Asteasun ere izan da zer ikusi

Leyre Carrasco

Azokaz harago, giroa eta animazioak ez du hutsik egin aurtengoan Asteasun, eta ohi moduan, lehiaketak ere antolatu dituzte.

Bidania-Goiatzen eta Alegian ez ezik, Asteasun ere izan da zer ikusi gaur. Hain zuzen, goizean, ganadu, artisau eta elikagai Azoka Berezia egin dute. Guztira, 60 postuk osatuko dute merkatua, eta horietatik hamar herritarrenak izan dira. Ohi moduan, eskaintza zabala izan da aurtengoan; askotariko elikagaiak, denetariko artisautza produktuak, eta bigarren eskuko artikuluak izan dira, besteak beste.

Aipatutako eskaintzatik harago, Azoka Solidarioa postua jarri dute herriko gazteek, eta irabazten dutena El Salbadorrera bidaliko dute, Asteasurekin senidetutako herrira.

Giroa eta animazioak ez du hutsik egin goiz osoan zehar, eta hainbat jarduera izan dira; ferratze lanak, gaztagintza eta forja erakustaldiak egin dituzte, eta lanbideak ez ezik, Ibargaiko zelaian 150 animalia burutik gora ikusteko aukera egon da, horien artean, behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak, besteak beste.

Lehiaketak

Ohi moduan, lehiaketak ere antolatu dituzte, eta aurten lau izan dituzte. Agerre behekoa baserrikoek egin dute aurtengo arroz esne onena, eta gehien pisatzen zuen kalabaza izan da Otarbardi baserrikoa, 35 kilorekin. Aurten, berrikuntza moduan, tomate sorta onena ere saritu dute eta hori izan da Masustategiberri baserrikoa.

Asto erakustaldiarekin batera egin dute asto ederren epaia ere. Lehen saileko, 12 eta 30 hilabete bitarteko irabazlea Maria Jesus Galagarra errezildarraren Kattalin astoa izan da, eta bigarren postua, Unai Orbegozo asteasuarraren Ariane astoak eraman du. Bigarren saileko, 30 hilabetetik gorako (astamak) irabazlea, berriz, Eneko Sein hernialdearraren Mirari astoa izan da, eta bigarren postua, Gema Arratibel amasarraren Bea astoak eraman du.

Erlazionatuak

Azoka herriz herri

Leyre Carrasco ira 27, 17:23 Tolosaldea

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!