kontua eta jabearen semea ere tartean sartu zen. Txingan ere ariko zirela eta lokotxak biltzen ere jokatuko zutela, eta horrela hasi zen apustua borobiltzen.

Baliarrain ordezkatuz ondoko laukotea ariko da: aipatutako Jokin Garmendia eta Unai Iraola trontzalariak, Eneko Garmendia baliarraindarra lokotx biltzen eta Juanjo Zubeldia irurarra txingetan.

Hilaren 25ean, 12:30ak inguruan izango da norgehiagoka. Oraindik guztiz erabakita ez badago ere, demak izango duen itxura honakoa izango da: beste taldeko Zubizarreta aizkolariak sei kanaerdiko moztu behar ditu, eta trontzalariek Gipuzkoako Txapelketan egin ohi duten lana egingo dute, hau da, 18 korte egin behar dituzte kanaerdiko enborretan, sei etzanda, sei zutik eta berriro beste sei etzanda; lokotx biltzen Gipuzkoako Txapelketako lana egingo dute bi taldekoek, hau da, 50 lokotx jasotzea; eta txingetan 10 plaza egitea izango da lehiakide bakoitzaren lana.

Dena jarraian egingo da. Beraz, lan bat bukatzean bigarrena hasiko da eta ondoren hirugarrena. Lan guztiak bukatzen azkarrena den taldeak irabaziko du. Baliarraingo taldeak aurkari moduan Zubizarreta aizkolariaz gain, txakolindegiko nagusiaren semea eta bere lagun bat izango dituzte, azken hauek arraunean aritzen direnak.

Eta zer dago jokoan?
Hasiera batean apustu moduan zehaztu zen norgehiagoka. «Janaria guk eramaten dugu eta 15 euro inguru ordaintzen du bakoitzak txakolinarengatik», diote. «Apustua zehaztu zenean galduz gero, txakolina bikoitza ordaindu behar zen, eta irabaziz gero, doan izan zen». Orain jaialdi moduan izango omen da dema, eta txakolindegiko nagusiak esan du irabazten duen taldeak txakolin kaxak jasoko dituela.

Ez da halere, Baliarrain herriaren eta txakolindegiaren arteko dema hori hilaren 25ean Akarregi Txikin ikusiko den bakarra. Izan ere, txakolindegiko nagusiak beste norgehiagoka bat proposatu zien Garmendia eta Iraola trontzalariei: motozerra baten aurka aritzea. Kasu honetan txakolindegiko nagusiak trontzalarien alde egingo du. Ondorengoa izango da egin beharreko lana: bi kanaerdiko etzanda zeinek lehenago ebaki.

Giroa polita izango dela espero dute lehian ariko direnek. «Herrian beldurra dago ea zer egingo dugun. Ondo prestatzeko esaten digute, bestela urte guztian entzun beharko diegula», dio Jokin Garmendiak. Halere, azkenean ez dirudi txakolinaren prezioa jokoan izango denik, eta, beraz, autobusean joaten direnak ez dute ezer jokoan izango.

Prestaketa lanak oraindik hasi gabeak zituen aurreko astean Eneko Garmendiak: «Korrika-eta pixka bat bai, baina lokotxak biltzen ez naiz hasi. Frontoian entrenamendu seriorik ez dugu egin, eta hasi beharko dugu». Lokotx biltzeko lehian ez da sasoia kontuan hartu behar bakarrik, teknika ere garrantzitsua da, eta horretan Garmendiak abantaila izango du, Euskal Herriko zein Gipuzkoako txapelketak irabazi baititu baliarraindarrak. «Arraunlaria bada, fisikoki ondo egongo da, baina horrekin bakarrik ez du zer eginik. Gero ez badu asmatzen saskian sartzen... Pentsatzen dut gaindituko dugula». Garmendia trontzalariak gaineratu du: «Herrian duten esperantza hori da, Enekok aterako dion aldea».

Bi trontzalariak eta lokotx biltzailea herri kiroletako txapelketetan aritutakoak dira, eta baita irabazi ere. Lokotx biltzeko Gipuzkoako Txapelketa ez dago zehaztuta noiz izango den. «Oraindik goiz samar da», dio Garmendiak. «Maiatzetik aurrera hasten dira txapelketak eta oraindik ez dute abisurik eman». Trontzari dagokionez, ez dute uste egingo denik: «Lehengo urtean ez zen Gipuzkoako Txapelketarik egin eta aurten ere ez dugu uste egingo denik, jendea falta da eta».

Errotutako ohitura
Hamar urte edo badira Baliarraindik autobusa antolatzen dutela txakolindegira joateko. Azken bost urteak Akarregi Txikira joan dira. Ikaztegietatik Iraola bakarrik joan ohi da, baina aurten kuadrillakoren bat edo beste gehituko zaiola uste du herri kirolen jaialdia dela eta.

«Giro polita» izaten dela dio Eneko Garmendiak: «Jendeak beldurra du, txakolinarekin mozkortu egingo direla uste dutelako, baina azkenean, ondo janez gero eta neurrian ibilita, giro polita sortzen da eta gustura aritzen gara».

Esan bezala, janaria beraiek eramaten dute. Bi edo hiru lagun aritzen dira sukaldean, tartean bi Garmendiatarrak. «Bakailoa tomatearekin prestatu ohi dugu, gero txuletak eramaten ditugu eta bertan erretzen dituzte. Aurretik atuna eta antxoak jarri ohi ditugu».

35 pertsona inguruk eman dute izena aurten txakolindegira joateko. Menua prest izango da hilaren 25erako, eta herri kirol norgehiagoka ere bai. Giroa, beraz, ziurtatu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!