Baliarraindarren txanda

Ataria 2014ko maiatzaren 15a

TOLOSALDEKO ATARIA Baliarrainen dago, 13:00ak arte egingo dugu saioa bertatik. ATARIA irrati ibiltariak Amezketatik Baliarrainerako bidea egingo du, eta bertako herritarrek izango dute mikrofonoen aurretik pasa eta herriaz edo herrian egiten dutenaz hitz egiteko aukera.

Amezketako herriak esku zabalik hartu zuen ATARIA irratia. Lehenik eta behin, Pello Zabalak izan zuen Amezketaz dituen oroitzapenez eta eguraldiaz hitz egiteko aukera. Jarraian, Iñaki Amundarain herriko alkateak hitz egin zuen egiten ari diren lanaz. Alkateak bukatzerako, fin-fin agertu ziren Zumadi eskolako ikasleak ere. Mailaz maila, abestiak, ipuinak, txisteak, gertaerak, iritzi artikuluak,... denetarik eskaini zuten.

Eskolako ikasle askok Fernando Amezketarra izan zuten hizketa gai, eta hauek erreleboa Yolanda Gorostidi zinegotziari eta Joxe Mari Otermin herritarrari pasa zioten Fernandoren urteaz gehiago sakontzeko. Bixente Gorostidi bertsolariak hiru bertso botatzeko aukera izan zuen, Imanol Artola kolaboratzaileak bere Benito Lertxundiren gaineko tesiaz hitz egin zuen. Maite Gurrutxaga ilustratzaileak Amezketa sorkuntzarako leku paregabea dela adierazi zuen. Xalton Zabala pilota eskolaz aritu zen, eta Joxean Tolosa pilotari ohia eta Ekaitz Saralegi pilotaria gaurko eta lehengo pilotaz eta pilotariez. Jokin Artolak eta Iker Karrerak, besteak beste, mendiaz hitz egin zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!