Herri txikiko ile apaindegi handia

Asier Imaz 2014ko ots. 13a, 06:36
Baliarraingo herritarrek zerbitzu berri bat daukate herrian; hasiera batean, asteazkenetan eta ostiraletan dago zabalik, baina eskarien arabera egokituko dute eskaintza

Rufina Oiarbide, Larraitz Alonso eta Martzelino Dorronsoro Baliarraingo Maiur ile apaindegian topatu ziren iragan ostiralean. 90 urteko bezeroa, lanpostu berria duen gaztea, eta herriko alkatea.
«Bakerik ez zuen ematen, eta zaintzaileak ekarri nau», esan du azkar Rufinak ispiluari begira. Burua ile-lehorgailuaren barruan dauka, baina begiek lokal berriko angulo guztiak ederki kontrolatzen dituzte. Larraitzek goxo-goxo hitz egiten dio, eta baliarraindarrak «gustura» dagoela erantzun dio. «Duela 20 urte inguru emakume bat etortzen zen, Alegiatik, baina orduz geroz hemen ez da ile apaindegirik egon». Eta azken urte hauetan, nora joaten zinen, Tolosara? «Ordizira, azokara hara joaten baikinen». Azken aldian, baserrian dabil erabat Rufina, herrira jaisteko betarik hartu gabe. Lehen Martzelino Dorronsororen etxera oinez nola joaten zen gogoratzen du. Azken urteetan herri gunea asko aldatu da, eta hor, oraindik agertu ez den alkatearen izena aipatzen du berriro: «Lan handia egin du Martzelinok. Denbora asko pasa du. Medikuaren gela ikusia neukan, baina hau ez, oso polita da. Hau gustatzen zait gehiena». Larraitz Alonso ez dago geldirik, eta bezero berri bati harrera egiten dio, oraingoa, Ikaztegietatik etorri da. Atzetik, alkatea sartzen da Maiur ile apaindegian. Rufinari «Hara!» batek ihes egiten dio ispilutik alkatea ikustean. Bien arteko hizketaldia Larraitzek osatzen du: «Pixka bat moztu eta kolorea ematen ari gara, ezta Rufina?».
Duela hiru aste inguru zabaldu zuten Baliarrainen ileapaindegia. Hasiera batean, asteazkenetan eta ostiraletan dago zabalik, baina eskariaren arabera, aurrera begira egun gehiagotan ireki nahiko luke Larraitzek. «Jendeak eskatzen duenaren arabera gabiltza, eta printzipioz, arratsaldetan zabaltzen dugu, baina ordutegia erabat malgua da. Beharra duenaren etxera joateko ere ez daukagu inongo arazorik». Hitzordua jartzea da gakoa, beraz (606 61 56 79). Ile apaintzaile gaztea oso gustura dago orain artemo martxarekin: «Lehen astetik jendearen erantzuna oso ona izaten ari da». Hamarkadetan ez da zerbitzu hori egon herrian, eta bezeroek zer dioten galdetuta, Larraitzek gustura hartu dutela dio. Lehen Tolosara edo Ordizira joan behar izaten zuten, eta orain baliarraindarrek eta ingurukoek aukera hau dute herrian bertan. Ile apaintzaileak dioen bezala, ingurukoentzat ere aukera ederra da, autoarekin non utzi borrokan ibili beharrik gabe, Baliarreinen horretarako ez baitago arazorik. Eta hori, eskertu egiten da. Herri txiki bateko ile apaindegia berezia dela dio Larraitzek, eta gustura dago bera ere, herritarrengandik asko ikasten ari dela aipatuz. 1983. urtean jaio zen Ikaztegietan Larraitz Alonso. Gazteek lana bilatzeko ez daukate erraza, eta alboan duenari eskerrak emateko probesten du aukera, udalaren laguntza ezinbestekoa izan baita ile apaindegiaren irekieran; «horrelako laguntzarik gabe, gazteok ezinezkoa dugu zerbitzu berri bat eskaintzen hastea».
Martzelino gustura dago. Loreak alde batetik eta bestetik. Ez zuen espero Rufinarekin topo egitea, eta horrek egindako lanari bere balioa eransten dio. «Ni alkate izan aurretik, Alegian bizi baina bertakoa zen emakume bat etortzen zen hona, ilea moztera. Pentsa, 25 urte inguruko gauzetaz ari gara hizketan. Duela urtebete inguru, balio anitzeko gelak bukatu genituen. Gure asmo garbia, gela horietako batzuk lanpostuak sortzeko erabiltzea zen».
Ile apaindegiaren ideia hortik sortu zitzaiela dio Dorronsorok. Eusko Jaurlaritzak Erein programaren bidez diru laguntza batzuk atera zituen, eta Baliarrainek horietatik tiratzea erabaki zuen. Ile apaindegia zabaldu dute, eta oraindik, beste bi lokal gelditzen dira helburu berarekin. Tolosaldea Garatzenen eskaintza jarririk dagoela dio alkateak. Itxarotea gelditzen zaie, beraz.
Azken herritarrei ahalik eta zerbitzu gehien eskaintzeko ahaleginetan dabilela dio alkateak. Mediku gela, haur eskola, elkartea… eta orain, Maiur. Ile apaindegia zentzu horretan, lau ertz dituen guraiza da: mugitzeko zailtasunak dituzten herritarrak; Baliarrainen goraka doan haur populazioa; gainontzeko herritarrak, eta ingurukoak hartzen ditu kontuan. Zabaldu aurretik baliarraindarrek ongi ikusten zuten zerbitzua, eta ireki ondoren, bide berean jarraitzen dute iritziek: «Herritik ez dute mugitu behar, eta oso gustura daude», dio alkateak. Une honetan ile apaindegia udalak kudeatzen du, eta pertsona bati lanerako aukera eman zaio. Urtebetera, esperientziaren balantzea egingo dute, eta ordura bitarte, «ea nola joaten den».
Lehen egunen isla iragan ostirala izango balitz, alde guztien irribarrea azpimarratu beharko litzateke. Rufina, Larraitz eta Martzelino udaletxe atze aldean dagoen Maiur ile apaindegian. Topagunean, eta hirurak proiektu baten bueltan, bakoitza bere ekarpena eginaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!