Urriaren 30etik azaroaren 1era Mallorca by UTMB mendi lasterketak jokatu ziren. Bost proba izan ziren: Serra de Tramuntana (138,8 km eta 5.533 m+), Camins de Pedra en Sec (104,3 km eta 3.898 m+), Els Tres Mils (56 km eta 2.538 m+) Camins de s'Arxiduc (26,6 km eta 954 m+) eta Guiem Secen oroimenezkoa (7 km eta 154 m+).
Bada, Camins de Pedra en Sec proban, Euskal Mushing taldeko Urko Arizeta asteasuarra hirugarren postuan heldu zen helmugara; 10 ordu, 6 minutu eta 17 segundoko denbora egin zuen. Asteasuarraren batez besteko erritmoa 10,3 kilometro ordukoa izan zen. Beskidy Trail taldeko Marcel Fabian poloniarra izan zen garailea, 9.33.46ko denbora eginda. Bigarren postuan, berriz, Dynafit taldeko Morten Antonsen norvegiarra sailkatu zen (9.39.37).
Sailkapenari dagokionez, atzetik aurrera egin zuen Arizetak. 14. kilometroko mugarritik zazpigarren postuan igaro zen; 25. kilometrokoan bosgarren postuan zen, eta postua mantendu zuen 52. kilometrora arte. Orduan, erritmoa mantendu eta lasterkari gehiago aurreratu zituen. 60. kilometroko mugarritik laugarren postuan igaro zen, eta handik hamar kilometrora podiumeko azken postuan zegoen. Handik helmugara arte hirugarren postuan mantendu zen asteasuarra.