Segundo Montes komunitatearen alde korri egingo dute

Tolosaldeko Ataria

Asteasun, abenduaren 27an, igandearekin egingo dute lasterketa 11:00etatik aurrera. Izen emateak egunean bertan egin beharko dira.

Urteak dira Aiztondoko beste herriekin batera Asteasu senidetuta dagoela El Salvadorreko Segundo Montes komunitatearekin. Azkeneko 11 urtetan Kros Solidarioa antolatu dute herrian, eta aurtengo data aurreratu dute: abenduaren 27an izango da, 11:00etatik aurrera.

Egunean bertan egin beharko dira izen emateak, 10:30etik 11:15era arte. Helduek zortzi euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek, berriz, bi euro.

11:00etan 2017tik aurrera jaiotakoek parte hartuko dute, eta 500 metro egin beharko dituzte korrika. Ondoren, 11:15ean, 2013 eta 2016 urteen artean jaiotakoak aterako dira eta bi kilometro egin beharko dituzte. 11:20ean itzuli solidarioa egingo da, eta amaitzeko, kadeteak, jubenilak eta seniorrak aterako dira; kadeteek, 2011 eta 2012 urteetan jaiotakoek lau kilometro egin beharko dituzte, eta gainerakoek, aldiz, sei kilometro.

Asteasuko Udalak herritarrak animatu ditu helburu solidarioa duen krosean parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!