Lan-baldintzak lantokian erabakitzeko aldarrikapena eraman dute Zamudiora

Tolosaldeko Ataria

Zamudion Omterra marka berria aurkeztu du gaur multinazionalak, eta ekitaldia aprobetxatu dute Asteasuko langileek protesta egiteko. Bost aste daramatzate greban.

Joan den urriaren 19tik greba mugagabean daude Asteasuko Siemens Gamesako langileak. Hitzarmen propioaren alde eta enpresak inposatu nahi dien akordio-markoaren aurka ari dira. Zamudion multinazionalak Omterra marka berria aurkeztu du gaur eta Asteasuko langileak han izan dira euren eskakizunak egiten. Bi autobus bete dituzte eta 80 pertsona inguru izan dira Zamudion.

Orain arte bertako plantan egin izan dituzte lan-baldintzen negoziazioak, baina orain zuzendaritzak aukera hori kendu nahi du eta estatu mailako lantoki guztietarako akordio marko bakarra ezarri. Langileen ustez, erabaki horren helburua argia da: Asteasuko langileen erabakimena ezabatzea eta bertako lan baldintzak kaskartzea.

Gaur, Zamudion Omterra aurkeztu den eguna ez dute kasualitatez aukeratu langileek protesta egiteko. Salatu dute bertako enpresen erabakimena urteen poderioz galtzen joan dela. «Pixkanaka Gamesa indarra galtzen joan da konpainiaren barruan, eta gaur da eguna Euskal Herriko enpresa historiko bat, urte askotan funtzionatu izan duena desagertzera doana», esan du Eneko Sorarrain Asteasuko langileen ordezkariak.

Beraiei eragiten dieten puntuetan negoziatzeko eta erabakitzeko autonomia izaten jarraitu nahi dute langileek, eta eskatzen dute Gipuzkoako hitzarmenaren erreferentzialtasuna mantentzea. Bide batez, iragarri dute ez dutela onartuko ultraaktibitate- egoeran dagoen hitzarmeneko puntu bakar bat ere okertzea. «Determinazio handiarekin jarraitzen dugu borrokan hitzarmen propio bat lortu arte», aipatu du Sorarrainek. 180 langile aritzen dira Siemens Gamesaren Asteasuko plantan eta denek egin dute bat greba mugagabearekin.

Gaur, Zamudion, egoeraren arduradun den heinean, gatazka desblokeatzeko urratsak eman ditzala eskatu diote enpresari.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!