Gaur goizean, Asteasuko lantegitik 40 autok osatutako karabana abiatu da Donostiako Adegiren egoitzara. Han, Gipuzkoako enpresarien elkarteari eskatu diote Siemens Gamesako zuzendaritzari Asteasuko lantegiarekiko duen jarrera eta jardunbidea zuzentzeko eska diezaion.
Gipuzkoako enpresen ordezkari eta Gipuzkoako hitzarmen kolektiboaren sinatzaile den aldetik, Asteasuko langileek uste dute Adegik baduela zeresana.
Izan ere, duela aste batzuk jakin zituen Asteasuko langile batzordeak enpresako zuzendaritzaren asmoak: lantegi bakoitzeko negoziazio esparrua albo batera uztea eta estatu mailako negoziazio esparrua ezartzea. «Inposiziotzat» dute langileek asmo hori, eta Adegiri adierazi diote horrek arriskuan jarriko lukeela Asteasuko lantegian Gipuzkoako Industria Siderometalurgikoko Hitzarmen Kolektiboa aplikatzea.
Hitzarmen kolektibo horren sinatzaile denez, Adegiri gogorarazi diote gai horretan erantzukizuna duela.
Joan den urriaren 14az geroztik greba mugagabean daude langileak, planto egitea erabaki baitute. «Gipuzkoako eta euskal industriaren motorretako bat den enpresa garrantzitsu batean, 180 langileok eta gure familiek etorkizuna kezkaz eta ziurgabetasunez bizi dugu», adierazi dute Asteasuko langile batzordeko ordezkariek.
Langileek esan dute lanean jarraitzeko eta erabakiak Asteasun bertan har daitezen borrokan jarraituko dutela. Adegik ere norabide horretan urratsak egitea espero dute.
Kezka langileen artean
Echesa familia-enpresa zena, Gamesa euskal enpresak erosi zuen, eta aire-sorgailuen industriaren parte bihurtu zen duela urte batzuk. Geroago, Siemens alemaniar multinazionalarekin bat egin zuen, eta Siemens Gamesa sortu zuten. Azkenik, OPA baten ondoren, Siemens Energyk hartu zuen lantegiaren jabetza osoa.
«Enpresaren euskal erroak guztiz urtu egin dira, eta erabaki-guneak gero eta urrunago kokatu dira gure lurraldetik», esan dute langileen ordezkariek. «Siemens alemaniarraren etorreratik jaso ditugun kolpeak ugariak izan dira: azken bi urteetan pairatu dugun ERTE lazgarriari, salmenta-eskasia gehitu behar zaio; baita enpresak guk egiten ditugun osagaiak Europatik kanpo ekoizteko hartutako erabakia ere».
Datozen hilabeteetarako aurreikuspenak ere ez dira onak, langileen iritziz. «Plantilla gero eta txikiagoa eta zaharragoa den bitartean, nekea eta etsipena nagusitzen joan dira». Dena den, negoziazio esparru propioa aldarrikatzeko eta beren eskubideak defendatzeko ekin diote greba mugagabeari. Lantegiko langileen gehiengoak bat egin du grebarekin.