Euskaltzain emeritu bilakatu da Atxaga

Tolosaldeko Ataria

Euskaltzaindiak 2027ko urtarrilean aukeratuko du haren ordezkoa.

Bernardo Atxaga euskaltzain osoak 75 urte bete zituen uztailaren 27an, eta, ondorioz, emeritu bilakatu da. Hala agintzen dute Euskaltzaindiaren barne-arauek. Orain, Atxagaren ordezkoa aukeratzeko epea ireki da. Euskaltzain osoek urrian eta azaroan aurkeztu ditzakete Atxagaren lekua betetzeko proposamenak, eta 2027ko urtarrileko osoko bilkuran egingo da hautaketa. Jakina denez, euskaltzain oso izateko proposamena hiru euskaltzain osok izenpetu behar dute. Proposamenaz batera, hautagaiaren merezimenduak aipatu behar dira xeheki.

Gogoratu behar da euskaltzain emerituek euskaltzain osoen eskubide guztiak gordetzen dituztela, baina ez dute erakunde-arduraren betebeharrik. Emerituek osoko bilkuretan nahiz batzordeetakoetan parte hartzeko eskubidea dute, ahots eta botoarekin. Era berean, erakundearen karguetarako hautagai eta hautesle izan daitezke, baina ahala ezin diote inori eman.

Euskaltzain oso 2006tik

Asteasun jaioa 1951n, bere benetako izena Jose Irazu da. Aipagarri dira bere liburuen artean, Ziutateaz (1976), Bi anai (1985), Obabakoak (1988), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Gizona bere bakardadean (1993), Zeru horiek (1995), Soinujolearen semea (2003), Zazpi etxe Frantzian (2009), Nevadako egunak (2013), Etxeak eta hilobiak (2019) eta Kilker bat autopistan (2020). Poesiaren arloan, 1978an argitaratutako Etiopia izan zen bere lehen liburua, eta Italiako Cesare Pavese saria irabazi zuen Dall´altra parte della frontiera poema bildumarekin (2003).

Lau film egin dira bere liburuekin: Obaba (Montxo Armendariz, 2005), Zeru horiek (Aizpea Goenaga, 2006), Bi anai (Imanol Rayo, 2011) eta Soinujolearen semea (Fernando Bernues, 2018). Antzerkiaren arloan, Calixto Bieitok Obabakoak taularatu zuen 2017an, eta Arriaga Antzokian estreinatu.

Espainiako Letren Sari Nazionala jaso zuen 2019an bere obra osoagatik, eta Liber saria 2021ean. Hogeita hamabost hizkuntzatan irakur daiteke bere obra. Euskaltzain osoa da 2006. urteaz geroztik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!