ELKARRIZKETA

«Ni ez naiz salmentagatik hasi, erakusteagatik baizik»

Josu Artutxa Dorronsoro

Migel Mari Izagirre Asteasuko eskulangilea. J.A.D.

Migel Mari Izagirre Asteasuko herri langile ohia artisau lanean aritzen da gaur egun, eta azokaz azoka erakusten ditu Andatzarrate auzoko baserrian egiten dituen tresnak eta miniaturak. Etzi, Itziarko ferian izango da.

Duela zazpi urte hartu zuen erretiroa Asteasuko Udalean Migel Mari Izagirre Iturbek (Asteasu, 1954); herriko langilea izan zen 27 urtez. Hala ere, oraindik eskulanean jarraitzen du, eta ez dauka uzteko asmorik. Gaur egun, artisau lanean aritzen da, etxeko tresnak nahiz apaingarri modura erabiltzeko miniaturak egiten, gero azoketan erakusteko, eta norbaitek nahi izanez gero, saltzeko. Herriari laguntzeko gogoa izan du beti, eta orain, ondare bat bizirik mantentzeko ahaleginean ari da.

Igeltseroa, arotza, iturgina, elektrikaria, ingeniaria... zer zara?

Ingeniaria ez, ezta gutxiagorik ere! Baserritarra naiz, eta oraindik ere horretan aritzen gara lanean. 55-60 abelburu ditugu. Bestela, astia dudanean, eskulanean aritzen naiz. Bizitzan zehar ikasi dut, gogoa izanez gero, lanak berak erakusten dizula zer eta nola egin. Hori egin dut beti.

Noiz hasi zinen artisau eskulanak egiten eta zergatik?

Urtero, irailean, Azoka Berezia izaten da Asteasun, eta erretiroa hartu nuen urtean, Pili Legarra orduko alkatearen bidez azokan parte hartzeko gonbita jaso nuen, segak pikatzen edo beste zerbaitetan aritzeko. Udalari laguntzeko edozer egiteko prest nengoela esan nion, eta azkenean, laguntzaile batekin parte hartu nuen.

Bigarren urterako pentsatu nuen baserrian artoa txikitzeko nuen makina eraman nezakeela azokara, baita etxeko tresna gehiago ere. Gauza gutxirekin hasi ginen lehen urteetan. Gerora, baserriko zenbait erreminta, adibidez, goldeak, hara emateko handiegiak zirela eta, apaingarri modura erabiltzeko miniaturak egiten hastea erabaki nuen. Azken urteetan, zenbait eskulan gehitu dizkiot bildumari, eta une honetan, tresnaz eta eskulanez goraino beteta izaten dut postua. Pentsa, Asteasun hamar mahai bete nituen, eta zenbait gauza lurrean nituen; beranduago, Markinako azokan izan ginen, eta han hamaika mahai bete nituen.

Nolako produktuak egiten dituzu, eta zertarako izan daitezke?

Batez ere, garai batean baserrietan erabiltzen ziren lanerako tresnak eta horietako zenbaiten miniaturak egiten ditut: aizkorak, segak, sardeak, uztarriak, askotariko gurdiak, sukalde ekonomikoa…

Geroz eta produktu gehiago egiten dituzu, baina gero erraza al da horiek saltzea?

Ni ez naiz salmentengatik hasi honetan, erakusteagatik baizik. Asteasun hasi nintzen, eta gerora, azoka gehiagotara joateko aukera suertatu zait. Erosleek pentsatu dezakete produktu hauek egitea erraza dela, baina zenbait kostu ditu, material eta eskulan aldetik. Gero, gainera, prezioa esanez gero, ikaratu egin daitezke. Askotan, neronek ere ez dut jakiten zenbait produkturi zer prezio jarri.

Duela hiru bat urte, Asteasuko azokan, erosle bat etorri zitzaidan, golde bat erosi nahi zuela, eta ea zenbat balio zuen. Hiru bat aldiz hurbildu zen postura prezioagatik galdezka, baina nik behin eta berriz esan nion ez zegoela salgai. Itziarren beste erosle batek ere golde jakin bat behar zuela esan zidan, eta nik ezetz, ez niola emango. Azkenean, horrenbesteko ilusioa egingo ziola jakinda, hurrengo asteetan berri bat egitea erabaki nuen, eta hura saldu nion.

Aurten, Asteasuko azokan izan baino lehen, Hernanin egon nintzen. Eta han, bikote batek sukalde ekonomiko bat egingo ote nion galdetu zidan. Nik baiezkoa eman nien, eta kontaktua eman zidaten. Orain, denbora behar dut hori egiteko.

Argi dago tresna batzuekiko maitasun berezia duzula. Zein helbururekin egiten dituzu?

Nire helburua da jendeari egiten dudan lana erakustea. Gure gurasoen belaunaldikoek lana nola egiten zuten erakustea eta tradizioa bizirik mantentzea da helburua. Bakarren bat etxean jartzeko kapritxo baten eske hurbilduz gero, datuak hartzen dizkiot, eta denborarekin egiten diot. Iaz, Itziarren, mutrikuar batek esan zidan astoari ilea mozteko makina nahi zuela. Egin nion, eta aurrerago, beste azoka batean eman nion eskura.

Egurra asko lantzen duzu. Zure eskulanek badute lan-karga handiko garairik? Eta nola izaten da miniatura bat egiteko prozesua?

Ezer baino lehen, beti egin izan dut marrazki edo plano bat paperean, neurriak ondo kalkulatzeko. Bestela, oso zaila da. Gero, haren arabera hasten naiz egurra eta gainerako materialak lantzen. Adibidez, uztarri bat egiteko egur dezente behar da. Lehen, normalean, pagoaren egurrarekin egiten zen, eta uretan eduki behar izaten zen, ez pitzatzeko. Urkiaren egurrarekin ere egiten zuten bakarren bat. Nik orain, denboraz justu ibiltzen naizenez, une batetik bestera egiteko, elondoaren egurra erabiltzen dut. Material ona da, baina asko ordaindu behar da.

Azokaz azoka aritzen zara, ezta?

Lehena Asteasun egin ondoren, Itziarren egon nintzen. Orduan, lehen aldiz deitu zidaten Bizkaitik, Elorriora joateko. Ezetz esan nien, urruti zegoela, eta ez zuela merezi. Geroztik, Berriatuan, Aian, Bolibarren, Hernanin eta Markinan egon izan naiz. Horietako batzuetan errepikatu izan dut urtero. Etzi, azaroaren 1ean, Itziarko azokan egongo naiz, eta hilaren 15ean Arroa Behean (Zestoa)..

Bizkaia aldean ibili izan zara hala ere, ezta?

Bai, eta oso gustura, gainera. Bizkaian, azokak ez dituzte udalek antolatzen, eskualde edo elkarteek baizik. Markinan, esaterako, Lea-Artibai eskualdeko 12 alkate hurbildu ziren postura, eta nik egiten nuen lana harrigarria zela esan zidaten. Horrelako esanek sekulako poza ematen dute, eta ez dira diruarekin ordaintzen.

Jardun gogorra da azokaz azoka aritzea?

Bai. Gertuko herri batean egokitzen zaigunean, errazagoa da dena. Bizkaira joateko, ordea, 05:45ean ateratzen naiz baserritik. Atoia erabat beteta eramaten dut, eta hori betetzeko denbora behar izaten dut. Gero, azokan bertan postua prestatu egin behar izaten dut; produktu bakoitzari bere izena jartzen diot, sailkatuta edukitzen ditut, eta horrek ere denbora eskatzen du. Guztira, 138 produktu ditut, baina zenbait produktutan mota bat baino gehiago izaten ditut. Zenbait alditan, ordu pila bat igarotzen ditugu azokan, eta iluntzean itzultzen gara etxera.

«Guztira, 138 produktu ditut, baina zenbait produktutan mota bat baino gehiago izaten ditut»

Hala ere, ez naiz bakarrik joaten azoketara; sei laguntzaile izaten ditut. Horietatik lau etxekoak dira, eta bi kanpotik etortzen direnak. Horrenbeste mahai edukita, ezinbestekoa da laguntza. Niri, gainera, gustatzen zait erosleari gertutasuna transmititzea, eta duen beharrari erantzutea. Nahi duena gerturatu dadila lasai postura, eta ikusteaz gain, ukitu dezala nahi duen guztia.

Zer-nolako harrera izaten duzu azoketan eta zer esaten dizute erosleek?

Oraingoz, harrera oso ona izaten ari naiz. Jendeak nire lana gustuko duela jakitea ezinbestekoa da barrena asetzeko. Asko pozten nau, batez ere, gazteak galdetzera hurbiltzeak. Askotan, inoiz ikusi ez dituzten tresnei buruzko azalpenak eskatzen dizkidate; zertarako balio duten jakin nahi izaten dute. Iaz, Itziarren, 50 urte inguruko bikote arabar bat etengabe ari zen argazkiak egiten artoa aletzeko makinari; galderak ere egin zizkidaten. Ordu erdi edo gehiago egon ginen hizketan. Azalpenak eman nizkien, eta azkenean haiek halako makina bat egin behar zutela esan zidaten, eta neurriak eskatu zizkidaten.

Horrelako egoerek asetzen zaituzte?

Bai, noski! Adinekoak etortzen zaizkidanean eta baserriko tresneria mantentzeko egiten dudan lana nabarmentzen dutenean, sekulako poza sentitzen dut.

«Baserriko tresneria mantentzeko egiten dudan lana nabarmentzen didatenean, poza sentitzen dut»

Betidanik gustatu izan zaizkizu eskulanak? Nondik datorkizu zaletasuna?

Baserrian beti aritzen nintzen gurasoekin askotariko lanak egiten. Behinola, neroni pasatu nintzen baserriaren eta bertako lanaren jabe izatera. Udaletxean zenbait urtez zinegotzi izan nintzen, eta halako batean, herri langile izateko eskaera jaso nuen. Beti gustuko izan ditut eskulanak eta marrazketa. Txikitan, urte gutxi egin nituen Andazarraten zegoen eskolan, sei urte inguru, baina gogoan dut oso gustuko nuela marrazkiak egitea. Garai hartan, Azpeitiko Loiola Herri Irratiak marrazki lehiaketa egiten zuen; hilero marrazki bana saritzen zuen, eta nik bizpahiru aldiz irabazi nuen saria.

Eta zer behar da eskulanetan ondo aritzeko? Zein da ezaugarri garrantzitsuena?

Ezinbestekoa da gogo onez lan egitea, eta ahalik eta txukunen egiten saiatzea. Baina, hori ez da eskulanetarako bakarrik; edozein ofiziotarako balio du. Gustura joan behar zara lanera, gustura sentitu behar zara, lana aurrera ondo ateratzeko. Gogoz kontra arituz gero, ez zaizu ondo aterako, eta beti egongo zara beldurrez, nola aterako zait edo ez zait galdezka.

Duela zazpi urte hartu zenuen erretiroa Asteasuko udal langile modura, 27 urtez herriarentzat lanean aritu ondoren. Gustura aritu zinen?

Oso gustura jardun naiz herrian lanean. Beti izan dut harreman oso ona alkateekin, konfiantzazkoa, eta herritar guztiekin beti izan dut tratu ona, gertukoa. Beti saiatzen nintzen herriaren alde ahalik eta txukunen lan egiten, besteak beste, eskolan. Zerbait eskatzen zidatenean, ikaragarri gustura aritzen nintzen lanean, bertako haur eta gaztetxoek gozatu zezaten. Egurrezko txirristak, balkoiak, eszenatoki bat eta haurrentzako zenbait jolas egin nituen. Ikaragarri asetzen ninduen. Erronka bat izaten zen niretzat, eta gero guraso eta eskolako langileengandik esker mezuak jasotzea izaten zen saririk politena.

Herriak egindako lana aitortu zizun, omenaldi batekin. Ekitaldi hartan zure artea eta izaera nabarmendu zituzten. Sentitzen duzu herriari ekarpena egin zeniola?

Nik lagundu besterik ez nuen egin. Herriarekiko zor bat nuela sentitzen nuen lan bat egiten nuen bakoitzean, eta oraindik ere hala sentitzen dut, herriak eman dizkidan aukera guztiengatik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!