Herriko bazkaririk jendetsuena

Asier Imaz 2014ko api. 25a, 12:35
Txekor jatea egingo dute maiatzaren lehenean Baliarrainen, eta oraindik tiketak erosteko aukera dago.

Baliarrainen egun berezia izaten da maiatzaren lehena. Herri bazkaria egiten dute; txekor jatea. 15 urtetik gorako ohitura da, eta 180 pertsona inguru elkartzen dira mahaiaren bueltan. Gehienak herritarrak dira, baina bazkaldarren artean izaten dira kanpotik ohiturarekin bat egin dutenak ere. Bertara joan nahi duenak oraindik badu aukera, txartelak salgai jarraitzen baitute herriko tabernan, 25 euroren truke. Goizean zehar, azken urteetan bezala, loreak erosteko aukera izango da.

Menua txorixo egosiak zabaltzen du. Ondoren, noski, txekorra jaten dute entsaladaz lagundurik. Pastelak, kafea, kopak... amaieran iristen dira.

Protagonista txekorra da, eta hau prestatzen bezperan hasten dira herritarrak. Iluntze partean afaria egiten dute, txandak antolatzeko. Gau guztian zehar, beraz, txandaka ibiltzen dira baliarraindarrak; txekorra zaintzen.

Auzolanean antolatzen dute bazkaria. Gizonek txekorra erre eta bazkaria zerbitzatzen dute. Emakumeak ere bezperan hasten dira lanean, entsaladekin eta abar. Garbiketa, denek batera egiten dute.

Bazkaria, herrian gimnasio bat egiteko asmoz hasi ziren antolatzen. Behin helburua lortuta, jai batzordeak kudeatzen du bazkarian bildutakoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!