Herritarren %82 plan orokorra egitearen alde agertu da Baliarrainen

asierimaz 2014ko api. 9a, 10:24
Udalak herriko etxe guztietan banatu du galdetegia; %91,8ak erantzun du

Baliarraingo herritarrek plan orokorra egiteari baiezkoa esan diote. Udalak etxez-etxe galdetu zuen plan orokorra idazteko lanetan hasi behar ote zen edo ez, eta %82ak baiezkoa esan du. Parte hartzea, aldiz, %91,8koa izan dela azaldu dute udaletik.

Baliarrainen egun ezin da ezer eraiki, aurreko plan orokorra agortuta baitago. Behar horri erantzuteko jarri zuen udalak herri galdeketa. Martzelino Dorronsoro alkatearen esanetan, herritarren babesik izan ezean, udalak nahiago zuen geldirik egotea. Galdeketak babes hori eman dio udalari, eta orain, udalbatzaren bilkuran onartuko da prozesuarekin hastea. Ondoren, arkitektoarekin akordio batera iritsi beharko dute, eta hori lortzean, udalak berriro herritarrengana joko du. «Arkitektoaren txostena eskuetan dugunean, taldeka antolatuko ditugu herritarrak, zer nolako Baliarrain nahi duten erabakitzeko», gogoratu du Dorronsorok. Prozesua luze joango dela esan du alkateak, baina plan orokorraren iraupena 10 urtekoa denez, ezinbestekoa dela nabarmendu du.

Egun 32 haur daude herrian, eta hauek herrian gelditzeko aukera izatea nahiko luke Martzelino Dorronsorok. Eta hori, baliarraindar guztien lana dela dio, denen artean etorkizuneko Baliarrain eraiki dezaten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!