Elkarrekin marraztuko dute herriko kultur bizitza

Kultur etxe berria abiapuntu hartuta, eragileen arteko harremanak sendotu eta eskaintza hobetzeko prozesuaren bigarren saioa egingo dute gaur.

Kultur ekintzetan oparoa da Asteasu. Horrela ondorioztatu zuten joan den urriaren 20an, Herria eta kultura denon ardura izeneko parte hartze prozesuaren lehen saioan. Gaur egingo dute bigarrena, 18:30ean, udaletxeko ikus-entzunezko gelan, eta hausnarketa urrats bat harago eramango dute: Non egon nahiko genuke? galderari erantzungo diote, eta herrian kultur ekitaldiak antolatzen dituzten elkarteen etorkizuna irudikatzen saiatuko dira. Gaur egun antolatzen diren ekitaldiak nola hobetu ere aztertuko dute.

Ez da Asteasun parte hartze prozesu bat egiten duten lehen aldia. Kultur etxe berria eraiki aurretik ere, haren beharra aztertzeko eta herritarren iritziak biltzeko, beste hiru saio egin zituzten 2024an. Oraingo honetan, Larraitz Alkorta alkateak azaldu duenez, herriko kultur dinamikari begiratu nahi izan diote, eraikina edukiz nola bete erabakitzeko. «Herriko sortzaileok, kultur zaleok eta kultur kontsumitzaileok etorkizunera begira zer nahi dugun hausnartzeko jarri dugu martxan egitasmoa», esan du alkateak.

Prozesua abiatu aurretik, herritarrei galdetegi bat bidali zieten, lehen diagnostikoa egiteko. Besteak beste, kultur ekitaldietara joaten ote diren, horiek nola baloratzen dituzten eta haien inguruan zer iritzi duten galdetu zieten. Asteasun kultur ekitaldi nahikoa antolatzen diren edo gehiago nahi ote dituzten ere jaso zuten galdetegian.

Inkestaren emaitzak aztertuta, urriaren 20ko saioa egin zuten, eta hitzordua herriko kultur mapa osatzeko baliatu zuten. Panel batean irudikatuta ikusi zuten parte-hartzaileek zenbat ekitaldi egiten diren urtean zehar herrian. Agenda aberatsa dutela ikusi zuten; abuztuan ez ezik, gainerako hilabete guztietan ere izaten direla kultur ekitaldiak. «Ikusgarria izan zen panel batean idatzita ikustea zenbat gauza antolatzen diren», esan du alkateak.

Ekitaldi horietako asko kultur sailak bultzatzen ditu, baina beste asko herriko eragileek antolatzen dituzte. Garai batean, Ebia eta Xirimiri kultur taldeek koordinatzen zituzten ekitaldi horietako asko. Azkenaldian, ordea, eragile bakoitza bere aldetik dabil. Parte-hartze prozesuaren lehen saioan egoera hori agerian geratu zela esan du Iban Urdapilleta kultur teknikariak: «Beren taldeetan antolatuta daude, baina ez daukate elkarren arteko harremanik. Ia denek gabezia berberak dituzte, gainera: errelebo falta, lanean aritzeko jende falta eta, batzuetan, espazio falta ere bai... Hausnarketa prozesuaren helburuetako bat hori ere bada: elkarrekin aritzeko dinamikak sustatzea».

Alkortak dio amaitzear den kultur etxe berriak eragileen arteko harremanak estutzen lagunduko duela, baina horrekin batera, kultur dinamika emankorra sortzeko kulturgintza kohesionatu baten beharrean egin du azpimarra. «Ideala izango litzateke herriko kultur talde guztiak batzorde batean, lan-mahai batean edo gune batean biltzea, eta bertatik ekitaldi guztiak bideratzea». Besteak beste, gaurko saioan gai horri buruz hausnartuko dutela aurreratu du alkateak.

Lehen saioan parte hartu zutenen jarrera ikusita, udal ordezkariak ziur daude datozen bi saioetan ere ekarpen esanguratsuak jasoko dituztela. «Orain arte inoiz gerturatu ez den jendea etorri zen lehen saiora, eta askotariko profilak zeuden: emakumeak, baserritarrak, kirolariak, helduak eta gazteak.. Pozik gaude erantzunarekin.». Kultur teknikariak ere ekarpenak egiteko eta proposamenak egiteko gogotsu ikusi zituen parte-hartzaileak.

Aurreko saioetan bezala, oraingo honetan ere Emun enpresako kideak ari dira prozesua dinamizatzen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza jaso du udalak egitasmoa gauzatzeko.

Espazio berria

Asteasuko kulturgintzarentzat bilgune izango da kultur etxe berria, edo udal ordezkariek hala nahi dute behintzat. Azaroaren 17an egingo duten azken saioan, kultur dinamika horiek eraikin berrian nola lur hartuko duten pentsatuko dute. Elkarren arteko harremanak sustatzeko, kulturaz gozatzeko eta sormena bultzatzeko gunea izango da eta aterpe horretan bildu nahi lituzkete kultur eragile guztiak.

Sinergiak baliatzeaz gain, zerbitzu guztiak eraikin bakarrean biltzeak udal eraikinen mantentze-lanak bideragarriagoak egiten ere lagunduko du. Alkortak urteko sasoi batzuetan izaten den espazio falta ere aipatu du: «Udaletxeko ikus-entzunezko gelan egiten ditugu ekitaldi batzuk, eta baliatu izan ditugu baita Muskerraren Bideko harrera gunea edo kiroldegia ere».

Herriko hainbat zerbitzu emateko erabiltzen dituzten beste eraikin batzuk, berriz, zaharkituta geratu dira azken urteotan; hala nola Lizardi etxea eta Elizmendiko eskola zaharreko lokalak. Lehenengoan Gaztelekua dago, eta bigarrenean Ludoteka. Kultur etxe berria amaitutakoan, zerbitzu guztiak bertara lekualdatuko dituzte.

Gaur egungo kultur etxeko zerbitzuak ere eraikin berrira eramango dituzte. Liburutegia, ikasgela eta hainbat ikastaro emateko gelak dituzte Kale Nagusiaren hasieran dagoen kultur etxe zaharrean. Zerbitzu horiek eskaintzeko espazio zabalagoak eta egokiagoak izango dituzte Kabela Berri orubean eraikitzen ari diren kultur etxe berrian.

Obrak aurreratuta daude. Martxoan amaitzekoak ziren lanak, baina datorren hilean jasoko dituzte eraikin berriaren giltzak. Alkortak esan du eraikina kanpotik amaituta dagoen arren, barruko espazioak atondu beharko dituztela lehenik; ondoren egingo dute inaugurazio ekitaldia.

Bien bitartean, herritarren ekarpenak jasotzeko gogoz daude. Gaurko edo azaroaren 17ko saioetara joaterik ez dutenek ere ekarpenak egiteko aukera izango dutela nabarmendu dute. Horretarako, nahikoa izango da kultur etxera gerturatzea. Zabalik izaten da astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:00etara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!