Plan orokorra landuz herritarren parte hartzea bultzatu dute Baliarrainen

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 27a, 11:53

Dinamizatzaile baten laguntzaz lanketa bat egin dute «biharko Baliarrain marrazteko» helburuarekin

Bost hilabetetan zehar parte hartze prozesua bultzatu da Baliarrainen, bertako herritarrek aurrera begira nolako herria nahi duten erabakitzeko. Helburu orokorra eta nagusia plan orokorra diseinatzea izan da. «Oinarri sendo bat bildu da honetarako», azaldu du prozesuaren dinamizatzaile lanetan aritu den Josu Ozaitak. «Herritarrek ahalik eta informazio gehiena izan eta beren iritziak kontuan izatea ahalbideratu da».

Parte hartzea bultzatzea ere helburu garrantzitsua izan da lanketa horretan. «Hausnarketan oinarrituta herriak nola antolatu nahi duen erabakitzea», zehaztu du Ozaitak. «Bide honetan herritarrek boterearen ikuspegia landu dute beti ere komunitatean eztabaidatu eta kolektiboarentzat ahalik eta erabaki hoberenak hartuaz». Parte-hartze zabala izan da: 49 etxeetatik 43 etxek parte hartu dute galdetegian, herri batzarrean 34 lagun izan ziren, eta ia haur zein gazte guztien iritzia jaso da adin tarte horiekin egindako bileretan.

Plan orokorrari dagokionez, jasotako informazioa «arkitektoak aztertu beharko du eta aurrera begirako pausoak markatu», zehaztu du Ozaitak. Gai horretan aurrera begirako puntuak, batetik, etxe eta baserri hutsen jabeekin bilera pertsonalak egitea beren asmoak biltzeko, eta bestetik, galdetegia osatzea izango da, adibidez, etxeetan etxebizitza gehiago egin daitezkeen galdetzeko. Zerbitzuen alorrean ere kontuan hartzeko bi puntu daude jasota: baserrietan zuzenean erosteko aukera, eta tabernan okindegi eta dendatxo zerbitzua.

Herri giroa berpizten
Lanketa horretan jorratu den beste gai nagusietako bat herri giroa izan da. «Herri giroa hozturik egotea zen herritarren arteko pertzepzio zabalduena», esan du Ozaitak. «Honetan egin dugu saiakera berezi bat. Ikastaroetan jende mordoak eman du izena, guztira 36k, lanketa gogor baten ostean. Ezinezkoa izango zen kultur-zinegotzi eta udal-langileekin egindako elkarlanik gabe». Bestalde, herritarrek hala eskatuta, pintxo potea bultzatu da Zartagi taberna-jatetxean eta dagoeneko martxan da.

«Bestetik, etxez etxekoan agertu zen behar bati eman zaio soluzioa», azaldu du Ozaitak. «Helduenek bilguneak eskatu zituzten, elkarrekin egoteko parada izateko. Herriko 2 emakume eta udal-langileen lanari esker, astero biltzen dira herriko helduenak». Haurren aldetik bi eskari izan dira. Batetik, frontoian porteriak jartzea, eta, bestetik, Haloween festa.

Herritarren parte hartzeari dagokionez, aurrera begira urtean bi herri batzar egitea proposatu da, eta bi lan talde osatzea ere, horietako bat kultura alorrekoa eta bestea plan orokorra lantzekoa.

Prozesuan informazioari eman zaio garrantzia, eta Baliarraingo zartagie aldizkariaren sei zenbaki argitaratu dira. «Etengabe herritarrek informazioa jaso dute eta prozesuaren nondik norakoen jakitun izan dira», azaldu du Ozaitak. «Informazioa izateak guztion iritziak osoago izatea dakar». Aurrera begira erabaki beharko dute aldizkariaren beharra dagoen eta zenbaki gehiago argitaratuko dituzten.

Plan orokorraren garrantzia
Martzelino Dorronsoro alkateak hilabete hauetako prozesua nola hasi zen azaldu du: «Arau berriztatzaileak agortuak ditugu eta ikusten genuen heldu behar zitzaiola horri». Aurretik beste parte hartze prozesu bat izan zen: «Eusko Jaurlaritzak atera zuen laguntza bat genero indarkeriaren inguruko txosten bat egiteko. Txosten hori egiterakoan ikusi genuen plan orokorra bultzatzeko ere izan zitekeela aukera ona».

Lanketa horren ondorioz, ikusi zuten plan orokorra aldatu egin behar zela eta horri heldu zioten. Horretarako «partaidetza handia behar zela ikusi zen, udalak bakarrik ezin zuela aurrera eraman», esan du Dorronsorok. Hain justu, aldundiak diru laguntza atera zuen parte hartzea bultzatzeko, eta herrian galdetuta, Josu Ozaita aurkeztu zen prest lan hori dinamizatzeko.

Plan orokorrak duen garrantzia nabarmendu du Dorronsorok: «Herri batek ezin du jarraitu plan orokorrik gabe. Arau berriztatzaileak agortuta badituzu, hirigintzarekin lotutako ezer ezin da egin. Esaterako, etxe bat ezin da egin Baliarrainen momentu honetan».

Plan orokor hori «ondo egitea beharrezkoa» dela azaldu du alkateak: «Kontua ez da udalak eta bi lagunek egitea hori, baizik herritar guztien parte hartzearekin egitea, gero etorkizunean hartu diren erabakien arduradun denok izan gaitezen».

Ozaitak dinamizatu duen prozesu horretan lehenengo pausoa informazioa biltzea izan zen, eta hortik aurrera kronograma bat egin zen epeak markatzeko. «Hasieran moskeo kanpaina egin zen, aurpegi bat jarriz keinu batekin, eta gero buzoi guztietan banatu zen, Zu bai etxeako modukoa! Herriako modukoa ere bai! Denon artean biharko Baliarrain marraztuz leloarekin», esan du Ozaitak. Lehen txostena osatzeko aurretik egindako lanketa erabili zen eta gero alkatearekin, arkitektoarekin eta udaleko langilearekin elkarrizketak izan zituen. Ondoren hasi zen etxez etxe joan eta jasotako informazioa banatzen, eta, bide batez, hurrengo hitzordu bat jarri etxe bakoitzekoekin, galdetegi bat eginez iritzia jasotzeko. «Jendea parte hartzen hastea eta plan orokorraren inguruan hausnartzen hastea zen fase horren helburua», dio Ozaitak.

Bigarren fasea herri batzarra izan zen. «Azkenean zuk iritzi batzuk izan ditzakezu baina gero horiek partekatzen dituzunean beste batzuekin moldatu egin daitezke, edo beste gauza batzuk ikusten dituzu aurretik ikusten ez zituenak», esan du Ozaitak. 34 pertsona elkartu ziren, eta dinamika berezi bat diseinatu zen, lau talde txiki eginez, jendearen parte hartzea areagotzeko.

Beste hiru urte, plana gauzatzeko
Aurrera begira, plan orokorrari dagokionez, jasotako iritziak abiapuntu bezala hartuko ditu arkitektoak. «Hemendik aurrera hiru bat urte gutxienez behar dira plan orokorra aurrera eramateko», zehaztu du Dorronsorok. «Urtero diru laguntza bat lortu behar dugu hau aurrera ateratzeko. Bestalde, talde bat sortu behar da jende ezberdinekin, eta agian berriro ere beharko da dinamizatzaile bat, lan asko eskatzen duelako».

Dorronsorok 19 urte daramatza udalean eta «urte askoren esperientziak hilabete hauetan izan den parte hartze prozesuaren alderdi onak eta txarrak ikustarazten dizkizu». Lehen jendearekin biltzea errazagoa zela gaur egun baino dio: «Elkarrekin gehiago egoten ginen, bai elkartean edo tabernan».

Horrela, prozesu honetan jendearen iritzia jasotzeko etxez etxe joan behar izan dela azaldu du, eta ondorioz emaitza «oso onak» atera direla. «Alde horretatik lan hau ona izaten ari da. Hori bai, niri gustatuko litzaidake, borondatezkoa izatea, etxez etxe joan behar ez izatea jendearen parte hartzea izateko. Eta hori bultzatzen joan behar dugu, hau da, herriari denbora gehiago dedikatu ahal izatea». Dorronsorok gaineratu duenez, «askoz errazagoa da udal batek funtzionatzea herritarren babesa baduzu. Denentzako da hobea, bai herria antolatzeko eta baita lana egiteko ere».

Hurrengo legealdia gainean dagoela dio alkateak, eta udalerako talde bat osatzea «ezinbestekoa» dela. «Hori lehendabizi, eta bestalde, talde bat osatu behar da udalekoekin eta udalean ez daudenekin. Badaude taldeak, guraso elkartea, elkartekoa, festetako batzordea... Horien ordezkari bat bertan izatea ona izango zen».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!