Jon Maiaren hitzaldi batekin hasiko da asteburu kulturala

Imanol Garcia Landa 2014ko aza. 20a, 10:51

Igandean erretirodunen eguna izango da, eta babarrun jatea egingo da Harkaitz elkartean

Urtero moduan, iritsi da Baliarraingo asteburu kulturalaren garaia. Gaur emango diote hasiera Jon Maiaren Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldiarekin. Egun nagusiena igandean izango da. Erretirodunen eguna ospatuko dute, eta babarrun jatean elkartuko dira bai erretirodunak eta baita hala nahi duten herritarrek ere.

Martzelino Dorronsoro Baliarraingo alkateak azaldu duenez, «betidanik egiten da babarrun jatea herri guztiarentzako, eta pentsatu dugu erretirodunen eguna ere batera ospatzea, bakoitza bere aldetik izan beharrean». Beraz, asteburu kulturalean egiten den babarrun jateari batu diote erretirodunei eskaintzen zaien eguna. Horrelako ekitaldiak garrantzitsuak direla dio Dorronsorok: «Denak batera elkartzeko izugarrizko aukera da, bai zaharrak eta bai gazteak. Beraz, urteko saio garrantzitsuetako bat izaten da»

Hamaiketakoarekin hasiko dute eguna, ondoren meza izango da eta gero babarrun jatea Harkaitz elkartean. Erretirodunen bazkaria udalak ordainduko du eta izena udaletxean bertan eman behar dute. Beste herritarrek txartelak erosteko aukera izan dute Zartagi taberna-jatetxean.

Egitarauaren barruan, biharko bideo emanaldia antolatu dute eta larunbatean haurren txanda izango da, zirko tailerra izango baita. «Herrikoez aparte, noski, beste herrietakoak ere gonbidatuta daude ekitaldietara etortzera», azaldu du Dorronsorok.

Egitaraua

Azaroak 20, osteguna

19:30. Jon Maiaren eskutik Desde Extremadura al bertsolarismo hitzaldia, udal lokaletako areto nagusian.

Azaroak 21, ostirala

19:30. Bideo emanaldia, udal lokaletako areto nagusian.

Azaroak 22, larunbata

17:00. Adin guztietako haurrentzat zirko tailerra, erabilera anitzeko gelan.

Azaroak 23, igandea

11:30. Erretirodunentzako hamaiketakoa izango da Zartagi jatetxean.

12:30. Meza nagusia.

14:00. Babarrun jate bazkaria Harkaitz elkartean.

· Egun guztietan, herriko haurrek udako ludotekan egindako margo erakusketa egongo da, udal lokaletako sarreran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!