Sagarrak biltzen hodien bidez

Imanol Garcia Landa 2014ko urr. 30a, 10:05
Joxe Antonio Dorronsoro, inburutik sagarrak botatzen, hodietatik jaisteko.

Baliarraingo Abali-Barrena baserrian sagarrak biltzeko sistema berri bat jarri dute martxan aurten: hodiak aldapan behera jarri eta horietatik sagarrak botaz. Lan asko aurreztu dutela diote, eta hurrengo bilketan garbi dute sistema errepikatuko dutela.

Sagastiak dituzten eskualdeko baserrietan bukatu dute edo bukatzear daude sagar bilketarekin. Lan nekeza izaten da, eta senideen edota ingurukoen laguntza eskatzen da auzolanean bilketa egiteko. Lan hori errazteko aurtengo bilketarako sistema berri bat jarri dute martxan Baliarraingo Abali-Barrena baserrian. Maldan behera dute sagastia, eta hodi batzuk jarriz, sagarrak aldapan behera bideratu dituzte, gero zuzenean ontzi handi batzuetara botatzeko. Ontziak kamioira igo eta zuzenean sagardotegira.

Joxe Antonio Dorronsorok azaldu duenez, «Lurdes arrebari bururatu zitzaion ideia. Orain bi urte aritu ginenean, orduan sagar asko bildu genuen, eta zakuak bete eta ekarri, traktorea kargatu eta gero kamioia... lan handia izan genuen. Lurdes arrebak esan zuen lan hori sagarrak hodi batetik botaz eta gero zuzenean kamioi gainera kargatuz egin beharko genuela».

Horri bueltak ematen hasi ziren, nola moldatuko ote ziren hori egiteko, eta pixkana ideia forma hartzen joan zen. 120 metroko aldapa dute, eta bilduta zituzten hodi batzuk erabili dituzte bilketa sistemarako. Bidoi batzuk egokitu dituzte inburu moduan eta horiek lotu dituzte hodietara. Moldatutako bidoi horietatik bota dituzte sagarrak eta hodien bitartez lursailaren behe parteraino iritsiz. Han ontzi handi batzuk jarri dituzte, gero kamioiak erraz igotzen dituenak bere edukia husteko.

Aurten proba egin dute lehenengo aldiz eta «sekulako arrakasta» izan dela dio Dorronsorok: «Ikaragarri arindu da lana, hirutatik bi lan gutxiago egin dugu». Abali-Barrenan ere familiakoak biltzen dira bilketarako, eta horiek ere eskertu dute bilketa sistema berria. Inguruko baserrietakoek ere esan diete Abali-Barrenakoei «asmakizun ederra» osatu dutela. Sagarrondoak mantentzeak urte guztiko lana eskatzen duela dio Dorronsorok: «Ez da orain udazkenean uzta jasotzea bakarrik. Urte guztian egin behar da lana, gero uzta ona jasotzeko».

Gero eta barietate gehiago, hobe

Aurtengo uzta «ona» izan dela dio Dorronsorok: «Arbola batzuk asko kargatuta egon dira, beste batzuk gutxiago, baina orokorrean ona izan da». Sagarrondoekin gertatu ohi denez, Abali-Barrena baserriko lurretan ere uzta bi urtez behin izaten da. «Ez bada tratamendu oso berezia ematen, eta uzta negualdera, berandu, jasotzen zaionez, hurrengo urtean ez du behar hainbeste indar izaten. Hemen, behintzat, horrela izan da beti, bi urtez behin jasotzen da». Hamazazpi mila kilo bildu dituzte, 150 sagarrondotik.

Errezil sagarra, kaminburu, geza mina, goikoetxea, sagar ale handia, urtebia,... dituzte sagastian, eta denek balio dute sagardorako. Hain justu, sagardoa egiteko barietate handia izatea komeni dela dio Dorronsorok: «Gero eta barietate gehiago, hobea izaten da. Mota bakarrarekin egiten bada, ez da hain ondo ateratzen. Mota askotakoak erabiliz gero, gustu gehiago izaten du sagardoak».

Lehortea izaten bada alea txikiago hazten da, baina aurten hori ez da gertatu, alea ondo hasi da: «Beti bustiak lagundu egiten dio». Hori bai, bi aldiz egin du kazkabarra eta hori oso txarra dela esan du Dorronsorik: «Horrek dena izorratu dezake. Beti egoten gara eguraldiari begira».

Lehen sagardoa egiten zuten baserrian, baina azken urteetan uzta guztia saltzen dute, Legorretako sagardotegira, hain justu. Hilabete gutxira ikusiko da aurtengo sagardoa nolakoa izango den. Abali-Barrena baserrian seguru dute, behintzat, hemendik aurrera nola bilduko dituzten sagarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!