Euskal Herriko negozazio esparrua defendatuko dute Asteasuko Siemens Gamesan

Tolosaldeko Ataria

Siemens Gamesako langileek ohartarazi dute estatu mailako akordio bakarrak bertako ordezkarien eskumenak eta langileen aldarrikapenak mugatu ditzakeela.

Asteasuko Siemens Gameseko langileek borrokari ekin diote, bertako negoziazio-esparruak bizirik mantentzeko eta lan-baldintzak Euskal Herrian negoziatzen jarrai daitezen.

Duela hilabete batzuk, Siemens Gamesak Espainiako estatuko langileen lan-baldintzak arautzeko akordio-marko bat negoziatzeko mahaia osatu zuen. Negoziazio-mahai horretan, CCOOk, UGTk eta ELAk dute ordezkaritza. LAB sindikatuaren ustez, enpresaren asmoa egungo negoziazio-esparruak desagerraraztea da. Estatu mailako eredu bakarra ezartzeko arriskuaz ohartarazi du sindikatu abertzaleak: «Erabaki horrek langileen negoziazio-gaitasuna eta erabakitzeko ahalmena mugatuko lituzke, bertako langileek aukeratutako ordezkarien eskumenak ahulduz eta langileen aldarrikapenak baldintzatzeko arriskua ekarriz».

LABen esanetan, Euskal Herriko errealitate sozial eta sindikalak aukera ematen du bertako beharrei erantzuteko eta langileen lan-baldintzak hobetzeko. Espainia mailako negoziazio-esparru bakarrak, berriz, bigarren mailan utziko lituzke bertako langileen eskakizunak, eta haien aldarrikapenak baldintzatzea ekarriko luke.

«Ezinbestekoa da lan-baldintzak Euskal Herrian negoziatzen jarraitzea, bertako langileek aukeratutako ordezkarien bidez eta beren behar eta ezaugarriak kontuan hartuta». LABek dio negoziazio-esparru propioak mantentzea funtsezkoa dela langileen parte-hartzea, ordezkaritza sindikala eta lan-baldintzak hobetzeko gaitasuna bermatzeko.

Testuinguru horretan, borroka abiatu dute Asteasuko Siemens Gamesako langileek, baita Mungiako plantakoek ere. «Lan-baldintzak hemen negoziatu eta hemen erabaki nahi ditugu, Euskal Herriko langileen errealitatetik abiatuta», esan dute bertako langileen ordezkariek. «Bertako negoziazio-esparruak defendatzea langileen eskubideak eta lan- zein bizi-baldintzak hobetzeko gaitasuna defendatzea da».

Norabide horretan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua sortzeko baldintzak indartzen jarraituko duela esan du LABek. «Esparru hori ezinbesteko tresna da Euskal Herrian lan egiten dugunon erabakitzeko eskubidea bermatzeko eta gure lan- eta bizi-baldintzak hobetzeko».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!