Baliarrain herriak 224 biztanle zituen 1900. urtean. Ondorengo lehen mende erdian biztanle beherakada izan zuen, Gipuzkoako beste herrien joera ez bezala, 1950an gorakada txiki bat bizi izan bazuen ere. Batik bat, komunikazio faltaren eta isolamenduaren ondorioz gertatu zen.
1960. urtean 180 biztanle zituen herriak. Hurrengo hamarkadetan populazioaren zahartzea eta herritik kanporako migrazioak etorri ziren, industrializazio eta baserri bizitzaren krisiaren ondorioz 20 urtetan 113 biztanlera igaroaz.
1991. urtean Iruerrieta (Ikaztegieta, Orendain eta Baliarrain biltzen zituen herria) desegin eta burujabetzarekin herri bezala bizitzen hasi zen. Orduan 99 biztanle zeuden herrian. 2000. urtean, berriz, 88 herritar.
Ondorengo urteetan populazioa mantendu egin zela esan daiteke. Hala ere, kontuan izan behar da Ibiur urtegiak harrapaturiko baserriak. Honek sortu zituen mugimenduak eta etxe berri gutxi batzuen eraikuntza herri gunean. Honela, 2008. urtean 100 baliarraindar zeuden.
Azken bi plan orokorren eragina
Herri guneko aldaketen ondorioz, Muño gain eta Malkor biziguneak, azken sei urteetan Baliarrainek biztanleriaren aldetik gorakada bat izan du, 135 biztanlera iritsi arte.
II. Munduko Gerratearen ostean hainbat Estatutan jaiotza tasen gorakada izugarria bizi izan zen. Hau baby boom fenomenoa bezala ezagutzen da. Beste zenbait Estatutan ere, baby boom edo jaiotzen leherketa beste arrazoi batzuk direla medio gauzatu dira. Hala nola, iraultza industrialaren ondorioz, edo migratzaileen haur gehiago izateko joeraren poderioz.
Baliarraingo kasuan, aldiz, aurreko bi plan orokorren diseinuak nabarmenki eragin duela ikusi daiteke.
Herriko azken 26 urteetako jaiotzak aztertzen dira Jaiotzak grafikoan (1988-2014). Ikus daitekeen bezala, 1988 eta 2006 urte bitarte, 18 urtetan hain zuzen ere, 11 jaiotza izan ziren. Baziren haurrak jaiotzen ziren urteak, baina baita haurrik jaiotzen ez zen urterik ere. 2006 urtetik aurrera ordea, bestelako egoera bat gertatu da. Etxe berriek jende berria erakarri edota bertako gazteei herrian bertan gelditzea ahalbideratu izanak, haur jaiotza biderkatu du. Honela, azken 9 urteetan 24 haur jaio dira, bost haur jaio direneko bi urte izan direlarik (2011 eta 2012).
Mundu guztiko kultura, gizarte eta talde guztiek badute zerbait komunean: guztiok gure haurrak zaintzen ditugu. Azken finean, hori ez bada egiten, kultura, gizarte eta taldeak desagertuko lirateke. Baliarraingo herria ere horren jabedun egin eta herria bizirik mantentzeko haurrak izateko bideak erreztu zituen.
Oharra: Baliarraingo Zartagie herri aldizkarian idatzi zuen artikulua Josu Ozaitak.