Asteasuko langileen aldarrikapenak kontuan hartzeko eskatu du udalak

Greba mugagabean daude Asteasuko langileak, eta Amasa-Villabonako udalbatzak babes osoa adierazi die hitzarmen duin baten aldeko borrokan.

Siemens Gamesa enpresako Asteasuko lantegiko langileak greba mugagabean daude azken asteotan, eta hainbat mobilizazio egin dituzte beren lan baldintzak defendatzeko; azkena astearte honetan bertan burutu dute, enpresak Zamudion dituen instalazioetan. Testuinguru horretan, Amasa-Villabonako udalbatzak erakunde-adierazpena onartu du enpresako arduradunei eskatzeko langileen aldarrikapenak kontuan har ditzatela eta hitzarmen duin bat adostu dezatela. Udalak ziurtatu du adierazpen hori Asteasuko langileen ordezkariei zein enpresak estatu mailan dituen arduradun nagusiei helaraziko diela.

Adierazpenaren bidez, udalak bat egin du erabat langileen eskaerekin. Besteak beste, estatalizazioarekin amaitzea eta Asteasun lan eginez lan-baldintzak bertan negoziatzeko eskubidea bermatzea eskatu dute. Izan ere, langileek urte hasieratik berritu gabe duten lan-hitzarmena duintzea aldarrikatzen dute.

Honenbestez, Villabonako Udalak elkartasuna eta babes osoa helarazi die langileei, eta euren eskaera bidezkoak aintzat hartzeko eskatu die Siemens Gamesako arduradunei. Horrekin batera, enpresako zuzendaritzari dei egin dio langileekin benetako elkarrizketa bideak ireki ditzan eta hitzarmen berri bat negoziatu dezan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!